}

Kanadako 2023ko suteak, karbono-isuri handienak dituzten herrialdeen pare

2024/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kanadako-2023ko-suteek-karbono-isuri-handienak-dit
Arg. Zach Behrens/Jabego publikoa

Kanadan 2023an izan ziren sute erraldoiek atmosferara isuritako karbonoa kalkulatu dute, eta ikusi dute 2022an erregai fosilei lotutako karbono-isuri handiena izan zuten herrialdeen zerrendan 4. lekuan dagoenak baino gehiago isuri zela suteean. Txinak, Indiak eta AEBk soilik izan zuten karbono-isuri handiagoa, suteek baino. Hori dela eta, ikertzaileek zalantzan jarri dute basoen gaitasuna karbono-gordailu izateko etorkizunean.

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, 2023an Kanadan izan ziren suteek 15 milioi hektarea baso suntsitu zituzten; hau da, herrialdearen baso-azaleraren % 4 inguru. Horrez gain, ikertzaileek baso-suteetan askatutako karbono-monoxidoa neurtu dute, satelite bidez, eta 647 teragramo karbono askatu zirela kalkulatu dute; aurreko hamarkadan, berriz, 29-121 teragramo artean isuri zirela ere zehaztu dute. Horrekin batera, gogorarazi dute 2023a bereziki lehorra eta beroa izan zela; hain zuzen, aurreikuspenen arabera, 2050erako ohikoak izango dira iazko lehortea eta tenperaturak. Joerari eutsiz gero, suteak gero eta ohikoagoak izango dira, eta, beraz, politika klimatikoak diseinatzean eta ezartzean, suteek eragindako karbono-isuriak eta, oro har, klimaren bilakaeran duten eragina kontuan hartu beharko liratekeela adierazi dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia