Jupiterreko atmosfera, bi kamerarekin
2010/03/18 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Jupiterreko atmosferako hainbat tenperaturatako aire-masen zurrunbiloei antzeman diete Txileko Teleskopio Handiak ateratako irudietan. Hain zuzen, infragorriaren eremuko uhinak jasotzen ditu teleskopio horrek, eta, Europako Hegoaldeko Behatokiko ikertzaileek adierazi dutenez, lau graduko tenperatura-desberdintasuna duten aire-masek eratutako zurrunbiloak ikusten dira. Goiko irudian, kolore argieneko eremuak aire beroena dutenak dira.
Aire guztia oso tenperatura txikietan dago, -160 ºC-tan, gutxi gorabehera, baina batzuen eta besteen artean lau graduko desberdintasuna egotea nahikoa da zurrunbiloak eratzeko. Beheko argazkian, Hubble espazio-teleskopioak argi ikusgaiari antzematen dion kamera batez eremu berari egindako argazki bat ikus daiteke. Uhin infragorrien irudian ikusten diren masak kolore zuriko, gorriko eta marroiko masak dira.
Argazkiak: NASA/JPL/ESO eta NASA/ESA/GSFC
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia