}

Kaltegarria al da gantz-kontsumoa osasun kardiobaskularrerako?

2021/10/11 Juanjo Aurrekoetxea Agirre - Medikuntzan lizentziatua eta doktoreaMedikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko espezialista Iturria: Elhuyar aldizkaria

kaltegarria-al-da-gantz-kontsumoa-osasun-kardiobas
Arg. Pixabay

Sinesmena eta zientzia bereizteko beharra hartzen dut abiapuntutzat. Saiatuko naiz oinarrizko kontzeptu batzuk azaltzen ebidentzian edo frogetan oinarritutako medikuntza (edo osasun-arloko zientzietan, zabalago) ezagutzen ez duten guztientzat.

Epaileak gertaeretan oinarritu behar du, eta, kasurik onenean, gertaerak frogagarriak izan daitezke. Osasun Publikoko ikerketak modu berean funtzionatzen du. Sinesmenak eta logikak ezin dute ordezkatu ezagutza zientifikoa. Adibidez, uste izan da gantza txarra dela osasunarentzat, arrain urdina kontsumitzea kaltegarria dela osasun kardiobaskularrerako (70eko hamarkadan), koipeak kaltegarriak direla (gaur egun ere, oraindik, gantz gutxiko dieta gomendatzen da arrisku kardiobaskularra duten pertsonentzat) bai eta gantz-azido aseak ere. Horrek gantzen kontsumoaz idaztera narama, eta, beraz horri buruzko ebidentzia zientifikoaren froga batzuk aurkeztuko ditut.

Osasunaren arloan diseinu-ikerketa mota asko daude, baina baliozkoenak saiakuntza klinikoak dira. Horietan, lagin batek sendagai berri bat hartzen du eta beste lagin batek, berriz, plazeboa edo beste sendagai bat. Bi laginak ausaz hautatzen dira, eta, horren ondorioz, laginak konparagarri bihurtzen dira edozein aldagairen arabera: adina, sexua, klase soziala eta bestelako arrisku-faktore guztiak. Zoriak taldeen arteko desberdintasunak desagerrarazten ditu.

Saiakuntza klinikoen arazorik handiena da ezin direla aplikatu osasun-arlo guztietan, eta bereziki zaila dela elikadura ikertzeko aplikatzea. Kasu horretan, saiakuntza klinikoen ordez, kohorteen ikerketa da diseinurik egokiena. Pertsona-talde handi baten elikadurari buruzko informazioa biltzen da, eta, ondoren, denborak aurrera egin ahala agertutako gaixotasunak edo heriotzak zenbatzen dira. Denbora luzea eta diru-inbertsio handia eskatzen dute halako ikerketek.

Arg. Vane Monte, Pixabay.

Elikadurak osasunean duen eraginari buruzko ikerketak berriak dira (XX. mendearen amaieran hasi ziren), eta duela denbora gutxi arte ez dute fruiturik eman. Eta oraindik ere ezagutza mugatua da. Ulertu behar da 1) ez dugula elikagai edo nutriente bakarra kontsumitzen, orojaleak edo omniboroak garelako eta gure dieta aldatu egiten delako urtean eta bizitzan zehar, eta 2) efektu kardiobaskularrak, edo beste batzuk, elikagai jakin batzuk urte askotan kontsumitu eta handik denbora askora gertatzen direla. Horren ondorioz, elikadurari eta gaixotasun kardiobaskularrei buruzko ikerketak ez dira oso zehatzak, eta ez da nahikoa ikerketa bakar bat ondorioak ateratzeko.

Horregatik, elikagai baten ondorioei buruzko ikerketa guztiak ebaluatu behar dira; esate baterako, koipe-kontsumoa eta gaixotasun kardiobaskularrak. Berrikuspen bibliografikoko azterlanen bidez egiten da hori. Ezinbesteko baldintza bat bete behar dute halako ikerketek: argitaratutako lan guztiak ebaluatzea, ikertzailearen helbururako intereseko lanak aukeratu gabe; haien osotasuna aztertu behar da, eta datuaren kalitate-baldintzak minimoak betetzen dituztenak hautatu, azkenean emaitza orokorra ateratzeko. Berrikuspen-ikerketen berezitasun bat metaanalisia da, eta aztertutako lanen datuen kalkulu estatistiko globala egiten da.

Gantz-azidoak

Gantza eta koipea gantz-azidoz osatuta dago; gantz-azido horiek honela sailkatzen dira: aseak, monoasegabeak eta poliasegabeak, karbono-atomoen katean lotura bikoitzik dagoen ala ez kontuan hartuta. Katearen azken (omega) karbono-atomotik kontatzen da, lehenengoa – COOH izanik, eta omega-3 gantz-azidotzat hartzen da baldin eta lehen lotura bikoitza hirugarren loturan badago, omega-6 seigarrenean badago eta omega-9 bederatzigarrenean (azido oleikoa, monoasegabea) badago. Gantz-azido poliasegabe begetalak, nagusiki, omega-6 dira, azido α-linolenikoa izan ezik, hori omega-3 baita. Arrainaren omega-3ak azido eikosapentaenoikoa, dokosapentaenoikoa eta dokosahexaenoikoa dira. Gainera, trans gantz-azidoak ere badaude, zeinak gantz-azido monoasegabe edo poliasegabeen lotura bikoitzak hidrogenatzen direnean sortzen baitira. Likido izatetik solido bihurtzen dira, eta elikagaien industriak asko erabiltzen ditu.

Denbora luzean, arrisku kardiobaskularra koipeen kontsumoarekin lotu da, eta sinesmen hori ez da ikerketetan oinarritu. Ikertzaile, mediku, komunikabide eta, nola ez, herritar guztiengana iritsi da ideia hori. Are gehiago, nutrienteek osasunean duten eraginari buruzko informazio eguneratua atzerapen handiagoz iritsiko da gizarte-klase behartsuenetara. Gantz-kontsumoa murriztea eta hori kate laburreko karbohidratoekin ordezkatzea eragin handia izaten ari da mundu osoan jasaten ari garen obesitate-epidemian, eta neurri are handiagoan aipatutako gizarte-klase behartsuenetan.

Idatzi honetan artikulu batzuk bilduko ditut, berrikuspenak batik bat, metaanalisiarekin edo gabe, nutrizioaren eta gaixotasun kardiobaskularren arloan duten kalitateagatik, garrantziagatik eta interesagatik aukeratuak, eta haien informazioa laburbilduko dut. Horretarako, Pubmed interfazea erabili dut, Estatu Batuetako Medikuntzako Liburutegi Nazionaletik MEDLINE datu-basera sartzeko aukera ematen duena 1971tik.

Arg. Shutterbug75, Pixabay

Gantz-azido aseak, monoasegabeak eta poliasegabeak

Kronologikoki azalduko ditut hautatutako ikerketa-lanak:

Metaanalisi batek (Siri-Tarino eta lag., 2010) gantz aseen kontsumoaren eta gaixotasun kardiobaskularraren, infartuaren edo iktusaren arteko erlazioa aztertu zuen, eta ondorioztatu zuen lotura hori ez zela argia, eta ez zegoela garbi haiek beste koipe batzuekin ordezkatzearen onura (poliasegabeekin eta, bereziki, karbohidratoekin).

Farvid eta lag.-en (2014) metaanalisiak ondorioztatu zuen azido linoleikoaren (omega-6, landare-jatorrikoa) kontsumoak alderantzizko lotura zuela gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskuarekin eta haren hilkortasunarekin, hau da, dosi-erantzun erlazioarekin. Alegia, gehiago kontsumitzeak osasuna hobetzea zekarrela.

De Souza eta lag.-en (2015) metaanalisiak ondorioztatu zuen koipe aseak hartzea ez zegoela lotuta hilkortasun orokorra, hilkortasun kardiobaskularra, gaixotasun kardiobaskularra, iktusa edo II. motako diabetesa areagotzearekin. Eta trans koipeak hartzeak, berriz, hilkortasun orokorra, hilkortasun kardiobaskularra eta gaixotasun kardiobaskularren intzidentzia areagotzen zituela.

Chen eta lag.-en (2016) ikerketak gaixotasun kardiobaskularrei buruzko informazioa ikertu zuen, Ipar Amerikako hiru kohortek hartutako esne-jatorriko gantza oinarri harturik: 43.652 gizon (Health Professionals Follow-Up Study), 87.907 emakume (Nurses' Health Study) eta 90.607 emakume (Nurses' Health Study II) jarraipen- edo kohorte-ikerketak. Oro har, 5.258.337 pertsona-urte integratu zituen analisian. Ikerketaren emaitzen arabera, esneki-koipea ez zen lotu gaixotasun kardiobaskularren intzidentziaren areagotzearekin. Animalia-koipeak, esne-koipea barne, iturri begetaleko gantzekin ordezteak (gantz-azido poliasegabeengatik) gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten zuen.

Dehghan eta lag.-ena (2017) nazioarteko kohorteetako ikerketa bat da, 18 herrialdetan egina, eta 135.335 pertsonaren jarraipena egin zuen 7,4 urtez, batez beste. Koipeen (orokorrean) kontsumoa hilkortasun-maila txikiagoarekin lotu zen. Gantz-azido aseek, monoasegabeek, poliasegabeek eta karbohidratoek irentsitako energia guztiarekiko ematen zuten energiaren ekarpena alderatu zuen, eta erakutsi zuen hilkortasuna —hala globala nola kardiobaskularra— murriztu egiten zela bai gantz poliasegabeen, monoasegabeen eta gantz aseen ekarpena handituz. Hilkortasunaren hazkuntza karbohidratoen ekarpen handiekin gertatzen zen, hau da, karbohidratoak kaloria-ahorakin guztiaren % 60-70 edo gehiago zirenean. Bestalde, karbohidratoen kontsumo oso txikia ez zen ageri hilkortasunaren hazkundearekin lotuta; baina gantz-mota desberdinen kontsumo oso txikiak hilkortasun kardiobaskularraren edo globalaren arrisku handiagoarekin lotu ziren. Dieta globalaren gidak berrikustea proposatu zuten.

Ipar Amerikako Bihotzaren Elkarteak (Sacks eta lag., 2017) ebidentzia zientifikoa berrikusi zuen, saiakuntza kliniko kontrolatuak eta jarraipen-ikerketa prospektiboak (kohorteak) aztertuz, eta elikagai bat beste batekin ordezteari buruzko ezagutza hartu zuen oinarri. Gantz aseen ordez poliasegabeak eta monoasegabeak erabiltzen zituzten saiakuntzek % 30 murriztu zituzten gaixotasun kardiobaskularrak. Kohorteen azterketek agerian utzi zuten, halaber, gantz ase gutxiago eta poliasegabe eta monoasegabe gehiago hartzea gaixotasun kardiobaskularren tasa txikiagoekin lotzen zela. Bestalde, saiakuntza klinikoetan gantz aseak karbohidrato finduekin eta azukreekin ordezkatzeak ez zituen murriztu gaixotasun kardiobaskularren tasak. Trans koipeak hartzeko arriskua handitu zela erakutsi zuten, eta elikagai-industrian koipe horiek murrizteko politikak proposatzen zituzten. Dieta mediterraneoak osasun kardiobaskularrari dakarkion onura ere jaso zuten. Eta ondorioztatu zuten gaixotasun kardiobaskularrak murrizteko onurarik handiena koipe aseak gantz poliasegabeekin (omega-6, azido linoleikoa, nagusiki) ordezkatuz lortzen zela, monoasegabeekin ordezkatuz baino nabarmenago.

Zhu eta lag-en (2019) metaanalisiak (kohorteen ikerketetan oinarritua) beste egile batzuek jada aipatutakoa sakondu zuen, eta ez zuen loturarik aurkitu gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskuaren eta gantz orokor, gantz ase, gantz monoasegabe eta poliasegabeen kontsumoaren artean. Poliasegabeen eragin kardiobabeslea sumatu zuten, eta trans koipeak kontsumitzeak arriskua areagotzea zekarrela (erantzun-dosi lotura lineal batekin).

Visioli eta Poliren (2020) berrikuspenak ebidentzia berrienaren deskribapen orokorra egin zuen, eztabaida historikoena ere kontuan hartuz, koipeen kontsumoa gizakien osasunarekin eta gaixotasunekin lotu baitzuten. Gantz-azidoen ikerketaren arloan unean zeuden oztopoak nabarmendu zituzten, eta kritikoki heldu zioten gantz-azidoen ahorakinari, dietaren eta portaeraren testuinguru zabalagoan. Ondorioztatu zutenez, gantz-azidoei eta lipidoei buruzko funtsezko ikerketa egokia zen.

Astrup eta lag.-en (2020) arabera, dietan gantz-azido aseak hartzea mugatzeko gomendioek bere horretan jarraitu zuten, kontrakoa gero eta nabariagoa izan arren. Ausazko saiakuntzen eta behaketa-ikerketen metaanalisi berrienek ez zuten aurkitu gantz-azido ase gutxiago hartzeak eragin onuragarririk zekarrenik gaixotasun kardiobaskularretan eta guztizko hilkortasunean eta, aitzitik, istripu zerebrobaskularraren aurkako ondorio babesleak aurkitu zituzten. Era berean, adierazi zuten agerikoa zela elikagaiek osasunean duten eragina ezin dela aurreikusi elikagai talde bakar batean, makronutrienteen banaketa orokorra kontuan hartu gabe. Bestalde, nahiz esneki osoak, prozesatu gabeko haragia eta txokolate beltza gantz-azido ase ugariko elikagaiak diren, ez ziren ageri lotuta arrisku kardiobaskular handiagoarekin. Eskura dagoen ebidentzia osoak adierazten du elikagai horiek kontsumitzeko mugak ez duela osasuna babesten.

Frantziar paradoxa eta dieta mediterraneoa

Arg. Fruitu lehorrak

Gaixotasun kardiobaskularren arrisku-faktoreei buruzko ikerketak aurreko mendeko 50eko hamarkadakoak dira. Framinghamen kohortearen ikerketa 1948an hasi zen, eta arrisku-faktore nagusiei buruzko informazioa eman zuen. Hala ere, gaixotasun kardiobaskularrak elikagaiekin lotzen dituzten ikerketak 70eko hamarkadan hasi ziren. Ikerketa horien ikertzaile ezagunena Ancel Keys (1904-2004) izan zen. Haren lanek koipeen kontsumoan finkatu zuten arriskua, gantz koipe aseen kontsumoan, batez ere.

1967an Paristar Ikerketa Prospektiboa jarri zuten martxan, eta Parisko udaleko 7.000 gizon funtzionarioren jarraipena egin zen. Pubmeden Frantziako paradoxari buruzko lehen aipamena (The French Paradox) 1987koa da [JL Richard], eta ikerketa honekin lotuta dago. Frantzian kardiopatia iskemikoen intzidentzia baxuagoa zegoen Europako herrialde industrialekin edo AEBrekin alderatuta, eta arrisku-faktore klasikoak kontuan hartuta ere mantendu egiten zen aldea. Ikerketa horretako partaideen koipeen kontsumo handia ez zetorren bat orduko sinesmenarekin. Ezaguna da frantsesen koipe-kontsumoa handia dela: foie-grasa, esne-gaina, gurina, gazta, olioa, hestebeteak, haragi gorriak, etab.; eta gantz-azido aseen kantitatea ere handia da. Orduko teoria nutrizional nagusia ez zetorren bat egindako behaketa-lanarekin. Geroago, Mediterraneoko beste herrialde batzuen eragina Frantziakotik gertu zegoela egiaztatu ahal izan zen, eta AEBtik, Erresuma Batutik edo Europa iparraldeko herrialdeetatik urruti. Dietaren eraginaren hipotesia landu zen, eta Mediterraneoko dietaz hitz egiten hasi zen, baina gantzek izan zezaketen eragin onuragarria kontuan hartu gabe. Idatzi honetan aipatu diren berrikuspen edo metaanalisien xedea une horretan gantzei buruz zegoen ebidentzia zientifikoa biltzea zen, ondorioak finkatzeko asmoz, eta guztiak bat datoz dira mezu nagusiari dagokionez.

Ebidentzia zientifikoa aldatu egin da azken urte hauetan, orain artekoarekin alderatuta, eta bat datoz ikertzaileak. Hala ere, herritarrek, oro har, bai eta "adituek" ere, doktrina tradizionalarekin jarraitzen dute, eta koipe-kontsumoa murriztea gomendatzen dute. Haziek edo horien olioek (gantz-azido poliasegabeak) eta oliba-olioak (gantz-azido monoasegabea), esne osoak edo gaztak eta txokolate beltzak (gantz-azido aseak) dieta osasuntsu eta orekatua izaten laguntzen dute. Eta horixe da idatzi honek azpimarratu nahi duena.

Elikagai kaltegarrien kontsumoa murriztean jarri behar da arreta, hala nola trans gantz azidoak eta, bereziki, azkar xurgatzen diren elikagaiak, indize gluzemiko handia dutenak, hau da, kate laburreko karbohidratoak: azukrea eta zereal finduak (almidoi findua).

Gure dieta elikagai hauetan oinarritu behar da: fruta osoak (ez zukuak), etxean egindako barazkiak eta lekaleak eta zereal osoak, hau da, kate luzeko karbohidratoak, eta, horiei erantsita, behar den proteinen eta koipeen kopurua. Arrisku kardiobaskularra murrizteko eragin onuragarriaz gain, gaixotasun metabolikoak —hala nola obesitatea eta diabetesa— hobeto kontrolatzen laguntzen dute.

 

Bibliografia

Astrup A, Magkos F, Bier DM, Brenna JT, de Oliveira Otto MC, Hill JO, King JC, Mente A, Ordovas JM, Volek JS, Yusuf S, Krauss RM. Saturated Fats and Health: A Reassessment and Proposal for Food-Based Recommendations: JACC State-of-the-Art Review. J Am Coll Cardiol. 2020 Aug 18;76(7):844-857. doi: 10.1016/j.jacc.2020.05.077.

Chen M, Li Y, Sun Q, Pan A, Manson JAE, Rexrode KM, Willett WC, Rimm EB, Hu FB. Dairy fat and risk of cardiovascular disease in 3 cohorts of US adults. Am J Clin Nutr. 2016 Nov;104(5):1209-1217. doi: 10.3945/ajcn.116.134460. 

de Souza RJ, Mente A, Maroleanu A, Cozma AI, Ha V, Kishibe T, Uleryk E, Budylowski P, Schünemann H, Beyene J, Anand SS. Intake of saturated and trans unsaturated fatty acids and risk of all cause mortality, cardiovascular disease, and type 2 diabetes: systematic review and meta-analysis of observational studies. BMJ. 2015 Aug 11;351:h3978.

Dehghan M, Mente A, Zhang X, Swaminathan S, Li W, Mohan V, Iqbal R, Kumar R, Wentzel-Viljoen E, Rosengren A, eta lag. Associations of fats and carbohydrate intake with cardiovascular disease and mortality in 18 countries from five continents PURE): a prospective cohort study. Lancet. 2017 Nov 4;390 (10107):2050-2062.

Farvid MS, Ding M, Pan A, Sun Q, Chiuve SE, Steffen LM, Willett WC, Hu FB. Dietary linoleic acid and risk of coronary heart disease: a systematic review and meta-analysis of prospective cohort studies. Circulation. 2014 Oct 28;130(18):1568-78.

JL Richard. Les facteurs de risque coronarien. Le paradoxe français. [Coronary risk factors. The French paradox]. Arch Mal Coeur Vaiss. 1987 Apr;80 Spec No:17-21.

Sacks FM, Lichtenstein AH, Wu JHY, Appel LJ, Creager MA, Kris-Etherton PM, Miller M, Rimm EB, Rudel LL, Robinson JG, Stone NJ, Van Horn LV; American Heart Association. Dietary Fats and Cardiovascular Disease: A Presidential Advisory From the American Heart Association. Circulation. 2017 Jul 18;136(3):e1-e23.

Siri-Tarino PW, Sun Q, Hu FB, Krauss RM. Meta-analysis of prospective cohort tudies evaluating the association of saturated fat with cardiovascular disease. Am J Clin Nutr. 2010 Mar;91(3):535-46.

Visioli F, Poli A. Fatty Acids and Cardiovascular Risk. Evidence, Lack of Evidence, and Diligence. Nutrients. 2020 Dec 9;12(12):3782. doi: 10.3390/nu12123782.

Zhu Y, Bo Y, Liu Y. Dietary total fat, fatty acids intake, and risk of cardiovascular disease: a dose-response meta-analysis of cohort studies. Lipids Health Disease. 2019 18:91. doi.org/10.1186/s12944-019-1035-2.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia