}

Jean Marie Lehn: "Kimika artea ere bada"

2000/05/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Donostiako Kimika Falkultateak bere XXV. Urteurrena dela eta antolatu dituen ekitaldietan jakinmin handia piztu zuen Jean Marie Lehn kimikari frantsesak eman zuen hitzaldiak. Lehn-ek, Donald J. Cram eta Charles J. Pedersen-ekin batera Kimikako Nobel saria jaso zuen 1987. urtean, ezagutza molekularraren alorrean egindako lanengatik. Berak hala bataiatutako Kimika Supramolekularraren alorra zer den ongi baino hobeto azaldu zigun hitzaldira hurbildu ginen guztioi.

Nola definituko zenuke Kimika Supramolekularra?

Kimika Supramolekularra molekulen arteko lotura ez-kobalenteak aztertzen dituen kimikaren alorra da. Guk ez dugu molekulen barnean gertatzen dena ikertzen, molekulen artean gertatzen dena interesatzen zaigu. Bata bestearen ondoan jarritako molekulak elkarrekin nola antolatzen diren eta zergatik antolatzen diren jakin nahi dugu.

Zertan oinarritzen dira lotura ez-kobalente horiek?

Molekulen arteko giltza/sarraila erlazioa ikertzetik abiatu dira gure lanak. Naturan, gure gorputzean, giltza (substratua) eta sarraila (hartzailea) gisa funtzionatzen duten molekula ugari daude, substratu bakoitzak bere hartzaile espezifikoa dauka eta horrekin bakarrik elkartuko da, giltza batek ate bakarra irekitzen duen moduan. Ezagutza molekular hori oso garrantzitsua da biologian eta mekanismo honetan oinarritutako ikerketa-arlo zabala garatu dute biologoek. Kimikariok hala ere, natura baino harantzago joan nahi dugu. Elkar ezagutzeko propietate hori duten baina naturan ez dauden molekulak sintetizatu nahi ditugu. Izan ere egitura supramolekularrak ez dira giltza/sarraila egitura hutsak, informazioa metatzeko egiturak ere badira. Elkar ezagutzen badute, elkar ezagutzeko informazioa dutelako da. I

nformazioa gordetzeko material bezala erabil al litezke zuek lantzen dituzuen molekulak?

Bai, hain zuzen hori da orain ikertzen ari garen arloetako bat. Bere kabuz ordenatzen diren egitura supramolekularrekin ari gara lanean. Molekula hauek ez dira elkarrekin erreakzionarazi behar. Batera jartzen direnean eurak bakarrik lotzen dira, egitura supramolekular ordenatuak sortzen dituztelarik. Egitura horiek oso propietate interesgarriak dituzte eta ikertzen ari garen molekuletatik batzuk mikroelektronikan eta nanoteknologian erabil litezke. Egitura hauek, gainera, ez dira sintetizatu behar. Eurak bakarrik lotu eta ordenatzen dira. Propietate hau oso interesgarria da hain dimentsio txikiekin lan egiten denean.

Aplikazio biologikoetara baino, aplikazio teknologikoetara bideratu al dituzue ikerketak?

Ez, egitura supramolekularrek aplikazio biomediko ugari ere badituzte. Terapia genikoan erabilgarri izan litezkeen molekulak sintetizatu ditugu, baita gaixotasunen diagnostikoa egiten lagun gaitzaketenak ere. Kimika Supramolekularrak ikaragarrizko aukera-pila eskaintzen du. Guk halako edo bestelako molekula ezagutu edo harrapatu nahi badugu, berarentzat espezifikoa den beste bat sintetiza dezakegu.

Naturan gertatzen diren fenomenoak guk nahi dugunerako egokitu ditzakegu, aplikazio biomedikoetarako izan edo nanoegiturak osatzeko izan.

Kimika Supramolekularraren aplikazioez mintzatu gara. Gaur egun badirudi hori dela edozein ikerketaren funtsa, hau da, erabilerari begira egiten dira ikerketak. Oinarrizko ikerketaren garrantziaz ahanzten ari al gara?

Zoritxarrez bai, eta hori oso akats larria da. Egungo ikerketak gehiegi bideratzen dira aplikazioak bilatzera. Ikerketek aplikazioak izatea beharrezkoa da, noski; baina oinarrizko ikerketa egitea ere ezinbestekoa da. Gaur egun egiten den oinarrizko ikerketa etorkizuneko aplikazio handien funtsa izango da seguru asko. Oinarrizko ikerketarik gabe ez dago aplikaziorik. Norbaitek zioen bezala, oinarrizko ikerketarik ez balego, tamaina, kolore eta forma guztietako kandelak izango genituzke, baina ez genuke elektrizitaterik izango.

Europak ikerketan diru gehiago ezarri behar duela behin eta berriz aldarrikatu duzu. Hain diru gutxi bideratzen al da ikerketara?

Europak oinarrizko ikerketara bideratzen duen barne-produktu gordinaren portzentaia Estatu Batuek edo Japoniak bideratzen dutena baino askoz txikiagoa da. Baina ez hori bakarrik, Europako ikerketari lehiakor izatea eskatzen zaio gainera. Lehiakor izateko, alderagarri izan beharra dago ordea. Ezin da diru gutxi eman eta emaitza asko eskatu. Orain asko hitz egiten da "ezagutza-gizarteaz", baina ezagutza-gizarte hori ez da ezerezetik sortuko. Jakintza ere finantzatu beharra dago.

Estatu Batuak al dira oraindik ere Europaren ispilu?

Estatu Batuetan diru gehiago dute ikerketak eta proiektuak sustatzeko, baina Europan ere badira ikerketa indartsuak. Arloen araberakoa da hori. Hala ere, Europak duen arazo bakarra, edo arazorik larriena ez da ekonomikoa. Gure egiturak oso zurrunak dira, erro sakon eta zaharrak dituztenak eta, horrexegatik, egungo dinamikara egokitzen zailak dira batzuetan. Estatu Batuetan ez da hori gertatzen. Hala ere, zurruntasun horri esker jarraitasun handiagoa dago Europan egiten diren ikerketetan. Bestalde diru gehiagok kontrol gehiago ere ekartzen du, eta asko ez daude horretarako prest.

Zientzialariak ba al du bere lanaz egingo den erabilera kontrolatzeko mekanismorik?

Ez, baina ez zait iruditzen hori kontrolatzea zientzialariari dagokionik. Ekarpen zientifikoen erabilera eztabaida-puntu garrantzitsua da, baina nire ustez zientziaren lehen eginbeharra ezagutza biltzea da. Ezagutza bilduz baliabideak eskaintzen dizkio zientziak gizarteari, baina gero, gizarteari berari dagokio baliabide horien erabilera bideratzea eta arautzea. Zientziak ez dauka inolako hesirik, ikerketa zientifikoari ezin zaio inolako mugarik ipini. Niretzat onartezina da ikerketa zientifikoa mugatu nahi izatea. Hala ere, hau guztia esatea egitea baino errazagoa da, gizarteak askotan ez baitaki zehatz-mehatz ikertzaileak zertan dabiltzan. Horregatik nik arduragabetzat jotzen dudan erantzuna izaten du maiz jendeak, eta ulertzeko ahalegina egin ordez, beldurrari egiten dio kasu.

Genetikoki eraldatutako elikagaiak al lirateke informazio falta eta beldur horren adibide?

Bai, genetikoki eraldatutako elikagaien inguruan sortu diren arazo guztiak gaiari oker heldu zaiolako izan dira neurri handi batean. Jendeak ikaragarrizko beldurra die elikagai horiei, baina ez dago beldurtzeko inolako arrazoirik; izan ere, elikagai horiek eta egin zaizkien eraldaketak kontrolpean eginikoak dira. Jendea ez da ohartzen edo ez du ohartu nahi gure zakur, behi eta ardi guztiak genetikoki eraldatutako animaliak direla. Esne asko emango duen behia nahi dugu eta horretarako hau eta hura gurutzatu egiten ditugu. Hori egiten dugunean eraldaketa genetikoa egiten ari gara, kontrolik gabeko eraldaketa genetikoa. Gurutzaketa horietan, gainera, gene-kopuru handia nahasten dugu. Laborategian, ordea, bakarra da eraldatu den genea eta bakar hori zein den badakigu. Baserrian egiten dena naturala dela eta laborategian egiten dena artifiziala dela pentsatu ohi da askotan, baina hori ez da egia. Biak dira neurri berean artifizial eta neurri berean natural, eta laborategian egiten denak balio badu, naturala delako da.

Zein da zientziaren eta gizartearen arteko komunikazio-arazo horien muina?

Bi pertsonak elkar ulertu nahi badute, hizkuntza berbera hitz egin behar dute, eta askotan hori da zientzialarien eta gizartearen arteko arazoa. Nik euskara ulertu nahiko banu, euskara ikasi beharko nuke. Biologia ulertu nahi duenak ere biologia ikasteko ahalegina egin behar du. Ezin dugu bat-batean dena primeran ulertu.

Lehn-ek Donostian esandakoak

Molekulen lekuan, "supramolekulen" kimikaz hitz egin zuen Lehn-ek. Izen handi horren atzean molekulen arteko elkarrekintzen ondorioz sortzen diren egitura erraldoi eta konplexuak daude. "Kimika ez da materialen zientzia soilik, informazio-metaketa ere bai baizik." Elkarrekintzak nolakoak diren jakinda, horrelako egituren diseinua eta sintesia egin daitezke. Kimikarien zentzurik gabeko burutazioa badirudi ere, atzetik oso lan erakargarria dakar, bai fisikarientzat, eta baita biologo eta medikuentzat ere. "Kimika Supramolekularra oso tresna indartsua da" dio Lehn-ek. "Naturan ez dauden egitura berriak asmatzeko bidea eskaintzen digu".

Lehn-en hitzaldiaren hasierako diapositibetan, ordea, ez zen inolako molekula edo supramolekularik ikusten. XIX. mendeko zientzialarien irudiak aurkeztu zituen. Izan ere, proteina batek bere substratua heltzeko moduaren eredua garai horretan garatu zen. Gaur egungo kimikarien artean ohikoa den giltza eta sarrailaren eredua da. Hortik abiatuta molekulen itxura eta tamainaren espezifikotasuna erabiltzen dituzten ikerketa asko bildu dira kimikako aldizkari espezializatuetan mende honetan. Jean Marie Lehn-ek, gainera, oso kimikari interesgarri eta ezagunekin egin du lan. Adibidez, Woodward edo Fischer bere argazkietan ikusteko aukera izan genuen. Pare bat minutu geroago, molekulak elkartzeko "artean" erabat murgildu zen.

Horrek hiru aplikazio nabarmen ditu; alegia, ezagutza molekularra, katalisia eta garraioa. Ezagutza molekularretik abiatuta beste biak ere ulergarriak dira. Molekula handi batek beste txikiagoa nola barnera dezakeen eta bien propietate fisikoak nola aprobetxa daitezkeen azaldu zuen Lehn-ek. Eman zituen adibideetan ADNa eta ARNa bereizten duen egitura bat eta antigeno (gaixotasun) batentzat prestatutako antigorputz artifizial osagarri bat zeuden. Argi, ulerterraz eta oso ondo azaldu zuen.

Modako gaia den terapia genikoarekin zerikusia duen adibide ikusgarria aurkeztu zuen: geneek zelularen mintz plasmatikoa zeharkatzeko aukera eskainiko lukeen egitura lipidikoa aurkeztu zuen. Urtetako lana, polit eta erraz adierazita.

Lehn-ek azaldutako azken kontzeptua ere izugarri interesgarri suertatu zen kimikarienzat. Bere kabuz ordenatu egiten diren molekulez eta horrela lortutako egitura supramolekularrez hitz egin zuen. Polimeroen Kimika Supramolekularra eta mikroelektronikan erabil litezkeen sare elektronikoak aipatu zituen. Baina gauza batek ez du bestea zertan bazterturik, "siliziozko mikroelektronika oso ondo dago" zioen Lehn-ek. "Honako hau beste aukera bat da, hainbat ezaugarri erabilgarri izan ditzakeena."

Bukatzeko, artearekin parekatu zuen Kimika Supramolekularra. "Arauak molekulen arteko loturek betetzen dituzten lege fisikoak besterik ez dira. Hortik aurrerako guztia norberaren sormenak dakar". Hitzaldi ona eta erraz emanda. Horrelakoa entzun ondoren norberak ondo ulertzen du Kimikako Nobel Saria Jean Marie Lehn-i 1987. urtean zergatik eman zioten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia