Jantzien neurriak, zeruan bezala lurrean ere
2019/03/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehen aldiz espazio irekira emakumezkoz soilik osatutako lantaldea bidaltzeko asmoan atzera egin du NASAk. Bi emakumek egin behar zuten misio hori, martxoaren 29an: Christina Koch eta Anne McClain NASAko astronautek. Alabaina, plana aldatzera behartuta daudela adierazi berri du NASAk ohar bidez, eta Nick Haguek ordezkatuko du Anne McClain. Arrazoia: ez dute jantzi egokirik bi emakumerentzat.
Martxoaren 22an, Anne McClainek eta Nick Haguek arrakastaz egin zuten beste irteera bat Nazioarteko Espazio Estaziotik (ISS), bateria batzuk aldatzeko. Irteera hartan, McClainek ikusi zuen neurri ertaineko jantzia zela egokia beretzat, baina Kochek ere neurri bera du, eta ISSan neurri horretako jantzi bakarra dago.
Horrenbestez, oraindik ez dugu ezagutu soilik emakumez osatutako lehen lantaldea espazio irekian, kontrakoa iragarri zuten arren.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia