}

Kalitatea, moda hutsa baino gehiago

1996/12/01 Irureta Azkune, Onintza | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kalitatea, osoko kalitatea, kalitate globala. Hamaika aldiz entzun ditugu kontu horiek eta kasu ia guztietan, iharduera ekonomikoren batekin loturik. Moda-modan dagoen kontzeptua da, inondik inora, kalitatearena. Alabaina, moda hutsa baino askoz gehiago dela esan ziguten Donostiara etorritako adituek. Honezkero jakingo duzuenez, Kalitatea, Hezkuntza eta Enpresa izeneko ihardunaldiak egin berri dira Miramar Jauregian. Eta bertara joan ginen gu ere, ondokoa zuretzat, irakurle, biltzera.
Mexikoko Monterreyko Teknologia Institutua
Etengabeko Hobekuntza Programako koordinatzailea
Illinoisko Unibertsitateko irakaslea
Euskal Herriko Unibertsitateko Kalitatearen katedra gidatuko du hasieran New York-eko institutuko irakaslea
Kalitatearen aldeko programatan aitzindaria

Azaroaren 7an eta 8an burutu ziren ihardunaldiak Donostian. Kalitatearen inguruan orain arte egin diren esperientziak ezagutzera emateko aukera egokia izan zen, baina antolatzaileen asmoa ez zenberri emate soilera mugatzen. Asmo horiek azaltzeko, Eugenio Ibartzabalengana jo genuen; izan ere, Gipuzkoa XXI eztabaida-guneko kidea da berau, ADEGI, ELKARGI, Kutxa Fundazioa eta Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatzen dituen taldeko kidea, hain justu.

Berak zioenez, “ kalitatearen kontzeptua moda soiltzat hartzeko arrisku handia dago. Momentuan momentukoari erantzun behar izaten zaiolako, erakunde eta enpresa asko itsu-itsuan sartu dira kalitate programetan. Areago, programa horietan jasota dagoen filosofia berriaz jantzi ordez, nahiago izan dute kalitate-ziurtagiria eskuratuta kalitatearen kontu hori amaitzen dela sinistea. Horientzat, beraz, kalitatearena moda bat da, oraintxu eskatzen den zerbait, baina laster ahaztuko dena. Ni, noski, ez naiz iritzi berekoa ”.

Hari horretatik tiraka, berehalaxe iritsi zen gure solaskidea kalitatea ulertzeko gaur egun dauden modu desberdinak aztertzera. Arestian esan bezala, kalitatea mundu-mailan konpetitu ahal izateko baldintza bezala ulertu omen da kasu batzuetan; “ horientzat —esan zigun Eugenio Ibartzabalek— kalitatezko produkzio-sistema mundu osoko bezeroen ateak zabalduko dizkion agiria baino ez da; kalitateak ez du kasu horietan produkzioaren muina aldarazi eta kalitate-prozedurek hasieran sortzen duten nahaste burokratikoa gaindituta, berehala barneratu da, ez baitu ia batere aldaketarik eragin erakundearen funtzionamenduan. Kalitatea, ordea, hori baino askoz gehiago da ”. Eugenio Ibartzabalek Etengabe hobetzeko pasioa izeneko liburua argitaratu berri du eta bertan, kalitatea giza ikuspegitik aztertu du.

Eugenio Ibartzabalek dioenez, "kalitatea ez da kanpotik ezarri zaigun funtzionatzeko modu arrotz bat, berezkoa dugun hobetzeko nahia baizik. Gurari hori bideratzeko sortzen dira kalitatea bermatzeko sistemak eta kudeaketa prozedurak, baina horiek guztiak, azken batean, kalitatera iristeko bitartekoak baino ez dira".

Hain zuzen ere, horretara bideratu zuen berehala gure solasaldia hizketakideak: “ Nire iritziz, kalitatea gauzak ikusteko beste modu bat da; filosofia hitza aipa genezake, baina batzuek berehala susmo txarra hartuko diote. Nire iritziz, guztiok dugu barne-barnean gauzak ongi egiteko gogoa: gure bizitza pertsonala zaindu nahi dugu, lantokian gustura egon nahi dugu, gure lana eraginkorra eta baliogarria izatea nahi dugu eta, nolabait esatearren, egiten dugunaren jabe izan nahi dugu. Kalitatea giza ikuspuntutik aztertzen badugu, horixe da lehen-lehenik azpimarratu behar dena; hau da, kalitatea ez da kanpotik ezarri zaigun funtzionatzeko modu arrotz bat, berezkoa dugun hobetzeko nahia baizik. Gurari hori bideratzeko sortzen dira kalitatea bermatzeko sistemak eta kudeaketa-prozedurak, baina horiek guztiak, azken batean, kalitatera iristeko bitartekoak baino ez dira ”. Jokaera horren arabera, iharduera guztiak, ekonomikoak zein maila pertsonalean burutzen ditugunak, globalki aztertu behar dira, benetan garrantzitsua dena aurkitzeko; Eugeniok zioenez, zer lortu nahi dugun garbi eduki behar da, helburuak finkatu behar dira eta horietara iristeko zer behar den aztertu.

Prozedura hori hezkuntzara ekarrita ere, eskolaren edo zentroaren helburuak finkatu egin behar dira eta horren arabera ihardun. “ Migel Anjel artista paregabeari behin galdetu omen zioten, bere Dabid eskultura ikusgarria aurrean zutela, nola litekeen harri puxka batetik horrelako ezer lortzea; eta bere erantzuna nahikoa adierazgarria iruditzen zait: ‘erraza izan da, soberan zegoena kendu eta hantxe zegoen’. Horra, kalitatezko produkzioa ”.

Bidea urratzen, oinarriak jartzen

Kalitatearen kultura hezkuntzan txertatzeko Donostian egin diren ihardunaldi hauetan Tolosa, Bergara, Usurbil eta Martuteneko Lanbide Heziketako zentroen esperientzia ere ezagutu genuen. Lau ikastetxe horiek Ikaslan erakundeko kideak dira eta bi urte eman dituzte kalitatearen kudeaketa eguneroko zereginetan integratzen. Gipuzkoa XXI Foroko kideek hauengana jo zuten kalitate-prozeduren berri ematera eta berehala jarri ziren martxan.

Iñaki Mujikak, Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendariak esan zigunez, “maila pertsonalean balio izan digu, gure erakundean egin behar diren aldaketak aurreikusteko aukera eman digu, lankideak gehiago inplikatzen lagundu digu eta gure eskolak kudeatzeko eredu egokia ere eman digu esperientzia honek”.

Beren lana, bada, bide-urratzaile izan da, ordura arte ez baitzen antzeko esperientziarik gure artean. Lau ikastetxeetako zuzendariek azaldu zutenez, hezkuntzan erabateko kalitate-ereduak nagusituko dira aurki eta, kontrako iritziak entzuten badira ere, etorkizunean erabat onartuko dira sistema horiek. Hitz batean, bi urteko esperientzia hori erabat arrakastatsua izan dela adierazi zuten zentro hauetako zuzendariek. Lau mailatan nozitu omen dute esperientzia horren ekarpena; Iñaki Mujikak, Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendariak esan zigunez, “ maila pertsonalean balio izan digu, gure erakundean egin behar diren aldaketak aurreikusteko aukera eman digu, lankideak gehiago inplikatzen lagundu digu eta gure eskolak kudeatzeko eredu egokia eman digu ”.

Antolatzeko orduan, bada, abantailatsua izan da erabateko kalitatea abiaraztea, baina oraindik ez da egitasmo horren emaitza ukigarririk ikusi: matrikulazioak ez du nabarmen gora egin eta ikasleen emaitza akademikoak ere ez dira hobeagotu, baina beste alderdi batzuetan bide onean ari direla ikusi omen dute ikastetxeetako zuzendariek: “kalitatearen kudeaketa zer den ikasi eta gero, eredu praktiko batekin ari gara lanean orain; autoebaluaziorako eredurik ez genuen lehen, horren beharrik ere ez genuen ikusten, baina gaur egun ongi ari ote garen jakin dezakegu une oro; horrez gain, gure bezeroek guk eskainitakoari buruz zuten iritzia jasotzeko modurik ez genuen lehen eta kalitatean kudeatzeak ikasle, guraso eta enpresetara iristeko bide berriak ireki dizkigu ”.

Etorkizunari begira

Kalitatearen inguruan orain arte egin diren esperientziak ezagutzeko aukera egokia izan zen Donostiako Miramar Jauregian antolatu ziren ihardunaldiak.

Galdera inozoa zela jakinda ere, horixe galdetu genion Eugenio Ibartzabali Miramar Jauregitik irten baino lehen: nolakoak izango dira gure eskolak etorkizunean? “ Gizarteak izango dituen beharren araberakoak, zalantzarik gabe. Gizartearekin batera joango dira aldatzen eta behar berrietara egokitu beharko dute. Gaur egungo ikasleen profila etorkizunean egingo dutenaren parean jarri beharko dugu, eskola ez baita —askok horrela uste badute ere— gizartetik kanpo dagoen zerbait; erabat dinamikoak izan behar dute gure eskolek, finkatu diren helburuekin bat datozenak eta horiek lortzeko ahaleginak egingo dituena ”.

Daniel Meade

ZETIAZ-Elhuyar: Kalitatezko hezkuntzaren inguruan lanean ari zara Monterreyko Institutuan. Nolakoa izan da zuen esperientzia?

Daniel Meade. Oso prozesu luzea izan da. 1943an sortu zen institutua eta 1985ean Etengabeko Hobekuntzarako Programa abian jarri zen; beraz, hamar urte daramatzagu prograna horrekin. Hamar urte horietan nabarmendu dugu, batetik, ikasle-kopurua hazi egin dela; hasieran 20 ikasle genituen eta aurten 60.000 ikasle izatera iritsi gara. Errentan hartutako etxe bat zen hasierako eskola eta gaur egun, 26 kanpus ditugu, Mexiko osoan zabalduta. Azken berrikuntza Unibertsitate Birtuala da, Hegoamerikan, Kanada eta Estatu Batuetan dagoena. Bi alderdi horiek proiektuaren arlo materialari dagozkio, baina garrantzitsuena irakaskuntzaren kalitatea nabarmen hobetu dela ikustea da. Kalitatezko hezkuntzaren ondorioz, gure ikasleetako askok ikasketak bukatueta bost urte baino lehen lana aurkitzen dute edo beren enpresak sortzen dituzte. Gainera, enpresahorietan goi-karguak eskuratzen dituzte. Eta batez ere, ikasle ohi horiek eragile gisa funtzionatzen dute gure komunitatean, ez bakarrik industrian,baita gizartean eta politikan ere. Eskoletako administrazioa eta irakaskuntza hobetzeko egin den ahalegin hori gizartean isladatzen da ikasle horien lanaren bitartez.

Z.-E.: Zuen esperientzia eta Euskal Herrikoa pareka daitezke? Kalitatearen kontzeptu hori nola txerta daiteke Euskal Herriko eskoletan?

D. M. Erakundeak desberdinak dira. Eskola pribatuek malgutasun handiagoa dute beren funtzionamenduan eta erakunde publikoek, berriz, lanerako eta hobetzeko anitz aukera dute ikasle-kopuru handiak dituztelako. Abantaila horrez gain, ez dugu ahaztu behar gobernuaren babesa ere badutela erakunde publikoek eta, beraz, errazagoa dela aldaketak bideratzeko behar diren baliabideak eskuratzea. Nolanahi ere, txanponaren beste aldea ere kontuan izan behar da: eskolak handiak dira, politizaturik eta burokratizaturik daude eta aldaketen aurrean, erresistentzia handiagoa izaten dute.

Kalitatearen proiektua martxan jartzeko lanean hasi ziren lau eskolek adibidez, lehen sustraiak bota dituzte. Duela hiru urte ekarritako ideietatik fruitu berriak eta desberdinak hazi dira. Desberdin hitzarekin ez dut baloraziorik egin nahi: ez dira besteak baino hobeagoak edo txarragoak, beraien artean desberdinak baizik eta, zentzu horretan, guztiak dira oso emaitza onak.

Robert Winter

ZETIAZ - Elhuyar: Zeintzuk izango dira Kalitate-katedraren egitekoak?

Robert Winter: Hasteko, Donostiako Campuseko erretoreordearen menpe egongo den bulegoa antolatuko dugu eta bertatik, Unibertsitate osoarentzat lan egingo dugu. Esate baterako, irakasleekin lan egingo dugu irakasleen eta ikasleen arteko harremanak aztertzeko hasieran eta hobetzeko behar diren urratsak eman ahal izateko. Izan ere, prozesuaren azterketa egindakoan, irakasleek askotan irakatsi egiten dutela, baina ikasleek ez dutela ikasten ikusi izan dugu. Beraz, irakasleekin lan egin beharko dugu ikasleekiko harremanak hobetzeko teknika desberdinak erabil ditzaten geletan. Irakaskuntzaz gain, Unibertsitatearekin lotutako beste hainbat arlo ere landuko ditugu.

Esate baterako, matrikula nola egin, administrazioaren gainerako gestiok nola egin... Zerbitzu horiek hobetu egin behar dira bezeroa, Unibertsitatekoa zein kanpokoa, gustura egon dadin. Idea orokorra Unibertsitatea eraldatzea da, instituzio-mota berri bat egitea. Egia esan, oraindik ere egitasmoa ez dago erabat loturik eta proiektuarenzehaztasunetan sartzea zaila da. Nik neuk asko ikasi beharko dut hasteko,ez baitut Euskal Herriko Unibertsitearen egoera ezagutzen eta, jakina, Estatu Batuetako irtenbideek ez dute apika hemengo arazoentzat balio izango. Kontua ez da, noski, nire ideiak hartu eta hemen ezartzea. Estatu Batuetako eta hemengo gizarteak desberdinak dira oso eta, beraz, lanari ekin aurretik, hemengo giroan murgildu eta busti egin beharko dut.

Z.-E. : Kalitate-katedra Unibertsitatean soilik gauzatuko da?

R. W.: Etorkizunari begira, Unibertsitatea gizarteko beste sektoreekin harremanetan jarriko da, industriarekin nagusiki. Izan ere, Unibertsitatea jakintza-zentrua da eta zerbitzu batzuk eskain diezazkioke industriari, enpresei. Kalitate Katedraren asmoa zera da: Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta sozialaren alde lan egiteko Unibertsitateak egin dezaken lana aztertzea. Lanbide Heziketako eskolak ere proiektu horretan sartzen dira eta, lehen aipatu dugun bezala, industria, enpresak eta gobernua bera ere oso kontuan izango ditugu. Askotan unibertsitatea gizartetik isolatuta dagoen erakunde gisa ikusten dugu, herriarenganako hurbiltasunik ez duena eta joera edo uste horrekin apurtu beharra dagoela iruditzen zait, Unibertsitatea, izan ere, giza komunitatearen zati da.

Franklin Schargell

ZETIAZ - Elhuyar: Zure esperientziaren arabera, kalitatea eta hezkuntza elkar lotzen dituen proiektuak ondo funtzionatu du. Praktikak erakutsitakoaren arabera, zeintzuk dira kalitate-proiektuak martxan jartzeko orduan eskolatan gertatzen diren arazoak?

Franklin Schargell. Nire iritziz, zailtasunik garrantzitsuena kultura- edo pentsakera aldaketa da. Orain arte, ez zitzaien irakasleei eskolaren antolamendua hobetzeko sistematan partehartzea eskatzen. Bestalde, ikasleak ez dira inoiz hezkuntzaren sare horretako partaide sentitu eta elementu pasibotzat ohitu dira; ikasleei esan egiten zaie gauzak nola egin behar dituzten, besterik gabe. Horrez gain, gurasoak ere partaide izatetik baztertuta daude erabat; irakasleek hezkuntzaren ardura guztia berea dela uste izaten dute eta ez dute gurasoek partehartzea eskatzen. Beraz, ikasleen, irakasleen eta gurasoen jarrera aldatu egin behar da kalitatezko hezkuntza-sistema abiarazi nahi bada.

Horiez gain, arazo ekonomikoak ere badaude eta garrantzitsuak, gainera. Estatu Batuetan, —eta Euskal Herrian ere horrelaxe gertatzen dela uste dut— estatuak ez ditu eskolak babesten. Estatu Batuetan eskola baino gartzela eta erreformatorio gehiago dago. Egiazko laguntzarik ez dago eta, beraz, arazo ekonomikoek proeiektu hauek martxan jartzea erabat oztopa dezakete.

Z. - E.: Pareka daitezke Estatu Batuetako eskolatan egindako esperientziak eta Euskal Herrikoak? Euskal eskolen bilakaeran nolako prozesua ari da burutzen?

F. S. Eskola guztiak antzekoak dira, bai Euskal Herrian eta baita Estatu Batuetan ere. Eskola guztietan elementu berak aurkitzen ditugu: irakasleak, ikasleak eta gurasoak. Nolanahi ere, kultura desberdinekoak gara eta, hain zuzen ere, horixe da atzerriko eta hemengo eskolak bereizten dituen elementu nagusia. Hala ere, gaur egun ditugun erronkak beretsuak dira kasu guztietan; egoerak batu egiten ditu eskola guztiak, kultura oso desberdinekoak izan arren.

Euskal Herrian gauzak ongi egiten ari dira. Benetan harrituta nago kalitate-plana abiarazi duten lau eskolekin. Duela bi urtetik hona aurreratu dutena, benetan, izugarria da. Zentru horietako zuzendariek bikain gidatu egin dute prozesua eta kalitatezko hezkuntza lortzeko behar dena oso ondo barneratu dute.

Euskal eskola hauek asko aurreratu dute eta orain hezkuntzaren kalitateari buruzko hitzaldietarako atzerritarrak ekartzen diren bezala, hemendik aurrera euskal eskoletakoak joango dira atzerrira beren esperientziaren berri ematera. Euskal Herrian izan duten esperientzia emankorra eta arrakastatsua azaldu ahal izango dute eta eredu gisa jokatuko dute, proiektu horietan aurrera egiteko animatuko dituzte beste eskolak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia