}

Juan Luis Arsuaga: “Zientziaren dibulgazioa industria bat da, eta hala tratatu behar dugu”

2010/05/13 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia | Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

K ritikoak izan dira Juan Luis Arsuaga paleontologoa eta Luis Serrano genetista Media for Science Foroa ren irekiera-ekitaldian. FECYT eko zuzendari Lourdes Aranaren ongi-etorri mezuaren ondotik hartu du hitza Arsuagak, eta zuzen heldu dio gaiari.

Media For Science Forum 2010.

Zientziaren komunikazioa denari eta ez denari buruzko analisiarekin abiatu nahi izan du Arsuagak foroa. Zehazki, zientzia zer den analizatu du. Izan ere, "Ferran Adriá zientzialaria bada, zientzia zer den galdetzen hasi beharko dugu", esan du.

Aranak FECYTek bultzatutako Agenda Ciudadana de Ciencia e Innovación proiektua aurkeztu du, eta hartaz aritu dira hizlariak. Proiektu horren bidez, 2030ean gauzatzea nahi duen erronka baten alde bozkatzeko aukera du edonork, eta Ferrán Adriá da 14 erronkak aurkezten dituzten "zientzialarietako" bat. Ez Arsuagak ez Serranok ez dute begi onez ikusi proiektuaren ikuspegia. "Gauza bat da gizarteak eskumena izatea zientzialariek garatutako teknologiarekin zer egin erabakitzeko, eta hori, jakina, badagokie; beste bat da, ordea, gizarteak zuzenean erabakitzea non ikertu eta non ez", adierazi du Serranok. Serranoren ustean, gizarteak eta politikariek ez dute irizpide eta jakintza sendorik azken hori erabakitzeko, ez eta interes handirik ere zientzian sakontzeko; ondorioz, arriskutsua iruditzen zaio halako erabakiak gizartearen esku uztea: "nik dakidala ez da inoiz zientzialari bat gonbidatua izan Espainiako kongresura zientziak dituen erronkez hitz egitera, AEBn egiten den bezala".

Zientziaren komunikazioaren analisi sistematikoa egitean hezkuntza eta dibulgazioa bereiztu behar direla azpimarratu du Arsuagak, baita dibulgazioa eta saiakera ere. "Baina nola bereiztu? Heziketa umeentzat, dibulgazioa helduentzat? Bata nahitaezkoa, bestea boluntarioa? Non bukatzen da bata eta non hasten da bestea?". Arsuagak karga gisa aurkeztu du zientzialarien idatziak dibulgazio gisa definitzea. Literatura zientifikoa idazten dutela defendatu du: "Dawkinsek eta Lovelockek ez dute dibulgazioa egiten, —esan du— eta Gould-ek ere ez zuen egiten. Inoiz ez dut entzun inor esaten Kantek filosofiaren dibulgazioa egiten zuenik!" Zientzialariek euren gaiei buruz idazten dutenean, gauza bera egiten dute denek: ikuspegi bat hartu eta eman gairi buruz. "Eta hori saiakera da, ez da dibulgazioa. Ideiak hedatzen dituzte, eta batzuek ikaragarrizko eragina izan dute zientzian, Nobel saririk inoiz irabazi ez duten arren", azpimarratu du.

Dibulgazioa industria bat dela ere garbi defendatu du Arsuagak: "liburuak, museoak, erakusketa ibiltariak, erosi, alokatu eta ordaindu egiten dira. Produktu komertzialak dira, eta ez dugu ahaztu behar hori. Dirua mugitzen da hor". Aipatu du zientziaren komunikazioa betebehar moralarekin lotzen dela askotan, alde batera utziz haren alderdi industriala, eta akats bat dela hori egitea. Industria bat den aldetik, esportatzaileak eta kontsumitzaileak daudela azpimarratu du Arsuagak, eta, "Rodriguez de la Fuenteren garaitik" ez dela egin ezer esportagarririk Espainian ikus-entzunezkoen arloan.

Industria sendo bat garatzeko beharra nabarmendu du Arsuagak, eta, industria horren bidez, lider zientifikoak bultzatzekoa: "Dibulgazioaren alde asko egiten du protagonistak berak kontatzea, lehen eskukoa izatea informazioa, gertutasuna ematen diolako gizarteari. Mezua ez da berdin iristen zure gizarteko kide batek kontatua izan edo ez, primate sozialak garelako."

Zientzialarien gertutasunari helduta, Serranok autokritika pixka bat egin du, eta esan du zientzialari askok ez dakitela nola hitz egin publikoarekin: "Beste zientzialariekin nola hitz egin badakigu, baina ikusita nago zientzialariak hondoratuta kreazionista batekin eztabaidan, ez dakitelako nola egin aurre eztabaida-mota horri. Ikasi egin behar dute".

Datu zientifikoak eta jarrera moralak nahasteko arriskuaz ere aritu da Serrano. "Izan ere, -esan du- zuzentasun politikoak talka egiten du batzuetan debate zientifikoarekin; gaizki-ulertuen iturri izan daiteke homosexualitatearen jatorri genetikoaz hitz egitea, edo etnien arteko desberdintasun genetiko estatistikoez". Gauza bera sasi-zientzien kasuan: "zientziaren erabilera publizitarioak zein sasi-zientifikoak kalte handia egiten diote zientziaren prestigioari".

Zaleak vs kazetariak

Goizaren bigarren zatiak zientzia-kazetaritza arruntaz eta zientzia-blogen gorakadaz aritu dira hizlariak. Boladan daude zientzia-blogak, eta horren erakusle dira Microsiervos -eko Wichok emandako datuak: milioitik gora bisitari hileko, eta 100.000 lagun harpidetuta blogaren RSS jarioetara.

Zaleek egindako dibulgazioaren garaipenaren seinaletzat jo du Wichok zientzia-gaiak lantzen dituzten blogen gorakada eta jarraitzaile-kopurua. "Zientzia-kazetariok beste lanen baten bila hasi behar ote dugu?" galdetu dio orduan entzuleetako batek. Izan ere, saihestu ezinezkoa da halako foro batean kazetari-lanbidearen egoerari eta komunikabideen krisiari buruzko eztabaida.

Media For Science Forum 2010.

Hainbat esaldi

Quentin Cooper, BBCko kazetaria:

"Komunikazioa ez da zientziari erantsi behar zaion ezer, berezkoa duen zerbait baizik".

"Zientzia ez da edo sendabidea edo mehatxua, komunikabide batzuek usten duten bezala".

Luis Serrano, Erregulazio Genomikoko Zentroko zuzendariordea:

"Ikusia nago zientzialariak hondoratuta kreazionista batekin eztabaidan, ez dakitelako nola egin aurre eztabaida mota horri. Ikasi egin behar dute".

"Cervantes erabilgarria da? Zientzia berez da ederra, ezagutza per se kontzeptua berreskuratu behar dugu"..

"Politikariek esaten dute izugarri gustatzen zaiela zientzia, baina hori esan eta bi minutura ahaztu egiten dute. Eta, interes handiagoz hartzen ez duten bitartean, hotsandiko gaietarako bakarrik emango dute dirua".

"Ikerketa-gairen batek berehalako irabazia ematen badu, industriak babestuko du; bestela, erakunde publikoek babestuko dute".

"Guk garatzen dugun teknolgia zertarako erabili erabaki behar du jendeak. Hor sartu behar dira jendea eta politikariak, hori erabakitzera. Baina ez erabakitzera genetikan ikertu behar dugun edo ez, irizpide sendorik gabe".

Juan Luis Arsuaga, paleontologoa:

"Esfortzurik gabe ikasteak ez du ezertarako balio. Esfortzuan dago saria".

"Zientziak ez du dibertigarria izan behar; interesgarria izan behar du".

"Politikariek ez dakite zientzian aritzea lehiaketa bat dela, eta mundu osoko zientzialariak ari direla lehian; horretaz jabetuko balira ikusiko lukete zer baliabide-behar duten zientzialariek ikertzeko".

"BBCk ez ditu dokumentalak egiten gizateriari mesede egiteko, saltzeko eta horrekin dirua irabazteko baizik".

Wicho, Microsiervoseko blogaria :

"Zaleen arrakastaren erakusle da web 2.0; web 2.0 mundua aldatzen ari da, komunikatzeko bide zuzen bat ireki baita zientzialarien eta erabiltzaileen artean".

Pablo Jauregi, El Mundoko zientzia-kazetaria:

"Egunkariek zientzia-atala izatea ezinbestekoa da kazetari zientifikoek ahotsa eta jarraitasuna izan dezaten egunkarietan".

"Zientzia-albisteak asko irakurtzen dira egunkarien edizio digitaletan, batez ere lehen orrialdean ateratzen direnean. Hori oso garrantzitsua da, indarra izan dezakeelako gero inprimatutako edizioan zer albiste jarri erabakitzeko".

Tim Radford, The Guardian egunkariko kazetaria:

"Arazoetako bat zientziaren lengoaia da, jende gehienarentzat ezezaguna delako. Oxford Hiztegiaren zuzendariari galdetu nion behin zenbat hitz eman dizkion biologiak hiztegiari: 60.000, esan zidan. Shakespearek 30.000 hitzekin idatzi zuen bere obra osoa!".

"Zientzialariengana joan behar da, galdetu eta haiekin hitz egin; hor aurkituko ditu kazetariak istorioak".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia