}

Ke arteko munduak

2005/05/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tabako-landarea solanazeoa da. Familia horretakoak dira, besteak beste, tomatea, patata eta piperra, eta baita belladonna ere. Belladonnak substantzia psikoaktibo preziatu bat ematen du, eta haren baia beltzek, zapore gozoa izateaz gain, gizaki bat hiltzeko adina pozoi dute. Aldiz, patata eta tomatea lasai jan daitezke. Eta tabakoa? Substantzia psikoaktiboduna da argi eta garbi, baina jateko horiek bezainbesteko etekin ekonomikoa ematen du.

Amerikara iritsi orduko konturatu ziren europarrak tabako-landarea berezia zela. Izan ere, jatorriz Amerikako tropikokoa da; beraz, XVI. mendera arte ez zuten haren berririk Europan. Laster ezagutu zuten, ordea. Esaterako, honela kontatu zuen Espainiako kronista batek nola erabiltzen zuten hango biztanleek tabakoa: “arnasa hartu eta kea irensten zuten behin eta berriro, sena galdu arte edo lo sakonean sartu arte. (...) Eta kea hartzen duten tresna horri deitzen diote indiarrek tabako , eta ez landareari edo hartzen duten loari.”

Konkistatzaileak ere laster hasi ziren tabakoa erabiltzen. Kronista berak esan zuenez, “Badakit kristau batzuek erabiltzen dutela, batez ere bixiken gaitzak jotakoek, esaten baitute hartara denbora-tarte batean beste nonbait dutela burua eta ez dutela gaitzaren minik sentitzen.”

Hala, Amerikara bidaiatu zuten marinelek ekarri zuten Europara tabakoa erretzeko ohitura, baina ordaina ez zen makala izan: tabakoa erretzea pekatua eta deabrukeria zelakoan, inkisizioak kartzelan sartu zuen marinel haietako bat, Jerezko Rodrigo. Hala eta guztiz ere, ohitura zabaldu egin zen, eta, XVI. mendean bertan, gizarte-maila guztietara iritsi zen tabakoa. Goi-mailakoek pipa hartzen zuten, eta behe-mailakoek, berriz, hostoak bilduta erretzen zituzten, geroko puruen aitzindari.

Hasieran tabako guztia Amerikatik ekartzen bazuten ere, gerora Europan bertan hasi ziren landatzen. Fraideek asko estimatzen zuten landare hura, eta apaintzeko eta sendabelar gisa erabiltzen zuten. Komentu barruko baratzeetan landatzen zuten; hortik datorkio estanko izena tabako-dendari. Nolanahi ere, lau hormen barrutik atera eta erraz zabaldu zen tabako-landaketa soro zabalagoetara.

Goi-mailakoak, herri xehea eta emakumeak

Tabako-kontsumoa azkar hazi zen, eta tabakoa hartzeko erak ugaritu egin ziren. Esate baterako, goi-mailakoen artean ohitura bihurtu zen tabako-hautsa sudurretik hartzea, eta horretan asko lagundu zuen Katalina Medicik. Erregina hark buruko min latzak izaten zituen, eta Jean Nicot enbaxadore frantziarrak tabako-hautsa hartzea gomendatu zion mina arintzeko. Nonbait, erremedioa benetan ona suertatu zen, ez baitzuen buruko min gehiago izan.

Jean Nicot enbaxadore frantziarrak tabako-hautsa hartzeko gomendatu zion Katalina Mediciri, buruko mina arinduko ziolakoan. Nonbait, erremedioa benetan ona suertatu zen.

Oso denbora gutxiren buruan, tabakoaren eragin mesedegarriari buruzko zurrumurrua kontinente osoan zabaldu zen. Enbaxadorea omentzeko, Linneo botanikariak Nicotiana tabacum izena aukeratu zuen tabako-landarearentzat.

Ingelesek ere lagundu zuten tabakoa kontsumitzeko ohitura zabaltzen. Sir Walter Raleigh-en agindupean, marinel ingelesek Ipar Amerikaren ekialdeko kosta esploratu zuten. Virginia izenez batailatu zuten lurraldean tabakoa hazten zuten, eta izen hura hartu zuen hango tabakoak ere. Urte gutxian, izugarrizko garrantzia hartu zuen Ingalaterrako ekonomian, eta, munduan zehar egin zituzten itsas bidaia handietan, Asiako, Afrikako, eta Ozeaniako kostetara eraman zuten tabakoa erretzeko ohitura.

XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan, herrialdeen arteko istiluen iturri izan zen tabakoa, tabako-ekoizpenaren monopolioa eskuratu nahi baitzuten. Izan ere, irabazi ederrak ematen zituen. XIX. mendearen bukaeratik aurrera, tabakoa zigarro moduan erretzeko ohitura gailendu zen, eta AEBetan ere indar handia hartu zuen tabako-industriak XX. mendean.

Gaur egun, gizarte-maila guztietan, adin denetako helduek eta gizonek zein emakumeek erretzen dituzte zigarroak. Tabakoa kontsumitzeko beste moduak, berriz, ia desagertu egin dira, edo ez daude hain zabalduta.

Bestelako erabilerak

Amerikatik Europara etorri berritan, apaintzeko eta sendatzeko erabiltzen zuten fraideek tabako-landarea. Orain ez da ez baterako ez besterako erabiltzen, baina, berez, aplikazio ugari ditu.

Esate baterako, angulak hiltzeko uretan tabakoa jartzen da. Hala, intoxikatuta hiltzen dira. Bestetik, tabako-lantegien hondakinak nekazaritzan erabiltzen dira; izan ere, nikotina intsektizida eraginkorra da.

Hainbat tokitan, azido zitrikoa lortzeko ere erabili izan da tabakoa. Hain zuzen, limoiak baino azido zitriko gehiago du. Horrez gain, tabako-landarearen zutoinetan dagoen zelulosak papera egiteko balio du.

Tabako-landaretik proteinak eta olioa atera daitezke. Tabako-proteinak jangaiak dira, eta egokiak omen dira hainbat nutrizio-arazotarako. Tabakotik ateratako olioa, berriz, ez da jatekoa, baina badirudi ona dela pinturak egiteko.

Hainbat sukaldarik platerei ukitu berezia emateko baliatzen dute eta, Espainiako Badajozen, berriz, tabako-likore bat egiten dute.