}

Japonia: jatorrizko produktuak XXI. menderako

1999/12/12 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Mendea bukatzeko urtebete falta den arren, ikerkuntza- eta garapen-gaietan lan egin dutenak XXI. mendea prestatzen ari dira. XX. mendeko lehen hamarkadetan Europak eta Europako zientzialariek eraman zuten garapenaren lema, eurak izan ziren aurrerapenaren gidari. Gerora, gidaritza estatubatuarren eskugeratu zen. Azken hamarkadetan, berriz, Japonia izan da liderra. Orain badirudi japoniarren gidaritza eta grina apurka-apurka itzaldu egin dela. Irudikapena besterik ez da, japoniarrak datorren mendea ustekabez betetzeko lanean ari baitira.

Uste baduzu Japoniak berrikuntzak aurkezteko trebetasuna galdu duela, oker zaude. Egia da gaur egungo Japoniako ekonomia ez dela duela urte batzuetakoa eta arazo ugari sortu direla baina, hala ere, Japoniako ikerketa eta garapeneko zentroak ez daude geldirik. Moteldu den herrialdearen irudi hori Japoniaren berrikuntza-estrategiaren parte da. Azkenaldian Japonian ez da produktu berri gehiegi atera, baina kontuan hartu behar da Japoniako berrikuntza-estrategia gaur egun gehienbat produkzio-lerroetan islatzen dela. Estrategia horren arabera, gaurtik eta 2010. urtera arte merkaturatuko diren produktuek, japoniarren produktuek, elikagaiak prestatzeko erabiltzen diren sistemak, telebista ikusteko moduak, Interneten erabilera, sendagileei kontsulta egiteko era… eta eguneroko ohiturazko beste hainbat jarrera aldaraziko dituzte.

Datorrenaren laginetariko bat duela gutxi Mitsubishik atera duen kolore artifizialeko erretina izan daiteke. Erretina hori duten argazki-kamerek argazkilariei irudien gaineko kontrol handiagoa emango die. Adibidez, baloiari ostikoa ematen ari den futbolariaren argazkia, soilik baloia ager dadin kameran bertan trukatu ahal izango da. Hitachi etxeak ere badu bere produktu berria, pakete berean 256 megabyteko bi txip biltzeko sistema. Horri esker, ordenagailu pertsonalen, zerbitzarien eta abarren memoria eta ahalmena handiagoa izango da. Era berean, Tohoku institutuak eskuartean duen proiektua aipa daiteke, ibiltzeko eguzkiaren energiaz baliatuko den trena.

Japoniak ikerkuntzarekiko duen ikuspegia ulertzeko, ezinbestekoa da Japoniako Etorkizuneko Teknologiaren Institutua —Iftech— duela 28 urte sortutako zentroa ezagutzea. Toki horretan 50 lagunek egiten dute lan. Inkestak egiten dituzte, industriako sektore eta enpresa guztiei teknologia arloan mundu osoan gertatzen diren aurrerapenen berri emateko. Lau urtetik behin inkesta zabalagoa egiten du Iftech-ek enpresaburuen, zientzialarien, injineruen eta abarren artean. Inkestaren helburua? Laborategietako lanek emaitzak noiz izango dituzten ezartzea eta produktu berriak noiz sortuko diren jakitea. Elektronika, informazioa, garraioa, osasuna, ongizatea… inkesta horren baitan sartzen dira. Ongizatea, adibidez, garrantzia handia hartzen ari da, elektronikaren kontsumoan gero eta garrantzi handiagoa baitauka Japonian. Gaur egun Japoniako 44 milioi familietako heren batean, gutxienez bada 65 urtetik gorako norbait; eta erdia inguruan adineko jendea da nagusi. Japoniako ikerketa eta garapeneko departamentuetan gero eta handiagoa den merkatu horri begira ari dira lanean. Merkatu berezi horri begira sortu diren produktuen adibideak asko izan daitezke. Esate baterako, Tokyoko Unibertsitatean hanketako erreflexuak galduta dituzten gidariendako auto elektrikoa diseinatu dute, Kappo izenekoa —"azkar ibili" japonieraz—. Auto horren azerelagailua zein balaztak eskuekin erabiltzen dira. Hori bezala, adinekoei laguntza ematen dieten errobotak gero eta ugariagoak dira. R 100 errobotak, adibidez, 100 esaldiko datu-basearekin, elkarrizketa laburtxoak ere egin ditzake. Eguraldiaren iragarpena egin, hitz egin, larrialdietara dei dezaketen errobot-katuak, errobot-txakurrak, … aisialdi-errobotak hitz batean errealitate dira Japonian, eta ekonomikoki arrakastatsuak. Esate baterako, ekainean Sony etxeak Aibo errobot-txakurra merkaturatu zuen. Errobot-txakur horrek hitz egiten zuen, agurtu, eta pilotekin jolasteko gai zen. 20 minututan 3.000 horrelako saldu ziren. Aisialdi-errobot horiek denbora gutxi barru izango direnen isla besterik ez dira; hau da, etxeko lanak egiteko gai izango diren zerbitzari elektronikoak.

Egiten diren inkestei esker, Japoniako industriak badaki adinekoen merkatuari begira bezala, gazteen merkatuari begira ere lan egin behar duela. Etorkizuneko bizitza nolakoa izango den jakiteko modurik onena Tokioko Matsushita Ikerketa eta Garapen Zentroa bisitatzea da. Datorren mendeko etxe konputarizatua ikus daiteke han, etxeko zerbitzarian oinarrituta. Etxeko zerbitzari horrek, aisialdia eta etxetresna elektrikoen lanak antolatzeaz gain, etxean bizi direnen agenda eramango du, osasun-historiala, diru-kontuak…. Jakina, etxetresna elektronikoak ere ez dira gaur egungoak bezalakoak izango: hozkailua ireki gabe barruan zer dagoen jakin ahal izango da, zenbat dagoen, nahikoa den, gehiago erostea komeni den erabaki, eta supermerkatura eskaria egin. Labeak janaria nola prestatu azalduko du, tenperaturaren kontrola eramango du, janaria zein puntutan dagoen azaldu…. Komuna ez da komun arrunta izango, eseri eta pisua emango du, grasa/pisua erlazioa nolakoa den adierazi, gorputzaren tenperatura aztertu, tentsioa hartu, txiza analizatu ahal izango du… eta guztia, Japonian diotenez, 2003. urterako. Bitxikeria gehiago ere aipa daitezke, bideo-kontsulta egitea ahalbidetuko duen botikina, bideo-telefono mugikorrak, poxpoluen zabalera duten faxak, betaurrekoak bezalaxe jarri ahal izango diren pantaila lauko telebista mugikorrak…. Fikziozko produktuak dirudite, baina errealitatetik hurbilago daude, bost urte barru salgai izango direla esaten ari baitira.

Beraz, Japoniatik dator iraultza teknologiko berria ere. Asiako inguru haietan sormena ez dela zeharo itzali, alegia.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia