}

Jira eta buelta Rubiken kuboekin

2009/06/14 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Zenbatetan jolastu nintzen haurra nintzela Rubiken kuboarekin... horiek oroitzapenak! Oso gutxi mugitzen saiatzen nintzen, mugimendu-kopurua gogoratzeko modukoa izan zedin, eta atzera ere egin ahal izan nitzan. Baina alferrik zen. Azkenean, tarteko pauso bat ahaztu, eta ezin aska zitekeen korapiloa bilakatzen zen niretzat. Hantxe uzten nuen, hasieran kolore bakarreko aurpegiak zituen kuboa kolore-saltsa izugarri bihurtua...
Rubiken kuboa azkarren ebatzi duenak 7,08 segundo behar izan ditu
JinThai

Aurpegi bakoitzean 9 kubotxo dituen kuboa da ezagunena, baina kubotxo gehiagokoak eta gutxiagokoak ere badaude, baita beste hainbat formatakoak ere. Kuboaren alde bakoitzean kolore bakarra lortzea da helburua. Zergatik da, baina, hain zaila? Bada, alde bakoitzean bederatzi kubotxo dituen kuboaren kasuan, 26 kubotxo mugikor daudelako denera, eta sortzen duten konbinazio-kopurua izugarria delako. Guztira, 43 trilioi mugimendu baino gehiago egin daitezke; bai, 43 zenbakiaren atzean beste 18 zifra dituen zenbakia, alajaina!

Plastikozko buru-hausgarri mekaniko hura 1980ko hamarkadan esportatu zuten lehenengoz bere sorterritik, Hungariatik. Ernö Rubik eskultoreak asmatu zuen 1974an, handik hiru urtera Hungarian salgai jarri zuten, eta, izandako arrakasta ikusita, nazioartera zabaltzea erabaki zuten. Uste da munduan gehien saldu den jostailua dela: 350 milioi ale baino gehiago saldu direla kalkulatu izan dute.

Rubiken kubo bat deseginda; ikus daiteke erdiko kubotxoakbeti lotuta daudela, ezin dira inola mugitu.(Argazkia: PatrizioCuscito)

Zoririk ez, abilezia

Rubiken kuboa ebazteko, ez dago zortearen edo trukuen menpe egon beharrik; pausoz pauso jarraitu beharreko hamaika metodo daude, eta, horiei jarraituta, arazorik gabe lor daiteke kuboan nahaspilatuta dauden koloredun kubotxoak bakoitza bere koloreko taldera ekartzea.

Eskuliburuak ere badaude kuboak nola ebatzi irakasteko. Lehenengoa 1981ean argitaratu zuten, eta idazlea hamabi urteko mutiko bat izan zen. Gaur egun, Interneten laguntzaz, hainbat eta hainbat jarraibide aurki daitezke. Batzuek kuboa aurpegiz aurpegi ebazteko pausoak erakusten dituzte, beste batzuek kuboa geruzaka ebazteko pausoak, beste batzuek nahiago dute lehenik 2x2x2 kubo-zatitxoa ebatzi, eta hortik, pixkanaka, kubo osoa ebatzi arte hedatzen joan...

Hasiberrientzat ematen dituzten metodoetan, hau da, oinarrizkoetan, 100 mugimendu inguru behar dira kuboa osatzeko. Badira, dena den, askoz mugimendu gutxiago erabiltzen dituzten metodoak. Horiek ebazten asmatzeko, ordea, gutxieneko abilezia bat behar da.

Aurpegi bakoitzean 9 kubotxo dituen kuboa ezagunena bada ere, kubotxo gehiagokoak eta beste formatakoak ere badaude (Argazkia: Collin Anderson)

Matematikariak ordenagailuez baliatzen dira azkenaldian mugimendu gutxien beharko lituzkeen metodoa aurkitzeko. Dagoeneko aurkitu dute gehienez 22 mugimendutan ebazten duen metodo matematiko bat. Nolabaiteko lehiakortasuna dago, mugimendu gutxieneko ebazteko metodoa zeinek asmatuko.

Rubiken kuboen inguruko lehiaketak, dena den, ez dira alderdi horretara mugatzen. Mugimendu-kopurua alde batera utzita, Rubiken kuboa ahalik eta denbora-tarte txikienean ebazteko lehiaketak antolatzen dira 1982az geroztik. Lehenengo lehiaketa irabazi zuenak 22,95 segundo behar izan zituen ebazteko. Lehiaketa guztietan gertatzen den bezala, denbora aurrera joan ahala aurreko markak hobetzen joan dira, eta, dagoeneko, markarik txikiena 7,08 segundoan dago.

Oso dibertigarriak dira kubook ebazteko lehiaketa-kontuetan asmatu dituzten aldaerak. Antolatu dituzten lehiaketa xelebreen artean daude, besteak beste, begiak itxita ebazteko lehiaketak, esku bakarrarekin ebaztekoak, arnasa hartu eta burua ur azpian dutela ebaztekoak, burua behin ere atera gabe, hankako behatzekin ebaztekoak eta abar. Horra hor, denbora-pasa!

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia