Jupiterko gas-lasterren zorrotadak argitzen
2008/01/24 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Gasezko planeta handietan, gas-zorrotaden lasterrek kontrolatzen dute atmosferaren zirkulazioa.
2007ko martxoaren bukaera aldera, Jupiterren horrelako zorrotada bat gertatu zen, eta inoiz lortutako irudi zehatzenak egin zizkion nazioarteko talde batek; taldea Agustín Sánchez-Lavega Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak koordinatzen du.
Hainbat teleskopiorekin behatu zuten gertaera, eta argi infragorrian eta ikusgaian lortu zituzten irudiak (argazkian, bi irudi-motekin egindako muntaia bat ikus daiteke). Bi ekaitz distiratsu gertatu eta gero sortu zen zorrotada, eta oso bortitza izan zen: orduko 600 kilometroko abiadura zuela kalkulatu zuten.
Aurretik beste bi aldiz ere behatu zituzten horrelako gas-zorrotadak, 1975ean eta 1990ean, hain zuzen ere. Zientzialariek hiru fenomenoak konparatu dituzte, eta ikusi dute zorrotadak periodikoak direla (15-17 urtetik behin gertatzen dira), kasu guztietan zorrotadaren aurretik bi ekaitz egon direla eta denetan abiadura bera izan dutela zorrotadek.
Ez dakite zergatik dituzten ezaugarri horiek, ezta nondik ateratzen duten ere zorrotadek eratzeko behar duten energia: Eguzkitik iristen den erradiazioak ematen dien, Jupiterren barne-energia handi bat den edo bien konbinazio bat den. Eztabaida handia dago planeta-metereologoen eta gainerako zientzialarien artean.
Argazkia:
NASA-ESA eta GCP-UPV/EHUGai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia