"Jendearen onurarako lan egiteak asko asebeteko ninduke"
2021/03/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ana Ruiz Ilundain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egin berri du, eta, leku itxietan, airearen kalitatea neurtzen duen gailu bat egokitu eta hobetu du. Gailua baliagarria da inguruneko kondizioak automatikoki ebaluatzeko eta airea berritzeko; beraz, oso baliagarria da COVID-19aren transmisioa eragozteko. Lan horri esker, Ikasketen Amaierako Lanetarako Rural Kutxa Sarietako sari berezia eman diote.
Aitortu duenez, batxilergoan ez zuen ikasketa teknikorik egiteko asmorik. “Adibidez, ez nuen marrazketa teknikoa hartu. Argi nuen, hori bai, zientzietatik joko nuela, historia, hizkuntza eta halakoak ez baitziren nire gustukoak; bai, ordea, matematika, biologia, fisika, kimika…”
Farmazia ikastea zen lehen asmoa, baina fisika ikaragarri gustatu zitzaion, eta, fisika teorikoa baino zerbait aplikatuagoa nahi zuenez, orduan hasi zen pentsatzen ingeniaritza ikas zezakeela: “Egia esan, txikitan ere asko gustatzen zitzaizkidan eraikuntza-jolasak, eta Iruñean bertan ingeniaritza industriala baneukanez, eta gainera, etxean banituen erreferenteak, aita ingeniaria baita, eta anaia, arkitektoa”.
Hala, ingeniaritza industriala ikasten hasi zen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Gutxi gorabehera zer topatuko zuen bazekien arren, lehen urtea gogorra egin zitzaion: “Azken finean, ikasteko modua aldatu behar duzu. Eskolan, ikasitakoa galdetzen dizute; ingeniaritzan, arazoak konpontzen ikasi behar duzu. Arazo horiek edozein arlotakoak izan daitezke; hala, ingeniaritzak irtenbide pila bat ditu, imajinatzen nituenak baino askoz ere gehiago, hasi produktu bat diseinatzetik, eta lantalde bat zuzentzera edo erosketak planifikatzera, edozein eremutan”.
Bestalde, ingeniaritzako ikasketetan gizonek gehiengoa izaten jarraitzen dute, baina Ruizek argi du guztiok balio dugula guztirako, eta, irakasle batzuek oraindik ere iraganeko jarrerak dituzten arren, leku askotan gauzak dagoeneko aldatzen ari direla. Orain, adibidez, Inbiot enpresan dago, eta lankideen erdiak emakumeak direla nabarmendu du: enpresa txiki bat da, ia denok ingeniari teknikoak gara, eta ez dago bereizketarik. “Aurrerago agian topatuko dut baten bat goitik begiratu beharko diodana, kasu egin nazan, baina oraingoz ez dut izan arazorik”.
Lanaren emaitza
Gainerakoan, asko asebetetzen du egiten duen lanak. Adibidez, airearen kalitatea hobetu ahal izatea diseinatu duen gailu bati esker, eta merkatura ateratzea, oso pozgarria zaio. “Horrez gain, lankideak antolatzeaz ere arduratzen naiz. Ez dauka zerikusirik produktuen diseinuarekin, baina lan hori ere asko gustatzen zait. Polita da ikustea lantaldeak ondo funtzionatzen duela eta lana aurrera doala”.
Gaztea da eta denbora gutxi darama lanean, baina, oraingoz, gustura dago hartu duen bidearekin. Oso kritikoa da doktoretza egiteagatik eta ikertzeagatik ematen diren laguntzekiko: “Ingeniari batek, lanean hasten denean, agian irakasle batek edo beste arlo bateko langile batek baino gutxiago kobratzen du hasieran, baina tesia egiten ari direnen eta, oro har, ikertzaileen egoera are okerragoa da. Eta ez da bidezkoa”.
Etorkizunera begira, jendearen bizimodua hobetzen lagunduko duten gailu, produktu edo irtenbideak diseinatzen egin nahiko luke lana, edo erregai berriztagarrietan: “Horretarako lan egiteak asko asebeteko ninduke”.
Iruñean jaioa, 1995ean. Ingeniaritza ikasi du NUPen, eta, jarraian, Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egin du. Orain, Inbiot start up enpresan dabil. Airearen kalitatea neurtzeko gailu bat moldatu eta hobetu du, eta, horri esker, Ikasketen Amaierako Lanetarako Rural Kutxa Sarietako sari berezia eman diote.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia