John Durant: "Komunikazioa lantzen ez duen zientzialaria arrakastarik gabeko zientzialaria da"
2007/10/01 Urruzola Arrate, Manex - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nire emaztea estatubatuarra da, Harvard Unibertsitateko irakaslea, eta denboraldi batean transatlantikoak izan gara. Zortea izan nuen 2005ean MITera etorri ahal izan nuelako; horrek gure familiaren petrolio-aztarna gutxitu du pixka bat!
MIT Museoaren eginkizuna da ikerketa eta berrikuntza denentzat ulergarri egitea. MIT erakunde paregabea da, mundu mailako ikerketa-tradizio bereizgarria du zientzia-, ingeniaritza- eta teknologia-esparru guztietan. Pribilegio izugarria da jarduera horiek guztiak gizarteratzeko arduraduna izatea; Museoa hedatuz eta ikuslegoaren profila zabalduz, modu eraginkorragoan eragin nahi dugu.
Dibulgazio-ekintza garrantzitsua gidatu du aurten MIT Museoak: Cambridgeko Zientzia Jaialdiaren lehen edizioa. Bestalde, irailean ireki da gure erakusketa % 50 zabaldu duen solairuaren hedapena, kaletik askoz ikusgai eta nabarmenago egiten gaituena. Garapen garrantzitsu horiek oso modu esanguratsuan hasten dute plan estrategikoarekiko lotura, nire ustez.
Garrantzi handiko hiru gauza egiten ditugu: MITeko ikerketa eta berrikuntza esanguratsuenen materialaren bilduma egiten dugu; erakusketa iraunkor eta aldi baterakoak sortzen ditugu; eta hainbat motatako egitarauak garatzen ditugu: museoari loturiko hainbat, eta baita gizartera zabaldutako beste hainbat ere.
Zientzia-museo askoz handiagoetan lan egin izan dut, baina inon ez dut aurkitu MIT Museoan bezainbesteko aukerarik lehen mailako zientzia- eta teknologia-tresnak biltzeko. Zuzendari izan naizen denbora laburrean, honako hauek eskuratu ditugu: 1960ko hamarkadako Apollo ilargi-programako ingeniaritzako jatorrizko eredu eta gidaliburuak; itsas sakoneko munduko lehen albo-esploraziorako sonarra, esplorazio zientifikoa hainbeste ireki zuena; Claude Shannon-ek azken urteetan sortu zituen jostailu mekaniko eta elektromekanikoen bilduma zoragarria; eta XX. mendearen erdialdeko zientzia- eta teknologia-informazio aitzindaria, batzuk aipatzearren. Nire buruari galdetzen diot: munduko zein beste txokotan aurki daitezke honelako harribitxiak?
Nola egiten den. Laborategi batzuetan egiten dena ikustea pintura lehorra ikustea bezalakoa da neurri batean, baina batzuetan zientzialariek oso gauza interesgarriak egiten dituzte, eta ia beti dute zerbait interesgarria esateko egiten ari direnaren inguruan. Alegia, 'Laborategi irekiak' bertan egongo diren zientzialariekin batera antolatu behar dira, eta, ahal bada, gertatzen ari denari buruz elkarrekin hitz egiteko aukera izan behar dute ikusleek eta zientzialariek. Horixe egiten saiatu gara MIT Museoan Lab-Link ekimenarekin: ikusleak eta laborategian dauden ikertzaileak konektatuko dituen zuzeneko bideokonferentzia-ekitaldia.
Komunikazioa lantzen ez duen zientzialaria arrakastarik gabeko zientzialaria da. Komunikazioa zientziaren oinarrizko atal bat da; zientziak berekin dakar giza ezagutzarentzat egin den ekarpena besteei jakinarazten saiatzea. Horri buruzkoa da zientzia-argitalpen prozesua, erritu izugarri bihurtu dena. Lehenago edo geroago, merezi duten aurkikuntzak ezagutarazteko kudeaketan arrakastarik ez duten zientzialariak beren lanetik kanpo egongo dira. Beraz, zientzialaria izan nahi baduzu, izan zaitez komunikatzaile ona!
Beti sinetsi izan dut zientzia- eta teknologia-museoak oso garrantzitsuak direla adituen eta gizartearen arteko elkargune gisa. Gure museoak konpromiso publikorako foro moduan garatu behar ditugu; ikasteko, noski, baina baita elkarrizketarako eta eztabaidarako ere. Horixe ari gara egiten hemen, MIT Museoan. Artearen munduarentzat Arte Garaikideko Institutu bat zer den, horixe izan nahi dugu guk zientziaren eta ingeniaritzaren munduarentzat.
Galdera asko dira batera. Hauxe da nire aholkua: izan aipagarria, izan zorrotza, izan argia; ez izan zeure ikuslegoaren bezero; eta ez ezazu zeure burua hain serioski hartu.
"Sinets iezadazu, zientzialaria naiz eta" esan ahal izateko egunak bukatu dira. Orain, beren iritzia kaleratzean aurre egingo dietela pentsatu behar dute zientzialariek; eta, beste profesional batzuek egin duten moduan, horren aurrean nola jokatu ikasi behar dute. Zientzialariei aurre egiteak ez du derrigor esan nahi zientziaren aurkakoa izatea, autoritatearen aurkakoa izatea baizik.
Egiazki, zientzialariak dira gizarteko talde profesional guztietatik errespetuaren gainbeheragatik gutxien arduratu behar luketenak, zientzia bera baita autoritatearen aurkakoa. Hipotesi baten aurrean, zientzialariek arrazoiei eta frogei erreparatu behar liekete, eta ez hipotesia proposatu duenaren izen, titulu eta kalifikazioei!
Funtsezko informazio-, ideia- eta iritzi-iturria da kazetaritza zientifikoa. Nire ustez, kazetaritza zientifiko onena kazetaritza orokor onena bezalakoxea da: ezezaguna dena ezagutarazten du, iluna dena argitzen du eta eztabaidagarria denari aurre egiten dio. Azken finean, ez dago kazetaritza zientifiko eta kazetaritza politikorik; kazetaritza ona eta kazetaritza txarra besterik ez dago.
MITera iritsi eta handik gutxira esaldi hau entzun nuen: "MITen ospea handitu egiten da Charles-tik urrundu ahala" (Charles hango ibaiaren izena da). Pentsatu nuen ziur aski horrelako zerbait gertatuko zela. Izan ere, 1990eko hamarkadan irakasle izan nintzen Londresko Imperial College-n, eta "Europako MIT" gisa ezagutzen da hura! Nork esan zuen imitatzea dela lausengatzeko erarik zintzoena?
Urduri, adi-adi, zalantzati, eta batzuetan kezkati samar ere sentitzen naiz; alegia, beste edonor bezalaxe!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia