Jesus Ugalde, aurtengo Xabier Maria Munibe saria
1998/07/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak eta Eusko Legebiltzarrak banatzen duten aurtengo Xabier Maria Munibe saria Jesus Ugalderi eman zaio zientzia arloan egiten ari den ikerketa-lanarengatik. Jesus Ugalde Bergaran jaio zen 1957. urtean eta Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Kimika Fakultatean lan egiten du, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Departamentuko Katedraduna delarik.
Fisika eta kimika kuantikoaren arloan dihardu ikerketan, gai desberdinak jorratuz; hala nola atomo eta molekulen egitura elektronikoan, katalizatzaile makromolekularretan, izarrarteko espazioan suertatzen diren erreakzio kimikoetan, eta abar luzean. Ikerketa-lan zabal eta sakon hau “bikaintasuneko oinarrizko ikerketatzat” aintzatetsi du Madrilgo Hezkuntza eta Zientziako Ministeritzak eta “etekin handikotzat“ Eusko Jaurlaritzak.
Atzerriko ikerketa-zentro ospetsuetan ere lan egin du Jesusek: Estatu Batuetako Tennesseeko Oak Ridge laborategian eta Ithakako Cornell Unibertsitatean, eta Kanadako Halifaxeko Dalhousie Unibertsitatean. Azken honetan “Natural Sciences and Engineering Research Council”ek ikertzaile bisitarientzako ematen duen saria irabazi du, gainera. Munduko zientzi aldizkari ospetsuenetan ehun artikulu baino gehiago argitaratu ditu eta bere arloko kongresuetan ohizko hizlari gonbidatua izaten da.
Jesus euskal kultur eta hizkuntzaren bultzatzaile sutsua dugu. Bere ikerketa-lana zientzi aldizkari euskaldunetan argitaratzen du maiz, Elhuyar barne. Euskaraz irakasten du Donostiako Kimika Fakultatean, Udako Euskal Unibertsitatean askotan hartu izan du parte eta Eusko Ikaskuntzaren Agustin Zumalabe saria ere jaso du. Euskal Herriko Unibertsitatean gestio-lanean sartua dago; Nazioarteko Erlaziorako Errektoreordea izan da eta gaur egun Kimika Fakultateko Dekanordea.
Honaino Jesusen lan meritu azpimarragarrienak. Eta orain, bere izaeraren berri ematea gustatuko litzaidake eta horretarako zer hobe bere taldekideen iritzia baino.
Lourdes Dominguez, bere lehenengo doktoretzako ikaslea:
"Berak erakutsi zidan ikertzailea izatea zer den: beti azterketa finaletan dagoen ikaslea. Hori beti gogoan izango dudan zerbait da."
Guillermo Roa:
"Nire iritziz, goi-mailako ikerketan lan egiten dutenentzat bizitzaren eta lanaren arteko erlazioa nahikoa zorrotza izan ohi da. Hau da, zenbait zientzialariren umorea lanak baldintzatua eta emaitzen araberakoa izaten da. Dena den, badira zientzia eta erlazio pertsonalak ondo bereizten dakitenak ere; horien artean Jesus da, hain zuzen, adibide nabarra. Taldekideek, gainera, bere lasaitasuna eta baikortasuna jaso ohi dugu maiz.
Arantxa Irigoras:
"Ba omen daude pertsonak baikorrak, ezkorrak eta erdibitartekoak, noski. Neure burua erdibitartekotzat daukat, egunaren arabera edo. Baina inongo dudarik gabe Jesus baikorra da, zeharo baikorra. Lan-talde batean halako jarrera duen norbait edukitzea beharrezkoa iruditzen zait, gainontzekook behar ditugun bultzadatxoak emateko, eta hauxe da Jesusek primeran egiten duen gauzetako bat. Bat besterik ez, zeren zerrenda luze bat osa baitezakegu azkar asko. Baina badago beste zerbait aipatu nahiko nukeena: gainontzekook esandakoei egiten dien kasua, batez ere bere baikortasun horrek sortzen dion ezinegona geldiarazi behar dugunean... Zorionak Jesus eta mila esker.
America Garcia eta Elso Cruz, doktoretzako ikasle kubatarrak:
Jesusen lan-era bereziak ikasle ororengan konfidantza zabaltzen du, berarekin ikerketa egitea oso atsegina gertatuz. Lankide guztiok baikor eta alai sentiarazten gaitu, kubatarrok batez ere. Eskerrik asko Jesus!
Txema Mercero:
Jesusekin lan egiteko orduan, bere taldeari ematen dion askatasuna eta berarengan erakusten duen konfidantzarekin batera, bere izaerarekin taldearengan sortzen duen giro baikorra azpimarratuko nuke nik.
Joseph Fowler:
Jesusek lan egiteko oso ingurune positiboa sortzen du. Bere baikortasun ikaragarria eta interes apartekoa, sakona eta zabala, ditu horretarako lagun. Baikortasun hori da azterlanaren sostengu, guztiok ikerketan energetikoki inplikatuta edukiz. Bere interesa da, ordea, talde osoaren gidari. Azalpena behar duten gaiak hautatzen ditu, jakin nahi du ea gauzak zergatik diren diren bezala eta, jakina, ulertzea lortzen duenean gustura sentitzen da.
Xabier Lopez:
Jesus Mari Ugalde irakaslea tesi-zuzendaritzat izan dut. Bere laborategian pasatutako lau urte horiek benetan ahaztu ezinekoak dira. Zaila da, ez bakarrik Euskal Herrian baita munduan ere, ikerketa-talde bat aurkitzea non kalitate zientifikoa eta harreman pertsonalek sortutako giroa hain baikorrak izaten diren. Jesus Ugaldek eta bere karisma pertsonalak bi gauza hauek lortu ditu. Bere gaitasuna, ez bakarrik ideia onak izateko, baita “pasio” zientifiko bera bere ikasleei transmititzeko bere ikerketaren arrakastaren jatorria dira. Uste dut bere taldean denok lortu dugula kalitate handiko ikerketa-lana egitea eta kimika kuantikoaz maitemintzea (zaila dirudien arren). Berak lortzen du, “ziurgabetasun hastapenaz” oinarritutako kimika kuantikoaren arlo honetan argia egitea, bere baikortasuna “deslokalizatzen” eta zabaltzen laborategiaren espazio fisiko osoan. Eskerrik asko Jesus eta aurrera.
Oihana Elizalde:
Esan behar dut ni nahikoa berria naizela taldean eta lerro hauen bitartez gustatuko litzaidake Jesusi eskertzea taldean lan egiteko eman didan aukera. Eskertzekoa da ikasleoi konfidantza ematen diguten bera bezalako irakasleak egotea, eta ikasteaz gain, talde batean lan egiteko aukera eskaintzen dutenak. Bere lan egiteko moduari buruz, taldeko gainontzekoek bezala, ematen duen askatasuna eta bere jarrera baikorra azpimarratuko nituzke. Zorionak Jesus!.
Russell Boyd Dalhousie Unibertsitateko Kimika Departamentuko irakaslea:
Jesus Ugalderen nire lehen oroitzapenak 1982koak dira, Kimika Kuantikoko Nazioarteko Kongresuan, Uppsalan, Suedian, elkar ezagutu genuenekoak. 1983an Halifax-era lehen bisita egin zuenetik sarritan egin dugu lan elkarrekin eta Atlantikoa zeharkatuz bidai asko egin ditugu. Nire taldeari egin dizkion bisitek interes handia sortu dute ikasle eta lankideen artean. Jesus oso gogotsua da eta mundu guztiarekin era konstruktiboan ditu harremanak. Xabier Maria Munibe Saria irabazi duela eta, oso gustura idatzi ditut hitz batzuk bere omenez. Ondo merezitako saria du. Zorionak, Jesus. Ondorengo hamabost urteetan are hobeto arituko zara ikerketa-lanean, ziur nago.
Jesusen lanerako gaitasun eta alaitasuna ere eskertu nahi nituzke nik amaitzeko, hauekin bere lankide guztiok aurrera bultzatzen baikaitu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia