}

Kaligrafia, parkinsona hautemateko

2010/08/29 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Norberaren idazkerak hitzak baino harago doazen irakurketak izan ditzake. Analisi grafologikoek idazlearen nortasunaren berri ematen dutela, adibidez, jakina da. Albiste berria da, ordea, kaligrafia Parkinsonen gaixotasuna hautemateko tresna ere izan litekeela. Teknologia berriekin uztartuta, diagnostiko “goiztiarra” egitea ahalbidetuko lukeela diote hainbat herrialdetako ikertzaileek.
Parkinsonak mugimenduen kontrol eskasa eragiten du.

Parkinsona nerbio-sistemari erasotzen dion gaitza da. Mugimenduaren kontrola eta koordinazioa nahiz giharren tonuari eta jarrerari eusteko ardura duten garuneko alderdietan izaten du eragina. Garunean dopamina gutxitzen denean sortzen da. Eta dopamina beharrezkoa da bizkor eta koordinazioarekin mugitzeko. Horrenbestez, gaixotasunaren adierazpen nagusia mugimenduen kontrol eskasa izan ohi da: dardara, giharren zurruntasuna eta mugimenduari ekiteko geldotasuna eta zailtasuna dira adierazlerik argienak.

Gaixotasuna 1817an deskribatu zuen lehen aldiz Londresko James Parkinson fisikariak. Ordutik hona etengabe ikertu da, baina, oraindik ere, gaitzaren oinarriak ez daude argi. Gainera, parkinsona oro har nahiko aurreratuta dagoenean detektatzen da; gizakiarengan sintomak agertzen direnerako garuneko lesioak oso larriak izaten dira eta gaixotasunak ez du itzulbiderik izaten.

Diagnosi goiztiar bat lortzea erabakigarria da, beraz, gaixotasunari nolabait aurrea hartu ahal izateko. Eta bide horretan egiten ari diren saiakeren artean koka liteke, hain zuzen, oraintsu plazaratutako metodo berritzailea ere.

Bada, Ávilako Hispafuentes enpresak sistema informatiko bat garatu du, atzerriko beste zenbait erakunderekin elkarlanean. Horren bitartez, ikertzaileek diote posible dela parkinsona pairatzeko “aukera handiak” izan ditzakeen pertsona bati gaitza “hasierako fasean edo aldez aurretik” hautematea. Gakoa? Haren kaligrafiari erreparatzea.

Behaketa, nola?

Irudian ageri den antzeko ordenagailu batean zenbait kaligrafia-serie idatzi ostean, ikertzaileek emaitzak alderatzen dituzte, bariazio posibleak ikusteko.

Ikertzaileek diotenez, elektrokardiograma baten antzera hasten da prozesua; baina, kasu honetan, sentsoreak idazteko erabiltzen den besoan soilik jartzen dira, mugimendu muskularrak eta estimulu neurologikoak erregistratzeko.

Besoan jarritako sentsoreek bildutako informazioa zerbitzari bati bideratzen zaio, WiFi bitartez. Eta zerbitzari berera iristen dira idazteko erabiltzen den arkatz digitalaren eta Tablet PCaren datuak ere

teklatua ordezkatzen duen boligrafo berezi bati esker, halako gailuen erabiltzaileak koaderno batean bezala idazten du

Idazten ari den unean, pertsonaren muskulu- eta nerbio-portaerari behatzea da metodoaren oinarria. “Normaltzat” hartzen diren idazteko patroi batzuk baliatuta, zenbait kaligrafia-serie behin baino gehiagotan idatzi behar ditu pertsona horrek. Eta gero emaitzak alderatzen dira, bariazio posibleak ikusteko. Datuak desglosatzen joaten dira, ondoren egiaztapen zorrotz bat egin ahal izateko, alegia.

Dardara izaten da gaixotasunaren adierazlerik argienetako bat.

Aldez aurretik, ohikoak ez diren grafismoez ohartarazi ahal izateko, aditu talde batek (medikuntzako aholkulariak tartean) zenbait parametro ezartzen ditu. Ariketak egindakoan, berriz, softwarea da errepikatutako testuak aztertu eta joerak bilatzen dituena.

Avilakoekin batera, Erresuma Batuko, Alemaniako, Finlandiako eta Holandako ikertzaileek ere parte hartu dute proiektuan. Lehenbiziko aplikazioak irailean egin nahi dituzte, Finlandiako osasun-zentro batean. “Diagnosi klinikoa egiten duen medikuaren jardueran osagarri izan liteke hau ere. Arrakasta izateko berme handia duela uste dugu, antzeko tresnarik ez baitago eta parkinsonak jota jende ugari baitago nonahi”, esan dute.

Bada, dauden datuen arabera, 100.000 biztanleko 20 parkinson-kasu berri agertzen dira urtean. Egun, 800.000 bat kaltetu daude Europar Batasunean.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia