}

Kakalardo erraldoien muga

2007/08/13 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Munduko kakalardo-espezie handiena Amazona oihaneko Titanus giganteus da, arraren batez besteko neurria 13,5 cm da eta ia 17 cm-rainokoak ikusi izan dira (antenak kontuan izan gabe). Galantak dira, baina askoz kakalardo handiagoak izan ziren garai batean, Paleozoiko berantiarrean. Nolatan desagertu ziren bada intsektu erraldoi haiek? Galdera horri erantzun nahian intsektuen tamainaren muga non dagoen eta zeren araberakoa den ikertzen dihardute Argonne laborategiko ikertzaile batzuek.

X izpi bidez, oso tamaina diferenteetako lau kakalardo-espezieren barruari erreparatu diote. Eta ikusi dute handienek hodi trakeal handiagoak dituztela proportzioan txikiek baino —oxigenoa gorputz-atal guztietara garraiatzeko erabiltzen dituzten egiturak dira hodi trakealak—. Ikertzaile horien arabera, hanketako hodi trakealek mugatzen dute, batez ere, kakalardoen tamaina; eta egin dituzten kalkuluen arabera, kakalardoak izan dezakeen tamaina handiena Titanus giganteus-ak duena da, hain zuzen ere.

Hortaz, nola bizi izan ziren horiek baino kakalardo handiagoak? Bada, azalpena airearen oxigenoan dago: Paleozoiko berantiarrean, aireak orain baino oxigeno gehiago zuen, eta, hortaz, errazago zabaltzen zen kakalardoaren gorputzean.

Argazkia: Argonne National Laboratory

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia