Kakalardo pilotagilearen estrategia
2002/08/07 Elhuyar Zientzia
Ez, baina, pilotatxoak egiteko erabiltzen duena, baizik eta urik galdu gabe arnasteko erabiltzen duena. Izan ere, intsektuek ur asko galtzen dute arnasa hartzen duten bakoitzean, eta Hegoafrikako gune lehorretan bizi diren kakalardo pilotagileak ez dira salbuespena. Horiek, ordea, beste kakalardoek ez bezala hartzen dute arnasa. Gerrialdean dituzten poro guztietatik airea barreiatzen utzi ordez, bakarra edukitzen dute irekita. Aireak kakalardo guztietan egiten duen bide bera egiten du gorputz barnean, baina berriz ere sartutako tokitik irteten da. Beste kakalardoetan, airea poro batzuetatik sartu eta beste batzuetatik irteten da.
Ikertzaileen ustean, estrategia berezi horri esker, kakalardo pilotagileak hezetasun gutxiago galtzea lortzen du, nahiz eta mekanismoaren nondik norakoak oraindik ez dituzten ulertu.
Ikerketa Journal of Experimental Biology aldizkarian argitaratu da, abuztuaren 15eko zenbakian.
Informazio gehiago Marcus Byrne-ren web gunean
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia