}

Jesus Ugalde:

1998/07/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Egitura arrunt bitxia du Donostiako Kimika Fakultatearen eraikinak. Labirintikoa iruditu izan zaigu beti eta sarritan ibili gara, galtzeko zorian, berdintsuak diruditen solairu eta geletan barna. Eskarmentu handia izan dugu aurten, nolanahi ere, zorionez, sarritan joan behar izan baitugu bertara. Oporren bezperan, adibidez, bi bider: lehena P.M. Etxenikeri emandako Asturiasko Printze Saria zela medio eta bigarrena Jesus Ugalderen X.M. Munibe Saria aitzaki hartuta. Kimika Fakultateko irakasleak biak ere, punta puntako ikertzaileak eta, esatea zilegi bazaigu, baita goi-mailako lagun eta lankideak ere. Oso sari bakanak izan dira aurtengo horiek: neurri oso txikian bada ere, Euskal Herriko zientzi komunitatea —maila desberdinetan izanik ere— osatzen dugun guztion barru-barruan sentitu baitugu sarion eta saridunen zirrara. Bejondeizuela! Jesusen aitak ez du oraindik batere garbi zertan ibili zen bere semea Valladolideko Unibertsitatean; ustez kimika ikastera joan zen bertara, baina geroztik ez omen du sekula ikusi nahasketak eta antzekoak egiten laborategiren batean... Kimikari teorikoa baita Jesus Ugalde, aurtengo Xabier Maria Munibe Saria jaso berri duen 40 urteko bergarrara.


Jesus Ugalde:


Elhuyar:
Polimeroen zientzi eta teknologia departamentuan egiten duzu lan. Bi hitzetan eman al daiteke zure lanaren definizioa?

Jesus Ugalde: Kimikaria eta teorikoa naiz, horra eskatutako bi hitzak, baina hori horrela esanda nahikoa motz geratzen da definizioa. Izan ere, teoriak garatzea lan teorikoa den bezala, ezagunak diren teoriak kimikoki garrantzitsuak diren arazoak aztertzeko erabiltzea ere lan teorikotzat hartzen dugu guk. Ea azaltzen dudan esaten ari naizena ondoko adibidearekin. Eguzki-panelen barruan dauden cluster kimikoak aztertzen ditugu guk modu teoriko batez. Elementu kimiko horiek oso modu desberdinez antolatzen dira, konposizioaren arabera, tamainaren arabera, isomeroka, etab. Batera edo bestera antolatuta, emaitza, gure kasuan eguzkitiko energia zurgatzeko gaitasuna, oso desberdina izan daiteke eta, bistan denez, gaitasun hori ahalik eta handiena izatea komeni zaigu. Horretan sartzen gara gu: elementu horiek modelizatu egiten ditugu ordenadorean eta cluster bakoitzak dituen gaitasunak aurreikusten saiatzen gara. Teorikoki egiten dugu lan, baina lan horren erabilpen praktikoa garbia da; izan ere, gaur egun bereizketa hori egitea ez da hain erraza, garbi dagoen arren oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua oso desberdinak direla.

Elh.: Xabier Maria Munibe saria zuri ematea erabaki duen epaimahaiak orain arte egindako lanaren bikaintasunaz gain, ikertzaile gaztea izatea hartu du aintzat, horrek, itxuraz, zure lanak jarraibide oparoa izango duela esan nahi omen du eta. Noiz arte da gaztea ikertzaile bat?

J. U.: Antza denez, gazteak eta zaharrak baino ez omen daude ikertzaileen artean eta 40 urteren bueltan gabiltzanok lehen multzoan jartzen gaituzte. Egia da, bestalde, badirela horrelako irizpideak erabiltzen dituzten sariketak eta horien arabera, hortaz, bete-betean asmatu dute nire kasuan. Nolanahi ere, gaztetasuna neur daiteke ere lanean daramatzazun urteak kontuan izanik; Valladoliden egin nituen ikasketak eta 1982. urtean iritsi nintzen Donostiako Kimika Fakultatera, baina tesia zela eta, bi urte inguru eman nituen atzerrian ikasten. Gero ere doktoretza-ondoko ikastaroak zirela eta, denbora dezente eman nuen kanpoan, han eta hemen ikasten; nolanahi ere, 12 urte baino ez dira hemen buru-belarri ari naizela.

Elh.: 23 urte ditu fakultateak eta, beraz, gauzak izugarri aldatzen ikusiko zenuen tarte horretan...

"Lan egiten uzten digute eta hori da garrantzitsuena".
IXI

J. U.: Dudarik gabe. Fakultatean lanean hasi nintzenean Donostiako Altza auzoan geunden. Bulegorik ez, mahairik ere ez eta ordenadorea... ezta urrutitik ikusi ere! Hortik hilabete batzuetara lortu nuen PC izena merezi ez duen ordenadore zahar bat, disko gogorrik ere ez zeukana. Lau hilabetez eduki nuen ordenadore gizarajo hura gau eta egun lanean kalkulu batzuk egiten eta azkenean lortu nuen bilatzen ari nintzen zenbakia ematea; horrelaxe lortu nuen nire lehen artikulua hemen argitaratzeko behar nuen materiala! Ibaetako campusera etorri ginenean nire lehenengo zeregina azpiegitura-arazo horri heltzea izan zen eta horretarako funtsezkoa izan zen Informatika Fakultateko Kalkulu Zentroan eskaini ziguten laguntza izugarria; gaur egun pasa den mendekoa irudituko litzaigukeen sistemari esker, lortu genuen azkenean geure fakultate osoa sare bidez konektatuta edukitzea; Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zigun horretarako laguntza ekonomikoa, garai horretan ikaragarrizko inbertsioa egin behar izan genuen eta. Unibertsitateak berak bere sarea ipini zigunerako, beraz, guk bagenuen sistema propio bat.

Elh.: Plurala erabiltzen duzu etengabe, taldeari ematen diozu protagonismoa...

J. U.: Taldea osatzen ere lan ederrak pasa genituen! Cecilia Sarasola izan zen lehenik eta gero etorri ziren besteak, bereziki ikasleak. Horri esker, gure taldeak berehala hartu zuen atzerrirako bidea, kanpoan ere bilatu genituelako gurekin lan egiteko prest zeuden ikasleak. Hori horrela, nazioartean berehala osatu genuen lankide-sare garrantzitsua eta halaxe segitzen dugu gaur egun ere, zorionez.

Elh.: Kimikako Fakultatera oso tarte laburrean bi sari garrantzitsu etorri dira eta biek adierazi duzue lan-talde osoari zor zaizkiola orain jasotzen ari diren ohoreak. Zer du Kimika Fakultateak, Jesus?

J. U.: Ez dut uste inon idatzita dagoenik nik hemen ikusten dudana eta, nire iritziz, hortik datorkio gure fakultateari Pedrok eta biok azpimarratu duguna. Izan ere, fakultateak jendeari lan egiten uzten dio, ez dizkio oztopoak jartzen. Giza-talde guztietan egoten dira liskarrak, baina guk geure artean ez dugu denbora galtzen alferrikako ika-miketan eta ahal den guztietan, elkarri lagundu egiten diogu. Hori ez da toki askotan gertatzen, baina hemen bezala, giro hori aurkitzen duzunean, lanerako beharrezkoa den sostengu emozionala eskaintzen dizutenean, emaitzetan ere ikusi egiten da. Apika horrek zerikusi handia du fakultatearen gaztetasunarekin. Hemen horrela egiten dira gauzak. Tesia egin ahal izateko, adibidez, ni Kanadara joan nintzen eta bi urte horietan nire departementuko irakasleek ordezkatu zituzten nire irakaskuntzako orduak; ez da ahalegin puntual bat, une batean egiten duzuna, baizik eta modu konsziente eta jarrai batez elkarri aitortzen diogun konfidantza, horixe delakoan, bistan denez, gu guztiok aurrera egiteko modua. Aitzindariak izatea tokatu zaigu guztioi arlo askotan eta denok dakigu zein nekosoa den hastapen horietan.

Elh.: Abantaila horiek izanik, zein dira zure lanerako oztopo nagusiak?

Lan-taldean giro ona eta lankidetza aurkitzen duzunean, lanerako beharrezko den sostengu emozionala dizutenean, emaitzetan ere ikusi egiten da. Apika horrek zerikusi zuzena du fakultatearen gaztetasunarekin.
IXI

J. U.: Burokrazia da une honetan katea motzean harrapatuta gauzkan oztopo nagusia. Gure lana diru publikotik finantzatzen da eta, beraz, jira-buelta asko egin behar dugu behar diren paper guztiei aurre egin ahal izateko. Izugarria da, askotan, tramiteetan galtzen dugun denbora. Ez dut honekin esan nahi diru publikoaren erabilera hori ez denik justifikatu behar; ahal den neurrian erraztu beharko litzatekeela baizik, guztion lana eraginkorragoa eginez. Neurri kontua da, dudarik gabe. Departementu guztietan administrazio-lanaz arduratzen den pertsona bana dago, hori da araua, baina gurean lana itzela da langile bakar batentzat, departementuak ez baitira berdinak. Soilik gure departamentuak 130 milioi pezeta kudeatu behar ditu urtean eta kopuru oso altuetan dabiltzan beste lau departementu dauzkagu fakultatean! Administrazio-lanetarako jende gehiago behar dugu.

Elh.: Finantziazio-arazoez askotan hitz egiten da, kalterako eskuarki. Zein da zuen egoera?

J. U.: Tentazio handia da geuretzat, halako galdera baten aurrean erantzun biribila ez ematea, baina ulertu egin behar da talde bat baino gehiago, fakultate bat baino gehiago dugula kudeatzeko; askoz lasaiagoa izan zitekeen egoera, baina ez gaude horren gaizki. Hau diodanean, bereziki geuk ditugun aukerak ez dituzten beste zentro batzuetan ari naiz pentsatzen. Zuzenean Madrilgo administraziotik elikatzen diren unibertsitateak gu baino askoz okerrago daude, geure kasuan nahikoa erabaki ausartak hartzeko gauza izan dira euskal erakundeak eta. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundia dugu guk eta benetan txapela kentzeko moduko jokaera duela esan nahi nuke; oinarrizko ikerketa sustatu beharrik ez dute inolaz ere, eta egingo ez balute, ezingo genieke ezertxo ere leporatu, baina egin egiten dute, ausardi politiko eta buru-argitasun izugarria erakutsiz.

Elh.: Zenbait urtetan Erasmus programaren ardura ere izan zenuen. Nola baloratzen duzu nazioartera jauzi egiteko esperientzia hori?

J. U.: Izugarria izan zen niretzat hori gertutik ezagutzea eta gaur egun Socrates izen berriaz lortzen ari diren emaitzak ere oso onak dira. Erasmus programaren bidez lehenik eta Socrates-ekin azken boladan, geure maila edonon lotsarik gabe ibiltzekoa dela ikusi dugu. Hasieran Europako programa zen, hots, Europako Elkarteko estatu bakoitzetik unibertsitate batek hartzen zuen parte programan eta horren kariaz, ikasleak kanpora bidaltzen genituen eta kanpokoak hartzen genituen hemen. Ni programaz arduratu nintzen tartean ez zen suspentso bat bera ere etorri! Gerora EEBBetara eta Kanadara ere zabaldu da programa eta emaitzak oso antzekoak izaten ari dira. Guretzat oso garrantzitsua izan zen eta bereziki interesgarria geure ikasleentzat; programa honi esker asko eta asko ohartu ziren Irundik gora ere bazirela bere kezka bertsuak zituzten gazteak. Partizipazioa izugarri ona izan da beti eta asko ikasi dugu denok. Ezinbestekoa da ausardi hori izatea zeure burua aberasteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia