}

Kanadak Kiotoko Protokoloa berretsi du

2002/12/17 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Hilabeteetan eztabaidan aritu ondoren, Kanadako presidente Jean Chretien-ek atzo berretsi zuen Kiotoko Protokoloa.

Kanadaren baietzak beste bultzada bat emango dio 1997an sinatutako protokoloari. Klima-aldaketaren kontrako protokoloa indarrean jartzeko, gutxienez 55 estatuk berretsi behar dute, 1990ean berotegi efektua sortzen duten gasen % 55 isuri zutenek barne.

Dagoeneko 80 estatuk baino gehiagok berretsi dute protokoloa, baina Estatu Batuen ezetzak kolokan utzi du. Estatu Batuak isuritako gasen laurden baten jabe izaki, ia nahitaezkoa da beste herrialde industrializatu guztiek protokoloa berrestea gutxieneko eskakizunak betetzeko. Dena ondo joanez gero, Errusiak eta Poloniak berretsi eta protokoloa indarrean jarriko da laster. Helburua orain bost urteko bera da: 2012an 1990ean baino % 6 gas gutxiago isurtzea.

Herritarrak alde

Inkesten arabera, kanadar gehienak protokoloa berrestearen alde zeuden, baina energia ekoizten duten probintzia eta konpainiek gogor egin dute kontra. Ondorioz, azkenean iritsi bada ere, asko atzeratu da baietza.

Hala ere, Kanadako gobernuak aurkeztutako planaren arabera, helburuak ez dira behar bezala beteko. Urtero 180 megatona gas gutxiago isurtzeko asmoa dute, Kiotoko Protokoloak 240 gutxiago isurtzeko eskatzen dien arren. Hirurogei megatonako zor hori, energia garbia esportatuz kitatu nahi dute, adibidez, Estatu Batuei saltzen dieten energia hidroelektrikoaren bidez.

Europako Batasunak dagoeneko esan du plan horren kontra dagoela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia