}

Karenadun ugaztunen arbasoa aurkitu dute Txinan

2002/04/25 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Nature aldizkarian aurkeztu duten fosila duela 125 milioi urte bizi zen, sagu baten tamainakoa zen eta, dirudienez, litekeena da karenadun ugaztunen aitzindarietako bat izatea.

Eomaia eskansoria espezieko fosila bi arrazoirengatik da garrantzitsua: argazkian ikusten den bezala, osorik dagoelako eta karenadun ugaztunen (gu tartean) arbaso zaharrenetakoa delako.

Altxorra Txinako Yixian aztarnategi oparoan aurkitu dute. Kretazeo garaiko fosil garrantzitsu asko topatu dira bertan, eztabaida handia piztu duten lumadun dinosauroak besteak beste. Baina Eomaia -k, eztabaida baino gehiago, poza sortu du. Izan ere, hain ugaztun zaharren hortz gutxi batzuk besterik ez zeuden orain arte.

Fosilaren hortzak eta hezurdura aztertuta, karenadun ugaztunen lerroko espeziea zela ondorioztatu ahal izan dute ikertzaileek, eta oso primitiboa zela ere bai. Aldaka oso meharrak izaki, ikertzaileek uste dute animalia honek ernaldi laburra zuela eta, ondoren, martsupialio modernoek egiten duten gisan osatzen zela prozesua; hau da, Eomaia karenadun animalien lerrokoa izan arren, lerroaren eboluzioaren hastapenetako espeziea dela.

Gaur egun, ernaltzeko moduaren arabera, ugaztunak hiru multzotan banatzen dira: karenadunak, martsupialioak eta arrautza-erruleak. Baina Kretazeoan zazpi multzo zeudela uste da. Lau desagertu egin ziren eta lehen aipatutako hirurek bakarrik egin zuten aurrera.

Ikertzaileek uste dute Yixiango aztarnategiari esker garai hartako ugaztunen erretratua egin ahalko dutela eta batzuek aurrera zergatik segitu zuten argitu. Oraingoz, Eomaia zuhaitzetara igotzeko moldatuta zegoela ikusi dute, garai hartako martsupialoak bezala. Desagertu ziren lerroek aldiz, ez dirudi gaitasun hori zutenik.

Eskalatzeko gaitasunak salbatu al zituen Eomaia -k? Adituen ustez, fosil gehiago aurkitu arte ezingo zaio galdera horri ziurtasunez erantzun. Ongi kontserbatutako hurrengo karenadun eskeletoa 50 milioi urte gazteagoa da, eta ordurako agertuak ziren korrika egiteko eta salto egiteko moldatutako karenadunak. Tarteko fosilek izango dute agian giltza.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia