}

Kakalardoen eboluzioa argitzen

2008/01/03 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Munduan 350.000 kakalardo-espezie baino gehiago dago; ia edonon bizi dira, espezie batzuk ez badira, besteak. Ezaugarri batek biltzen ditu guztiak talde bakarrean: hegalentzat babes-estalki bat dute. Hortik aurrera, askoz zailagoa da ezagutzen diren espezie guztiak taldetan sailkatzea, taldeak elkarren artean ahaidetzea, eta talde batzuk besteetatik noiz bereizi ziren zehaztea.

Lan horretan aritu dira Alfried Vogler sistematikari molekularra eta haren taldekideak. Horretarako, jadanik deskodetuta zeuden kakalardo-espezieen DNA-sekuentziak konparatu dituzte. Sekuentzien antzekotasunak eta desberdintasunak bilatu dituzte, eta kakalardoen zuhaitz genealogikoa sortu dute. Bilduta zeuden espezieez gainera, beste zazpiehun espezieren DNA aztertu dute, eraikitzen ari ziren zuhaitzak zituen hutsuneak betetzearren. Denera, 1.900 kakalardo-espezierekin egin dute zuhaitza.

Horrelako sailkapenak egiteko DNA-sekuentziak erabiltzea gauza berri samarra da. Orain dela gutxi arte, bizidunen ezaugarri morfologikoak erabiltzen zituzten. Eta, egia esan, ez dago desberdintasun handirik talde horrek egin duen sailkapenaren eta lehendik egina zegoenaren artean.

Hala ere, ikerketa honek ekarpen bat egin du: sailkatzeko modu berriari esker jakin ahal izan dute noiz banatu ziren talde batzuk besteetatik, gutxi gorabehera . Eta horrek bai, orain arte egiatzat jotzen zen ideia bat ezeztatu du. Orain arte uste zuten loredun landareak ugaritu eta gero ugaritu zirela kakalardoak, elikadura- eta bizileku-iturri ugari eskaini baitzieten. Ikerketan lortu dituzten datuek, ordea, agerian uzten dute loredun landareak ugaritzen hasi zirenerako jadanik ehundik gora kakalardo-talde zeudela. Hau da, bat ez da izan bestearen ondorioa.


Argazkia: David R. Maddison

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia