Karbonatoak Marten
2004/01/12 Elhuyar Zientzia
NASAk bidalitako bi ibilgailuetako bat dagoeneko iritsi da Marteko azalera. Spirit ibilgailuak ez du arazo handirik izan zegokion jarreran gelditzeko eta lan egiteko behar dituen tresnak zabaltzeko. Azalera iritsi eta segituan, mugitzen hasi baino lehen, inguruko harriak aztertzeari ekin zion espektroskopio txiki baten bitartez. Espektroskopioak uhin infragorriak aztertzen ditu, eta, horren bitartez, harriaren konposizio kimikoa zein den argi dezake.
Modu horretan aztertu duen lehen harria karbonato bat da. Emaitza horrek urari buruzko eztabaida sorrarazi du; izan ere, hemen, Lurrean, karbonatoak uraren eraginez sortzen dira, eta, beraz, ikertzaile batzuen ustez, Marten ura dagoela frogatzen du horrek. Ur likidoa, agian.
Hala eta guztiz ere, astronomoak zuhurrak dira, eta ez dituzte karbonatoak eta ur likidoa lotu nahi. Haien ustez, harri horiek eratzeko behar den ura atmosferakoa ere izan liteke, eta, beraz, karbonatoak aurkitu izanak ez du esan nahi Marten ur likidorik izan denik.
Irudian Marteko azala ikusten da. Goiko argazkia zuri-beltzekoa da eta, behekoa, izpi infragorrien bidez egina.
Spirit robotak egindako argazki gehiago http://marsrovers.nasa.gov/gallery/press/spirit/ helbidean daude ikusgai.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia