Kameraren aginteak (I): enfokea
1994/04/01 Nogeras, Itziar - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aurreko alean esan bezala, foku finkoko kamerez 2 m eta infinitua bitartekoa atera daiteke aratz. Hurbilagokoa enfokatu ahal izateko, foku aldakorreko, (hau da, pelikulara hurbildu zein urruntzen den objektiboko) kamera behar da.
Subjektua edo gaia, objektibotik zenbat eta hurbilago egon, hainbat eta pelikulatik atzealderago eratzen da irudia. Horregatik, enfokatzeko objektiboak pelikulatik urrundu egin beharko du.
Enfokatu ahal izateak bi abantaila nagusi ditu: oso hurbil dauden objektuen argazkiak atera ahal izatea eta irudiko zernahi berori bakarrik enfokatuz nabariarazi ahal izatea.
Horretarako, objektiboak distantzi eskala (batzuetan ikur-eskala) daraman eraztuna dauka (ikus goiko irudia). Eraztun zabalena izan ohi da, gainera. Erreferentzi puntu finko batekiko higitzen da, nahi edo behar den distantzia aukeratuz.
Eskalaren mutur batean infinitua () dago; distantzia maximoa, alegia. Posizio horretan, objektiboa pelikularekiko distantziarik txikienean dago eta urrutiko (eskuarki, 15 m baino urrunagoko) irudiak enfokatzen ditu. Beste muturrean distantzia minimoa dago. Posizio horretan, objektiboa pelikularekiko distantziarik handienean dago. Distantzia hau, objektiboaren kalitatearen baitan dagoenez, objektibo batetik bestera aldatu egiten da.
Distantzia aukeratzeko, kamera sinpleetan, subjektua edo gaiaren eta kameraren arteko distantzia kalkulatu egin behar da.
Kalitate handiagoko zuzeneko bisorea duten kamerek ostera, telemetroa dute. Beronen bidez, bisorean argitsuena den erdiko zatian irudiak bikoiztuta ikusten dira, eta, enfokatuta egon dadin, irudi bikoitz horrek bakarra osatu behar du.
Reflex kameretan, duten bisore-sistemari esker, objektiboak pelikulan eratzen duen irudi berbera azaltzen zaigu begi aurrean. Beraz, nahikoa da objektiboaren eraztuna irudia aratz ikusi arte mugitzea. Kamera hauetan, objektiboa eta enfokatzeko pantailaren arteko distantzia eta objektiboa eta pelikularen artekoa bera da. Hori dela bide, pantailan enfokatuta dagoen guztia, pelikulan ere halaxe egongo da. Paralai errorerik (81. alean esplikatu da paralai errorea zer den) gainera, ez da izango.
Zenbaitetan, pantailaren erdian bi prisma txiki egoten dira. Irudia desenfokatuta dagoenean, zona horretan irudia erdibituta ikusten da. Beste zenbaitetan, prisma txikiz osatutako sare antzekoa egoten da, desenfokatuta dagoenean bikortxoak azaltzen direlarik.
Irudi (paisaje bat, adib.) beraren bi argazki atera. Irudian hobe aurrealdean, gertu, zerbait badago (pertsona bat, landare bat, zuhaitz bat, adib.) Bi argazki atera: bata, 9 m-tik gora enfokatuta; bestea, 2 m-tik behera enfokatuta, hau da, aurrealdean dagoena enfokatuta. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia