}

Kameleoi-begiak

2002/11/07 Elhuyar Zientzia

Argazkiko karramarroa Ozeano Barean bizi da, 2,5 kilometro inguruko sakoneran, hondoetako tximinia beroen inguruan. Iluntasuna erabatekoa da han behean, horregatik ez du pigmenturik azalean, baina, hala ere, begiak dauzka aurpegian. Berotasuna eta mineralak isurtzen dituzten tximinia horien inguruan bizidun oso bereziak garatu dira eta, dudarik gabe, argazkikoa horietako bat da. Zergatik? bizialdian zehar begiak itxuraldatzeko gaitasuna daukalako.

Espezie-horretako karramarroek (Bythograea thermydron) intsektuen antzeko begiak izaten dituzte larba-fasean, (eskuineko argazkia). Garai horretan ez dira oso sakon ibiltzen, azaletik kilometro eta erdira edo, eta beren begiak gai dira sakonera horretako argi urdin ahula ikusteko. Gaztaroan, berriz, sakonago jaisten hasten dira eta, orduan, begietako pigmentuak beheko ur ilunetan ikusteko egokitzen dira. Urdina bereizteko pigmentua galdu eta sakonera horietako bizidun batzuek igorritako argi berde-urdinxka detektatzen duen pigmentua ekoizten dute.

Heldutakoan pigmentu guztiak galtzen dituzte (ezkerreko irudia). Karramarro helduak jaio baino mila metro beherago bizi ohi dira, tximinia beroen inguruan, eta babesik gabeko erretinak izaten dituzte begitzat. Begi horiek ez dute irudiak sortzeko gaitasunik, baina tximiniek igorritako argi-apurra detektatzeko gai dira. Ikertzaileen ustez, tximiniatik zein distantziatara dauden kalkulatzeko erabiltzen dituzte karramarroek begiak. Gune horietan tenperatura 350 ºC-tara hel daiteke eta distantziak ongi kalkulatzea funtsezkoa da egosita ez hiltzeko.

Ikerketaren berri Nature aldizkarian eman dute Lancaster-en dagoen Marshall College-ko ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia