}

Jesus Altuna: "Arkeologiak diziplina artekoa izan behar du".

2004/05/01 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jesus Altuna Aranzadi Zientzi Elkarteko historiaurreko sailaren lehendakaria da, eta Munibe aldizkariaren zuzendaria. Bizitza osoa eman du Euskal Herriko historiaurrea aztertzen. Hainbat sari jaso ditu bere lan-jardueragatik, azkena 2003ko Giza eta Gizarte Zientzien Euskadi saria. Aitzindaria izan zen arkeozoologia arloan, eta ekarri handia
egin du ondarea ikertzen eta babesten.
Zerk bultzatu zintuen arkeologian, eta bereziki arkeozoologian, aritzera?

I. Lexartza

Sorrera beti izan da interesgarria niretzat: Lurraren sorrera, biziaren sorrera, gizakiaren sorrera, Euskal Herriaren sorrera...

Seminarioan ikasketak amaitu eta gero, Madrila joan nintzen biologia ikastera, eta, Barandiaran Hego Euskal Herrira itzuli zenean, harengana jo nuen eta harekin lanean hasi nintzen. Garai hartan, lanabesak, gizakien aztarnak eta halakoak baino ez ziren ikertzen hemen, baina arkeologiak diziplina artekoa izan behar du. Animalien hezur-piloa zegoen, han, inork aztertu gabe. Nik biologia ikasi nuenez, Barandiaranek hezur horietaz arduratzea proposatu zidan eta hala egin nuen. Hezurrak hartu eta Madrila joan nintzen tesia egitera.

Arkeozoologia berri samarra zen, paleontologiaren alaba. Gizakiekin lotura izan zuten animaliak aztertzeko sortu zen, ehizatzen zituztenak, haiekin bizi zirenak… eta garai hartan inork ez zuen horrelakorik egiten estatu osoan.

Hezurren bilduma osatzen hasi nintzen, baina hemengo egoera ikusita pentsatu nuen Alemaniara joan beste erremediorik ez nuela. Inguru hartan sortu zen arkeozoologia azken gerra handiaren ondoren, eta han bilduma ederra eta baliabide guztiak zituzten. Inbidia izugarria pasatzen nuen.

Hona etortzen nintzen bakoitzean tristea zen hemengo egoera ikustea; baina liburu bat irakurri nahi bada, noizbait egon beharko da lehenengo orrian.

Aurkitutako hezurretatik zer informazio lor daiteke?

Animalien hezur ugari sailkatu ditu Jesus Altunak.
J. Altuna

Zein animaliarena den jakiteaz gain, informazio handia lor daiteke. Horretarako, ordea, adin desberdinetako hezurdurak izan behar dira konparatzeko. Ekaingo hezurrak aztertuz jakin dugu, esate baterako, gizakia maiatzetik abuztura baino ez zela bizi kobazulo hartan. Han orein-kume jaioberrien hezurdurak baino ez dira agertu, hilabete batekoak edo bikoak, gastatu gabeko esne-hortzekin. Orein helduen hezur bakarrak, aldiz, emeenak dira. Ehiztariek bazekiten orein emea leku ezkutu batera joaten dela umea egitera doanean, eta han izaten duela kumea hamabi-hamabost egunez, bizkortu arte. Une horretan harrapatzen zituzten Ekaingo ehiztariek.

Beste kasu batean, Marizulon, Urnietan, gizaki bat agertu zen lurperatuta, beste hezurdura birekin, bata arkume batena eta bestea bururik gabeko txakur batena. Arkeozoologiak adierazten du gizaki hura ez zela ehiztaria, artzaina baizik, eta garai hartan lurperatzeko errituak edo ohiturak zituztela.

Hezurretan aurkitzen diren markek ere informazio handia eman dezakete. Gizakiek egindako markak aurki daitezke, adibidez, tresnekin, hortzekin edo suarekin eginak. Ohituren eta bizimoduaren berri lor daiteke horien bitartez.

Nire beste ikerketa-lerro bat labarretako artea da, eta arkeozoologiak laguntza handia ematen du horretan ere. Garrantzitsua da garai bakoitzeko animaliak ezagutzea, irudiak interpretatu ahal izateko.

Gaur egun, zertan da Euskal Herrian arkeologia-ikerketa oro har? Eta arkeozoologia?

Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitza Donostian.
I. Lexartza

Asko aurreratu da, batez ere unibertsitatea sortu zenetik. Gaur egun alor asko betetzen ditugu, eta literatura idatzi eta argitaratzen da. Hemen esparru askotako zientzialariak aritzen gara, palinologoak, sedimentologoak, lanabesak aztertzen dituztenak, eta abar.

Ni hasi nintzenean, ugaztunekin hasi nintzen, hori baitzen gehien zegoena. Orain, Euskal Herrian baditugu beste arkeozoologo batzuk ere lanean, eta asko osatu dira lan-taldeak.

Okerrena da lan honekin bakarrik ezin dela bizi. Garai batean irakaskuntzan lanpostu asko sortu ziren, eta normalean ikerketa horrekin batera joaten zen. Irakaskuntza gustatuz gero askoz hobeto, eta niri asko gustatu izan zait. Gaur egun, ordea, ez dago horretan lanik, eta ikerketarekin bakarrik ezin da bizi. Prestakuntza ona zuen jende askok kanpora joan behar izan du. Giza baliabideak badaude, baina bestelakoak falta dira.

Estimatzen da arkeologoaren lana?

Arkeozoologia eta labarretako artea izan dira Jesus Altunaren lan-ildo nagusiak.
I. Lexartza

Herriak estimatzen du. Agian ez dute zehatz jakingo zertan ari garen, baina uste dute zerbait garrantzitsua ari garela egiten, gure arbasoen gauzak ikertzen ari garelako.

Mendizaleen laguntza handia izan dugu, adibidez. 1982an mapa arkeologikoa egin genuenean, megalitoen eta kobazuloen berri ematen duena, mendizale askok erosi zuen. Mapan ez zegoen zerbait berezia ikusiz gero, deitu egiten ziguten horren berri emateko. 1990ean beste mapa bat argitaratu genuen megalitoekin bakarrik, eta askoz gehiago agertzen ziren, zortzi urte horietan asko aurkitu zirelako.

Oraindik ere abisatu egiten digu jendeak zerbait aurkitzen duenean, eta zerbait apurtzeko edo desagertzeko arriskuan dagoenean ere bai, eta gu joan egiten gara. Beti ez gara garaiz heltzen, baina saiatu saiatzen gara.

Bestalde, garai batean erakundeek ere oso iritzi txarra zuten guri buruz, batez ere erregimen-aldaketa etorri arte, Euskal Herria aztertzen genuelako. Ondoren salto handia eman genuen, baina ez da nahikoa. Nik uste dut laguntza eta borondate gehiago behar direla ondarea ikertzeko eta zaintzeko.

Zaila da ondarea babestea?

Euskal Herriko aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoak dira Lezetxiki eta Ekain.
A. Arrizabalaga

Batzuetan bai. Ekain aurkitu zenean, esate baterako, turismorako zabaltzeko presio handia izan genuen. Azpeitiko gazte bik aurkitu zuten 1969an, eta atea jarrita egon arte ez genuen berria zabaldu. Bai Zestoako alkateak, bai probintziako agintariek eta baita Madrilgoek ere, publikoari irekitzea nahi zuten, Altamira bezala. Garai hartan Altamiran hiru mila pertsona sartzen ziren egunean, eta horregatik hondatu zen. Lascaux ere, Frantziako kobazulo ederrenetako bat, turismoagatik hondatzen ari zen, eta horregatik esan genuen ez genuela irekiko. Asko kostatu zitzaigun, ordea.

Agintariei esan genien sarreran zegoen aztarnategia aztertu arte itxita edukitzeko, eta, zorionez, onartu egin zuten. Laster hil zen Franco. 1975ean bukatu genituen hango indusketak, eta itxita geratzea lortu genuen. Altamiran ordurako esaten hasiak ziren gauzak asko ari zirela okertzen. Ekain oso ondo kontserbatzen da ez delako turismorako zabaldu.

Bestalde, mendi eta basoetan lan ugari egiten dira, askotan beharrezkoak, baina ondarea ez dute kontuan hartzen. Orain dela ez asko, Igeldoko gainean trikuharri bat desegin zuten makinatzar batekin. Instant batean hondatu zuten 4.000 urte iraun zuen monumentu bat. Ezin izan dugu aztertu zer esanahi izan zezakeen eraiki zuten gizakientzako. Agian hildakoarekin lotura mantentzeko egin zuten, edo lurperatuta zegoen lekuko bidea erakusteko, agian bakardadea jasangarriagoa egingo zuen, eta malkoak ez hain garratzak… Eta bat-batean lanabesak eta dena han, betiko galduta ez dakit zenbat tona lurren artean. Horrelako kasu asko dago, eta ondarea zaindu eta betiko gal ez dadin laguntza handia behar da.

Atzerritik nola ikusten da hemen egiten den lana?

Euskal Herriko aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoak dira Lezetxiki eta Ekain.
B. Kortabarria

Ondo, batez ere lanak argitaratzen direlako. Guk hemen Munibe aldizkaria publikatzen dugu, eta arkeologia-erakunde askorekin trukatzen dugu. Horri esker, atzerritik bostehun aldizkari inguru jasotzen ditugu, horien artean Europako gehienak. Horrela, gure lana zabaltzeaz gain, liburutegi eder bat osatzen dugu eta egunean gaude. Euskal Herrian kanpora gehien zabaltzen den aldizkaria dela uste dut. Argitaratzea funtsezkoa da norberaren lana ezagutarazteko. Argitaratzen ez den lana ez da ikerketa, hobbya da. Lan bat kaleratzen denean, besteekin egiten den trukea oso aberasgarria da. Besteek esaten dute zer dagoen ondo egina eta zer ez, eta beste lan batzuekin konparatzeko aukera egoten da.

Kanpotik ikertzaile asko etortzen dira gure egoitza honetan zaintzen dugun materiala ikusteko eta aztertzeko. Gainera, materiala oso egoera onean aurkitzen dutela esaten dute, dena ondo sailkatuta eta banatuta.

Zein izan da urte hauetako guztietako zure lorpenik kutunena?

Ekain, noski, horietako bat izango litzateke, baina badira beste asko, txikiagoak, baina poz handia eman didatenak. Esate baterako, hasi nintzenean, azkonar jatun baten matrailezurra aurkitu nuen Lezetxikiko hezurren artean. Hasieran ez nekien zer zen. Jatuna klima hotzekoa da, eta Iberiar Penintsulan aurkitutako lehenengoa izan zen. Orduan ez genuen jatunaren hezurdurarik konparatzeko, eta deskribapenengatik eta ikonografiarengatik pentsatu nuen hori izan zitekeela, eta gero ziurtatu egin ahal izan nuen. Klima hain hotza zela adierazten zuen animalia agertzeak eta lehendabizikoa izateak egundoko poza eman zidan. Beste aurkikuntza garrantzitsu bat Lezetxikin aurkitutako giza hezurra da, Atapuercan aurkitutakoekin zerikusia izan dezakeena.

Kutxa bete hezur

Hezurrez betetako kutxa bat hartuta joan zen Jesus Altuna Madrila. Ez zuen lan erraza aurrean, ordea, bere tesi-zuzendariak ere ez baitzekien ezer arkeozoologiaz. Hezurrak sailkatu ahal izateko bilduma bat behar zela ikusi zuten, eta hori egiten ere hutsetik hasi behar izan zuen.

Hala, Dominguín toreatzaileak Madrilgo jatetxe batean lagunekin ehizatutako orein bat jan behar zuela jakin zuenean, jatetxera joan eta afariaren hondarrak eskatu zituen. Jatetxeko langileek esan zioten ez zela haragirik geratzen, eta harri eta zur geratu ziren berak haragirik ez zuela behar esan, eta hezurrekin poz-pozik alde egin zuenean. Hezur-bildumaren lehen pausoa izan zen.

Vespa batean ibili zen Iberiar Penintsulan gora eta behera hezurren bila. Garai hartan, Koro Mariezkurrena ezagutu zuen, eta bidea elkarrekin egiten hasi ziren. Orduan egundoko aldaketa ekarri zien Seat 600 bat erosi zuten, eta, noski, han Vespan baino askoz hezur gehiago sartzen zen. Geroago, Afrikatik, Arktikotik, Asiatik eta urruneko beste leku batzuetatik ere ekarri zituzten hezurdurak. Eta pixkanaka bilduma handi bat egin zuten, eta horretan jarraitzen dute, gaur egun estatu osoan dagoen bildumarik onena osatuz. Atzerriko ikertzaileen artean ere ospe handia du. Zalantzarik gabe, bizitza osoko lana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia