Karbono 14a iraganaren erlojua
2008/01/06 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Bizidunek etengabe bereganatzen dituzte atmosferan dauden karbono-isotopoak: landareek fotosintesiaren bitartez, eta animaliek landareak janda. Zehazki, karbonoaren 12, 13 eta 14 isotopoak bereganatzen dituzte; orduan, zergatik erabiltzen da karbono 14a proba horretarako eta ez 12a edo 13a?
Isotopoaren ezegonkortasunean dago funtsa. Izan ere, 12 eta 13 karbonoen isotopoak egonkorrak dira; hau da, ez dira desintegratzen eta haien kontzentrazioa ez da aldatzen denboran zehar. Karbono 14a, ordea, ezegonkorra da, eta desintegratuz joaten da denbora pasatu ahala.
Karbono 14aren desintegrazioak erritmo jakin bat zuela konturatu zen Willard Frank Libby 1940 aldera. Haren kalkuluen arabera, desintegratzen hasi eta 5.568 urteren buruan, isotopo-kontzentrazioaren erdia geratuko litzateke. Horri atomoaren semidesintegrazio-periodo deitzen zaio.
Horretan oinarrituta, bizidunen aztarnak zein garaitakoak diren jakiteko teknika bat garatu zuen Libbyk: karbono 14aren teknika.
Karbonoa galtzen
Karbono 14a desintegratzen doan heinean, bizidunek karbono gehiago bereganatzen dute, eta kontzentrazio-mailari eusten diote. Baina, hiltzean, ez dute karbonorik barneratzen, eta karbono 14 atomoak etengabe desintegratzen hasten dira. Karbono 14aren desintegrazio-erritmoa ezagututa, biziduna hil zenetik zenbat urte igaro diren kalkula daiteke.
Zehazki, 1950 arte igarotako urteak kalkula daitezke. Izan ere, XX. mendeko bigarren erdian egindako proba nuklearrek atmosferako karbono-proportzioak aldatu zituzten.
Karbono 14aren mugak
Teknika horrek baditu beste muga batzuk ere. Alde batetik, bizidunen dataziorako besterik ez du balio, noski, eta, beraz, ezin da erabili arroken urteak kalkulatzeko, adibidez.
Bestetik, gehienez 50.000 urte atzera egin daiteke karbono 14aren bidez. Horiek baino antzinagoko aztarnak beste teknika batzuen bidez aztertu behar dira; esaterako, bizi luzeagoa duten isotopo erradiaktiboak aztertuta.
Gainera, Libbyk hainbat akats egin zituen teknika planteatzean. Azken kalkuluen arabera, karbonoaren semidesintegrazio-periodoa ez da 5.568 urtekoa, 5.730 urtekoa baizik. Era berean, Lurraren atmosferako karbono-kontzentrazioak historian zehar berdintsuak izan direla uste zuen, baina ez da hala izan.
Adibidez, Lurraren eremu magnetikoaren aldaketak atmosferako erradioaktibitate-mailak aldatu ditu, eta, industria-iraultzan, egur-ikatzaren erabileraren ondorioz, atmosferako atomoen proportzioak ere aldatu egin ziren.
Datuak egiaztatzea
Hainbat teknikaren bidez, historian zehar atmosferako atomoen proportzioa nola aldatu den kalkulatu dute, eta, horri esker, karbono 14aren teknikan gertatzen diren desbideratzeak zuzendu ahal izan dituzte.
Horregatik, erabiltzen den teknika erabilita ere, emaitzak beste proba batzuen bidez lortutako datuekin alderatzen dira datazio-prozesu guztietan, eta, horrela, datu egiaztatua lortzen dute. Horretarako, beste datazio-sistema asko daude: dendrokronologia (zuhaitzen eraztunen azterketa), Artikoko izotzaren azterketa, historia-erregistroak...
Hala eta guztiz ere, karbono 14aren teknika nahiko zehatza dela esan daiteke. 100 urteko desbideratzea kalkulatuz, % 68ko fidagarritasuna du. Desbideratzea 200 urtera handituz, fidagarritasuna % 95era igotzen da, eta hasi duela 50.000 urtetik eta duela 400 urtera bitarteko antzinatasuna duten aztarnak datatzeko, metodo fidagarriena da, adituen ustez.
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia