Kapsula endoskopiko berri bat gai da koloneko polipoen % 64 hautemateko
2009/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ohiko kolonoskopiaren bidez aurkitzen diren lesio guztien % 64 diagnostikatzera iritsi da kolona aztertzeko kapsula endoskopiko berri bat. Emaitza hori lortu dute Europako zortzi zentrok, besteak beste Nafarroako Unibertsitatea Klinikak, gailu berria probatzeko egindako ikerketa batean. 328 pazienteri egin diete azterketa, eta helburua izan da ikustea zer eraginkortasun duen koloneko kapsulak polipoak detektatzen, ohiko kolonoskopiaren ondoan.
Kapsulak ohiko kolonoskopiak baino askoz eragozpen gutxiago eraginda miatzen du heste lodia: barruan bi kamera ditu, eta kolonetik pasatu ahala aurrean eta atzean dituen irudiak hartzen ditu, segundoko lau irudiko abiaduran. Baina ohiko kolonoskopiak baino eraginkortasun txikiagoa du. Hain zuzen, ez ditu hauteman ohiko kolonoskopiaren bidez detektatutako polipoen % 36.
Miguel Muñoz Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Digestio saileko zuzendariak adierazi du jakitun direla prozedura gauzatzeko modua hobetu behar dutela. Adibidez, azpimarratu du sakonago garbitu behar dela kolona miaketa-proba egin aurretik. Izan ere, gune zikin baten azpian kalteren bat estalita baldin badago, kapsulak ezin dio antzeman. Bestalde, kapsula bera hobetzeko ere lanean ari dira, segundoko irudi gehiago hartzeko gai diren gailuak sortzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia