}

Jacques Boucher de Perthes: Historiaurrearen aurkikuntza

2023/12/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

jacques-boucher-de-perthes-historiaurrearen-aurkik
Arg. Manu Ortega Santos

1859an, Frantziako iparraldera, Abbevillera, joan ziren Joseph Prestwich eta John Evans negozio-gizon britainiarrak. Ardo-merkataritza eta papergintza zituzten ofizio, hurrenez hurren, baina geologiarekiko pasioak elkartu zituen; batez ere, gerora arkeologia gisa ezagutuko zen arloak. Arlo horretan garaiko aditu handienetakoak izan ziren Evans eta Prestwich. 

Abbevillera, Jackes Boucher de Perthes bisitatzera joan ziren, azken urteetan hark egindako aurkikuntzak eta plazaratzen ari zen hipotesiak hautsak harrotzen ari baitziren. Hainbat harri topatu zituen, gizakiak eginak omen zirenak, eta gizakia Biblian oinarritutako kalkuluek ziotena baino askoz lehenagokoa zela erakusten omen zutenak. Ordura arte, inor gutxik hartu zituen aintzat ideia haiek.

Familia aristokrata batean jaio zen Boucher de Perthes. Ikasketetarako inolako gogorik eta asmorik ez zuela ikusita, 14 urte zituela, Aduanazaintza Zerbitzuan sartu zuen aitak. Italian aritu zen sei urtez, eta Frantziara itzuli zen gero. Baina ordurako oso garbi zuen zer egingo zuen etorkizunean: ezkondu, eta poeta eta antzerki-idazle famatua izango zen. Ez zen inoiz ezkonduko, ordea, eta literaturan ere ez zuen inolako arrakastarik izan. 

Gizon xelebrea zen; altua, kirolean trebea, egunero igeri egiten zuen ibaian (oso ohitura arraroa garai hartan). Ura baino ez zuen edaten, berdin-berdin zitzaion zer jan, eta ohean bezain ongi egiten omen zuen lo lurrean. Ederren familia bateko ederrenatzat zuen bere burua.  Abegikorra, atsegina, eta eskuzabala zen. Edonorekin hitz egiten zuen adeitsuki, baita pertsonarik xaloenekin eta ezjakinenekin ere.

Guztira 49 liburu argitaratu zituen, eta askotariko gaiei buruz idatzi zuen; adibidez, merkataritza askearen abantailez, gobernu-administrazioen erreformaz, pobreen bizi-baldintzak hobetzeko neurriez, eta emakumeen eskubide-berdintasunaren alde. Eta eskolak finantzatu zituen, pobreen hezkuntza sustatzeko.

1825ean aitaren postua hartu zuen Abbevillen, aduanako buru. Garaitsu hartan piztu zitzaion arkeologiarako pasioa. Eta eragin handia izan zuen horretan hirira etorri zen mediku berriak: Casimir Picard doktoreak. Lagun handiak izan ziren, eta hark sartu zion gizakiaren antzinatasunaren gaiarekiko jakinmina eta grina; obsesio bihurtzeraino sartu ere. Izan ere, ordurako, zenbait ikertzaile hasiak ziren hainbat arrasto aurkitzen, eta iradokitzen gizakia Bibliak zioena baino askoz lehenagokoa zatekeela. John Frere izan zen haietako bat; Britainia Handiaren hegoaldean gizakiak landutako hainbat harrizko pieza aurkitu zituen.

Boucher de Perthesek berak 1838an aurkitu zituen lehenengo suharrizko piezak, Abbevillen bertan. Eta hurrengo urteetan harrizko tresna gehiago aurkitu zituen, desagertutako ugaztun handien hezurrekin batera. Orduan, sutsuki ekin zion tresna haiek uholde-­aurreko gizakiek eginak zirela defendatzeari. Antiquités celtiques et antédiluviennes liburuan jaso zituen aurkikuntza eta ideia haiek.

Arg. Manu Ortega Santos

Picard adiskidearen laguntza izan bazuen, akaso, gehiago hartuko zuten aintzat; baina 1841ean hil zen hura, pneumoniak jota. Eta Picardek ez bezala, zorroztasun zientifiko gutxirekin egiten zuen lan Boucher de Perthesek. Piezak ere, aurkitu ez zituen berak aurkitzen; harrobiko langileei erosten zizkien. Eta haiek, benetako piezekin batera, berek egindako asko sartzen zizkioten. Gainera, Boucher de Perthesen interpretazioek asko zuten irudimenetik eta erromantikotik. Esaterako, aurpegibikoak, tresna gisa beharrean, objektu sinboliko gisa interpretatu zituen, eta tresnek zituzten koska batzuk inskripzioak zirela uste izan zuen. Akats eta hutsune metodologiko handiak zituen Boucher de Perthesen lanak. 

Horrek guztiak ez zion lagundu hain ideia apurtzaileak zabaltzen. Azken finean, guztiz onartua zegoen, James Ussher apezpikuak kalkulatu bezala, gizakiak 6.000 urte baino ez zituela. 

Frantziako zientzialari ia guztiak aurka izan zituen, kritika gogorrak egin zizkioten eta mespretxatu egin zuten. Zientzia Akademiarentzat Boucher de Perthesek aurkitutakoak harri soilak baino ez ziren. Ez zeuden burokrata xelebre haren burutapenei kasu egiteko. Darwinek berak ere esan zuen Boucher de Perthesen liburua “zaborra” zela.

Baina, Prestwich eta Evansen bisitarekin, gauzak aldatzen hasi ziren. Boucher de Perthesen bilduma ezagutzeaz gain, aukera izan zuten Saint Acheul-eko harrobian aurpegibiko bat in situ ikusteko eta argazkia ateratzeko ere. Bi aditu ingelesek arrazoia eman zioten Boucher de Perthesi: harri haiek gizakiak landutakoak ziren, eta, iraungitako ugaztunen fosilekin batera zeudenez, haien garai berekoak ziren; 6.000 urte baino askoz ere zaharragoak. Gauza bera egin zuten, ondoren, Abbevillen izan ziren beste aditu batzuek ere, tartean Charles Lyell geologo entzutetsuak. Eta orduantxe hasi ziren Frantziako kideak ere Boucher de Perthesen lana onartzen. 
Gainera, suharrizko gero eta pieza eta fosil gehiago ari ziren aurkitzen. 1863an etorriko zen Boucher de Perthesen lana guztiz berrets zezakeen aurkikuntza: harrizko tresna batzuekin batera, giza baraila bat aurkitu zuen Moulin-Quignon-en, Abbervilletik gertu. Uholde Handiaren aurreko gizaki batena izan behar zuen. Huraxe zen Boucher de Perthesek amesten zuen aurkikuntza handia.  

Berehala argitu zen, ordea, iruzurra izan zela, harrobiko langile batek egina, giza fosilak aurkitzen zituenarentzat jarritako saria jasotzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia