}

Joan Jose Elhuyar

1992/11/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Joan Jose Elhuyar Lubize, Logroñon jaio zen 1754.eko ekainaren 15ean. Aitaren asmoa, Joan Jose eta Fausto Parisera bidaltzea zen, han ikas zezaten. Joan Jose botanikan aritu zen, baina batez ere kimika ikasi zuen.

Joan Jose Elhuyar Lubize, Logroñon jaio zen 1754.eko ekainaren 15ean, Azoka-kaleko etxe batean. Aita (Jean Elhuyar) Hazparnekoa zuen eta Ursula Lubize ama berriz, Donibane-Lohizunekoa. Donibanen 1746.ean ezkonduta, gurasoak Bilbora joan ziren bizitzera (aita Parisen ikasitako kirurgilari famatua zen) eta 1753. urtean Logroñora, han plaza aterata. Horregatik jaio ziren Logroñon Joan Joseren anai-arrebak ere: Fausto Fermin 1755.ean eta 1757. urteko abuztuaren 8an Maria Lorentza.

Joan Jose txikia zela, 1758.ean, ama hil egin zitzaien eta aita Donibane-Lohizuneko Dominika Elizagarairekin berriz ezkondu zen.

Aitaren asmoa, Joan Jose eta Fausto Parisera bidaltzea zen, han berak bezala ikas zezaten. 1772. urtean heldu ziren bi anaiak eta “Le Jardin du Roi” deitzen zioten ikastetxean aritu ziren. Mineralogia, kimika, kristalografia, fisiolo-gia, botanika, zoologia, etab. irakasten zuten. Badakigu Joan Jose botanikan aritu zela, baina batez ere kimika ikasi zuen (bere anaia Faustok bezalaxe). Dirudienez Hilaire Marin Rouelle zen irakaslea eta haren eskutik sartu ziren kimika esperimentalean.

Kanpoan ibili ondoren Bergarara itzuli zen, eta bertan ihardun zuen lanean, anaiarekin batera, wolframioa aurkitu arte.

Garai hartan kimika iraultza handia ari zen jasaten. Bismutoa, nikela, eta manganesoa adibidez, orduan aurkitu zituzten eta nomenklatura berria ere orduan ari zen ezartzen. Lavoisier, Berthollet, Guyton Morveau, Bergman, Scheele, Werner eta abarren lanak ezagutu zituen Joan Jose Elhuyarrek.

1777.ean Joan Jose Parisetik Bergarako Erret Mintegira (Xabier Maria Munibe eta Azkoitiko Zalduntxoek sortutakora) etorri zen lanera. Hurrengo urtean bere anaia Fausto etorriko zitzaion, baina berriz ere bi anaiak Europan zehar ibili ziren metalurgia eta mineralo-giako azken berrikuntzak ikasten, Espainiako itsas armadaren minis-traritzak bidalita; kanoiak egiteko azken aurrerapenez jabetzea nahi bait zuten. Paris, Strasburg, Mannheim, Frankfurt, Leipzig eta abarren barrena ibili ondoren, Freiburg-en Abraham Theophile Werner-en metalurgi teknikak ikasi zituzten.

1781.ean Austriara joan ziren udaberrian eta handik Hungariara. Vienan Born-eko baroiarekin egon ziren; zilarra purifikatzeko sistema asmatu zuenarekin.

1781.ean, anaia Fausto Bergarara itzuli zen, baina Joan Josek Suediarako bidea hartu zuen. Uppsalan Bergmanen ikastaroan egon zen. Bergman mineralak sopletez analizatzen oso aditua zen, eta dirudienez “wolfram”ezko laginak (orain wolframita deitzen zaion mineralezkoak) analizatzen zituzten.

Joan Jose dirudienez Ingalaterratik pasata, Bergarara itzuli zen eta harez gero bi anaiek batera egin zuten lan bertan wolframioa aurkitu arte.

Argitu beharra dago Bergarako laborategia oso ongi hornituta zegoela. Tunborg Suediarra bertan izan zenean, Uppsalan Torbern Bergman-ek hobea ez zeukala aitortu zuen. Gainera 1772.etik 1793.erarte ateratako Akten “Estraktoak” penintsulako lehen aldizkari zientifikotzat har daitezke.

Elhuyar anaiek, Bergarako laborategian 1782.ean wolframio deitutako elementu kimikoa lehen aldiz isolatu eta Gasteizko batzar nagusietako Aktetan argitaratu ziren erabilitako prozeduraren xehetasunak.

Gero Joan Jose Ameriketara joan zen, Nueva Granada-ko (oraingo Kolonbiako) meatzeetan aurrerakuntzak eragitera. Bere koinatu Angel Diazekin joan zen hara (Angel Diaz bere arreba Lorentzarekin ezkonduta zegoen eta metalurgian nahiz mineralogian aditua zen).

Kolonbiako meatze-ustiapenak hobetzen aritu zen eta Mutis-en espedizio botaniko famatuan ere parte hartu zuen. Mineralogian espezializatutako injineru militarren sail berezia sortzea proposatu zuen, baina ideia hura ez zen gauzatu.

Buruko atake batez hil zen Bogotan, 1796.eko irailaren 20an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia