}

Karbunkoa, animalien berezko gaixotasuna

2001/12/09 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Duela hilabete gutxi arte, oso jende gutxik zuen karbunkoaren berri. Nekazaritzarekin nolabaiteko lotura dutenek jakingo zuten zerbait, baina gainerakoek entzutez ere ez seguruen. Eta karbunkoa mendeak dituen gaixotasuna da, historian zehar animaliei zein pertsonei eraso egin diena.

Badirudi dagoeneko desagertu dela gerra biologikoaren mamua, antraxaren arriskua alegia. Mundu arabiar osoa ei zegoen eraso biologikoen atzetik eta, bat-batean, guztia zoro baten kontua izan ei da. Komunikabide erraldoiek antraxaren inguruko berrien zurrunbiloa bukatutzat eman dute. Beraz, une ezin aproposagoa antraxaren (karbunkoaren) gainean idazteko.

Karbunkoak odol beroko animaliak kutsatzen ditu, batez ere behiak, ardiak eta ahuntzak bezalako hausnarkariak. Gaixotasun zoonotikoa da; hau da, animalietatik gizakietara irits daitekeena. Garaiz antzemanez gero mendera daiteke, baina sarritan aparteko sintomarik ez du izaten eta animaliak bizkor hiltzen dira. Karbunko-izurriteak behin baino gehiagotan gertatu badira ere, gaur egun ez du animalien artean protagonismo handirik. Beste gaixotasun batzuk, sukar aftosoa adibidez, galera ekonomiko handiagoak eragiten ari dira.

Karbunkoak odol beroko animaliak kutsatzen ditu, hala nola behiak edo bufaloak.

2000. urtean karbunko-kasuak munduko 48 herrialdetan atzeman ziren; herrialde horietatik 36 hirugarren mundukoak dira eta gainerakoak garatze bidean dauden herrialdeak. Beraz, gehienbat herrialde txiroetako gaixotasuna da. Hala ere, horrek ez du esan nahi herrialde aberatsak salbu daudenik. Estatu Batuetako toki batzuetan, Texas en adibidez, karbunkoa gaixotasun endemikoa da. Aurtengo abuztura arte, esate baterako, hango 11 etxaldetan karbunko-kasuak agertu ziren; eta iaz Alemanian eta Frantzian ere aurkitu zuten kasuren bat.

Sarritan gatazkekin lotuta agertzen da karbunkoa. Iaz gaixotasun hori jasan behar izan zuten herrialdeen herenak gerran zeuden, edo gerran zeuden herrialdeekin mugaren bat zuten, Afganistan eta Tadjikistan adibidez. 2001. urtean FAOko teknikariak konturatu ziren bi herrialde horietan karbunkoa zegoela. Karbunkoa-gatazka loturaren arrazoia sinplea da: ihesi doazen pertsonek sarritan animaliak ere eramaten dituzte, lehendik kutsatuta zeuden animaliak edo ihes egitean gaixotu diren animaliak. Normala denez, karbunkoa eta gatazka biltzen diren tokietan karbunkoak gizakiengan duen eragina ere gainerako tokietan baino handiagoa izaten da.

Gatazkarekin lotura egiten den bezala, karbunkoaren kasuan txirotasunarekin ere egiten da. Gosez dagoen jendeak karbunkoaren eraginez hildako animaliaren bat jateko aukera gehiago ditu, baita azterketarik pasatu ez duen haragia jateko ere. Logika berari jarraituz, pentsa daiteke albaitaritza-zerbitzu eskasa duten herrialde txiroetan karbunkoz kutsatutako haragia jateko aukerak, eta ondorioz gaixotasuna gizakietan agertzeko aukerak, gehiago direla.

Animalietatik gizakira

Esanda dagoenez, karbunkoa, zoonosia den heinean, animalietatik gizakietara iristeko gai da. Baina ez da hain erraza, behintzat egoera naturalean. Karbunko gaixotasunaren aldaera hilgarriak —birikietako karbunkoak edo antraxak— artilearekin edo kutsatutako animalien larruarekin lanean aritzen direnei eragiten die. Horrelakoetan infekzioa arnasbideetatik sartzen da, baina ez da batere ohikoa.

Artilearekin eta kutsatutako animalien larruarekin lanean aritzen direnei eragiten die gehien bat karbunkoak.

Azaleko karbunkoa askoz ere ohikoagoa da; gizakietan gertatzen diren karbunko-kasuen % 95 horrelakoak izaten dira, azalekoak. Tratamendu egokia jarriz gero, ez da arazorik izaten, hiltzen direnen kopurua ez baita % 1era ere iristen. Karbunkoaren hirugarren aldaerak ere—urdaila erasotzen duenak—, heriotza eragin dezake, baina ez da biriketakoa bezain hilgarria. Kutsatuta dauden animalien haragia janda hartzen da gaixotasuna.

Osasunerako Mundu Erakundeak dituen datuen arabera, karbunko-kasu gutxi gertatu da gizakietan. 1997. urtean agertu ei zen Ghanan: 185 kasu egon ziren eta 26 heriotza eragin zituen. 1998. urtean Errusian hiru bider agertu zen karbunkoa, baina 15 kasu besterik ez ziren egon; horietatik bi hil egin ziren. Azkenaldian, Etiopiako artzainen artean izan da karbunko-kasu baten berri, baina oso eragin txikikoa, kutsatutako hipopotamoren bat jateagatik sortu baitzen. Osasunerako Mundu Erakundeak egindako estimazioek diotenez, jaten diren kutsatutako 30-60 animaliako, urdaileko karbunko-kasu bat gertatzen da gizakietan.

Beraz, karbunkoak berez ez dirudi beldurra eman behar duen gaixotasun horietakoa, zoonosia izanda ere nekez igarotzen delako animalietatik gizakietara. Ikusten denez, laborategietan ekoiztutako antraxaren kontua oso bestelakoa da. Helburua min egitea denez, azkenaldiko ustezko eraso mikrobiologikoetan antrax-ak kalte gehien egin dezakeen sarbideak —arnasbideak alegia— erabili nahi izan dira. Helburua hori bada, antraxa bada beldurra emateko gaixotasuna; gainerakoan, ez da hainbesterako.

7k-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia