}
Txema Pitarke Elhuyarreko lehendakaria

"Jarraitu behar dugu orain artekoa egiten, baina egokituz egoerak eskatzen eta eskaintzen dituen beharretara"

2013/05/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elkarrizketa hasi orduko, bera zientzialaria dela esan du Txema Pitarkek, Elhuyarreko lehendakari berriak. Esan gabe ere, nanoGUNEn duen bulegoari begiratuta, erraz antzematen zaio ikerketan dabilela: formulaz betetako arbela, paper-mendiak mahaiaren gainean... Dena dela, elkarrizketa egiteko eseri garen mahaiak orri gutxi batzuk baino ez ditu. Gutxi, baina, gerora jakingo dugun bezala, ez dira hutsalak. Inondik inora ere, han ez dago ezer sobran, ez paperik, ez hitzik.
jarraitu-behar-dugu-orain-artekoa-egiten-baina-ego
Arg. © Jon Urbe/ARGAZKI PRESS
Lehenik eta behin, zorionak! Nola hartu duzu Elhuyarreko lehendakari izatea?

Eskerrik asko! Egia esan, nire bokazioa eta jarduera nagusia beti izan da ikerketa zientifikoa. Hau da, ni zientzialaria naiz. Baina baita euskaltzalea ere, eta, alde horretatik, beti egin dut ahalegina zientziaren nazioartekotasuna euskararen sustapenarekin uztartzeko. Eta hori bat dator Elhuyarren xedearekin ["Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu"].

Bestalde, azken urteetan, lotura ere izan dut Elhuyarrekin, eta benetan uste dut proiektu aitzindaria dela, erro sendoak dituena, eta iparra galdu ez duena. Proiektu horretan sinestu izan dut eta sinesten dut; beraz, lehendakaritza hartzeko eskaintza egin zidatenean, onartu beste aukerarik ez nuen izan, eta pozik hartu nuen.

Esan duzu lehendik datorrela Elhuyarrekiko duzun lotura, ezta?

Bai, ez da izan oso lotura estua, baina zenbait artikulu idatzi ditut Elhuyar aldizkarirako, bai, baita hasierako Elhuyar hartarako ere. Azken urteetan, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa n parte hartu dut, Teknopolis en eta Norteko Ferrokarrilla n izan naiz, CAF-Elhuyar sariketaren epaimahaiko kide izan naiz... Proiektua hurbiletik ezagutu dut.

Eta etorkizunera begira, nola ikusten duzu Elhuyar?

Elhuyarrek 40 urte hauetan egin duena ikaragarria izan da, eta zientziaren komunikazio espezializatua eta euskara uztartzeko beharrezkoak ziren euskarriak jarri ditu. Euskararen garapenean ekarpen handia egin du, eta eredu da Euskal Herrian, eta Euskal Herritik kanpo ere, beste hizkuntza batzuentzat eredugarri izan daiteke.

Horixe da orain arte egindakoa. Orain gauzak aldatu egin dira: gizartea guztiz aldatu da, euskararen egoera bera ere aldatu da... Orduan, hausnarketa egiteko ordua heldu da, eta, zorionez, Elhuyarrek egin du bere hausnarketa, eta aro berria hasi dugu.

Dena dela, aro berria hasteak ez du esan nahi gauza desberdinak egin behar direnik. Esan nahi du jarraitu behar dugula orain arte egindakoa egiten, baina beste modu batera, egokituz egoera berriak eskatzen eta eskaintzen dituen beharretara. Eta gauza berriak ere egingo ditugu. Hala, Elhuyar berrantolatu egin da; orain taldea dugu, eta bertan lau unitate [zientzia, hizkuntza eta teknologia, aholkularitza, eta komunikazioa], lanean jarraitzeko, gaurko beharretara egokituta.

Askotan egiten didaten galdera bat egingo dizut: zergatik komunikatu zientzia eta teknologia, euskaraz?
Arg. © Jon Urbe/ARGAZKI PRESS

Euskararen normalizazioaren zati delako. Pixka bat gehiago esango dizut orain, baina erantzun laburra horixe da. Euskara normalizatua eta bizia izango bada, ezinbestekoa da euskarazko komunikazio espezializatua egotea, arlo guztietan.

Oso galdera arrunta da, eta egokia da horretan hausnarketa egitea. Ikerketa-lanak nola argitaratu behar ditugu? Ingelesez, nazioarteko aldizkari espezializatuetan, herrialde guztietan egiten duten bezala. Ingelesez egingo dugu nazioarteko kongresuetan ere, eta nazioarteko lankideekin ingelesez eztabaidatuko dugu.

Baina, euskaldunon artean, gai espezializatuak izanda ere, gauza izan behar dugu euskaraz eztabaidatzeko. Eta horretarako euskarriak behar dira. Bestela, ingelesa edo beste hizkuntza bat erabili beharko genuke gai espezializatuei buruz eztabaidatzeko euskaldunon artean. Hortaz, euskarriak behar ditugu, eta horiek lortzen dira noizbait zerbait euskaraz adierazten dugunean.

Hasieran artikulu espezializatuak euskaraz ere argitaratzen genituen, Elhuyar aldizkarian. Nik badaukat artikulu espezializatu bat garai hartako Elhuyar aldizkarian, euskaraz. Baina gaur egun ez dago aldizkari hori, eta ez dut uste izan behar dugunik. Aldiz, tesiak euskaraz idaztea oso egokia da, idaztean gogoeta egiten delako, eta horrek euskarazko komunikazio espezializatuaren normalizazioari laguntzen diolako. Izan ere, idatzita dagoena erreferentzia da. Gogoeta euskaraz eginda zuzenean idazten badugu, itzuli gabe, hobeto.

Euskara bizia izango bada, beharrezkoa da. Eta zergatik ez sortu zientzia berria euskaraz? Zientzia ez da ingelesez bakarrik sortzen; beste hizkuntza batzuetan ere sor daiteke, baita euskaraz ere. NanoGUNEko hizkuntza nagusia ingelesa da, ahoz nahiz idatziz. Izan ere, 22 herrialde desberdinetako ikerlariak ditugu. Baina euskaldunon artean euskaraz hitz egiten dugu, normaltasun osoz, baita gai espezializatuak aztertzen ditugunean ere. Neurri horretan, Elhuyarrek ekarpena egin dio euskararen normalizazioari. Gainera, gero zientziaren dibulgazioa dator; kate osoa da.

NanoGUNE aipatu duzu. Zein da zure lana ikerketa-zentroan?

Ikerketa-talde esperimentalak zuzentzea da nire ardura nagusia. Baina nik ikerketa ere egiten dut. Ni ikertzaile teorikoa naiz, eta betitik interesatu izan zait materiako elektroien jokabidea. Oso arazo konplexua da: elektroi asko dira, eta, fisikan, zehatz aska daitekeen problema bakarra bi gorputzen problema da; hiru gorputz jarriz gero, akabo, hori ez dago askatzerik. Materian hainbat elektroi ditugu, eta hor gauza interesgarriak sortzen dira.

Hala, nire arloa beti izan da materiako elektroien dinamika. Izan daiteke solidoetan, azaletan, edo nanoegituretan. Ni 1980ko hamarkadan hasi nintzen, garai hartan sortu zen tunel-mikroskopioa aztertzen. Horixe izan zen, neurri batean, nanoteknologiaren oinarrietako bat, orduan posible izan zelako lehen aldiz atomoak banan-banan ikustea. Eta gero baita manipulatzea ere: atomo bat hartu eta beste leku batean jarri. Hori tunel-mikroskopioak ahalbidetu zuen, eta garai hartan hasi nintzen hura aztertzen.

Hasiera-hasieratik zabiltza nanoteknologian, beraz.
Arg. © Jon Urbe/ARGAZKI PRESS

Bai, baina orduan nanoteknologia hitza ez zen erabiltzen. Hortik, nanozientziarantz egin nuen, eta ez dakit bihar zer egingo dudan, baina atzo zer egin nuen bai; une honetan grafenoaren kitzikapen elektronikoak aztertzen ari naiz. Hau da, grafenoaren elektroiak nola kitzikatzen diren kanpoko eraginen aurrean. Kitzikapen elektronikoari, kolektiboa denean, plasmoi izena ematen zaio; guk plasmoi berri bat aurkitu dugu. Hemen dago plasmoi berria! [mahai-gainetik paper-sorta bat hartu du hori esatean].

Plasmoi berri bat aurkitu dugu, hau da, kitzikapen elektroniko kolektibo berri bat, eta laster bidaliko dugu iragarpen hori fisikako aldizkaririk onenera, Physical Review Letters aldizkarira.

Hara! Hortaz, haiek baino lehenago emango dugu horren berri guk [barrez].

Bai, bai. Orain artikulua biribiltzen nabil, eta uf... ateratzerako, luze joko du. Kontua da guk iragarpena egin dugula, eta iragarpen hori artikulu horren bidez argitaratuko dugula.

Zein da izenburua?

Acoustic plasmons in extrinsic free-standing graphene . Esan bezala, iragarpena da, baina guk, hemen nanoGUNEn, badugu ahalmena halako gauzak neurtzeko. Beste gauza batzuk neurtu dira grafenoan, baina ez guk bilatzen duguna. Hala ere, hori neurtu ahal izateko tresna esperimentalak baditugunez, hurrengo pausoa horixe izango litzateke, neurtzea. Eta hurrengoa, jakitea horrekin zer egin.

Betiko galdera da hori: horrek zertarako balio du?

Oraingoz gure jakin-mina asetzeko balio du. Oraingoz, horretarako.

Txema Pitarke
Txema Pitarke Bilbon jaioa da, 1960an. Zientzia Fisikoetan doktorea da. 1990ean eskuratu zuen doktoretza, EHUn, Pedro Migel Etxenikeren zuzendaritzapean. Aldi berean euskaraz eta ingelesez aurkeztutako lehen tesia izan zen.
2000. urteaz geroztik, EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da. 2006an, berriz, nanoGUNE ikerketa-zentroko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta kargu horretan dihardu ordutik.
Euskalgintzarekiko harremana ere aspaldikoa du: UEUrekin lotura estua izan du, euskaraz egindako ikerkuntzaren Azkue Saria eta Eusko Ikaskuntzaren Agustin Zumalabe ikerkuntza-beka irabazi ditu... 2013tik Elhuyar Fundazioaren lehendakari da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia