Kalkulagailuaren eragina ikasleengan
2001/05/14 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Kanadako psikologoek hango hiru ikasle-talderekin egin dute lan. Lehenengo taldea Txinan hezitako ikasle txinatarrez osatuta zegoen, bigarrena Kanadan hezitako ikasle txinatarrez eta hirugarrena txinatarrak ez diren Kanadan hezitako ikasleez. Ikasle guztiei matematikako ariketak egitea eskatu zitzaien eta zientzialariek arreta handiz aztertu zuten ariketak nola egiten zituzten.
Ariketa sinpleak egiteko trebetasun handiena ikasle txinatarrek zuten, Kanadan nahiz Txinan hezitakoak. Ariketa konplexuetan trebeenak, ordea, Txinan hezitako txinatarrak ziren eta, gainera, aldea handia zen.
Psikologoek ikerketaren emaitza eta kalkulagailuaren ohiko erabilera zerikusia dutela uste dute. Gaur egun, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek kalkulagailua erabiltzen dute matematikako edozein ariketa ebazteko, baita errazenetarako ere. Ohitura horrek ondorioak ditu, batez ere, jarduera-oroimenean. Horrela deitzen diote neuropsikologoek epe laburreko prozesuetaz arduratzen den oroimenaren zatiari. Jarduera-oroimenak oso funtzio garrantzitsua du ariketa konplexuetan eta aztertutako ikasleengan oroimen-zati hori kudeatzeko trebetasun falta igartzen da.
Zientzialariek ikerketa gehiago egin nahi dituzte lehen eta bigarren hezkuntzatik kalkulagailua baztertu behar litzatekeen ala ez erabaki baino lehen. Aldagai kulturalek eragin handia dutenez, familiaren laguntza, estresa, abakoaren erabilera eta beste hainbat faktore aztertu behar dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia