}

Keinuak eta ahotsa garabia mugitzeko

2008/11/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sakanetan, estoldetan edota zentral nuklearretan garabi bat maneiatzea ez da lan erraza, eta, gainera, kolokan jartzen du langileen segurtasuna. Horregatik, urtetik urtera gehiago erabiltzen dira urrutiko aginte bidez lan egiten duten jasogailuak. Dena den, metodo hori ez da aproposa babeserako eskularruekin lan egiten denean, esaterako. Gainera, ez du erabateko doitasuna edo zehaztasuna bermatzen zamak mugitzean. Arazo horiek guztiak saihesteko, garabiak urrutitik ahotsaren eta keinuen bidez gidatzeko sistema birtual bat diseinatu du Robotiker-Tecnalia zentro teknologikoko Infotech Unitateak. Sistema berritzaile horri esker, ingurune zailetan segurtasun handiagoaz lan egin ahal izango da.
Keinuak eta ahotsa garabia mugitzeko
2008/11/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: L. Viatour)

Gizakion eta makinen arteko komunikazioan oinarritzen da sistema. InterAmi izeneko proiektu horretan, ahotsaren eta keinuen bidez mugiarazi nahi dute garabia. Horretarako, garabiak bi kamera infragorri ditu, eta kamera horiek langileen kokapena eta keinuak jasotzen dituzte. Langileek, oro har, lau markatzaile erretroislatzaile eramango dituzte besoetan, buruan eta gorputzeko zenbait ataletan. Argi infragorriaren foku batek markatzaile horiek argiztatuko ditu, eta argi-mota hori identifikatzen duten bi kamerek gorputzaren mugimenduak jasoko dituzte --nazioartean araututa daude mugimendu horiek--. Esaterako, eskuineko besoa luzatzean adierazi nahi du garabiak norabide horretan mugitu beharko duela.

Azken finean, kamerek zenbait irudi jasoko dituzte, eta, horietatik, argi infragorriaren markatzaileek eskainiko duten informazioa erauziko dute. Irudi bakoitzean lortutako puntuek erabiltzailea espazioan non kokatzen den zehazteko balioko dute. Hala, aplikazioak erabiltzailea keinuren bat egiten ari den edo ez atzeman dezake, eta, keinuren bat identifikatuz gero, prozesuak aurrera jarraituko luke.

Aldi berean, langileen aginduak edo ahots-komandoak laringeko mikrofono baten laguntzaz jasoko ditu aplikazioak, baita ingurune zaratatsuetan ere. Izan ere, mikrofono horiek inguruneko zaratarekiko immunitate handiagoa dute mikrofono arruntek baino.

Ahotsa eta irudia bat

Kamera infragorriek langileen kokapena eta keinuak jasotzen dituzte.
Robotiker-Tecnalia

Bi seinaleak, ahotsa eta irudia, elkarren osagarri dira, eta gailuak ez du inolako ekintzarik egiten bi seinale horietatik agindu bera jaso ezean. Azken finean, bi seinale horiek sinkronizatuta daude une oro. Segurtasun-neurri gisa, sistemak keinu- eta ahots-komandoak alderatuko ditu: agindu bera ematen dutela ikusiz gero, seinale hori garabira bidaliko da, eta garabiak agindutako mugimendua beteko du.

Besoen mugimenduak eta ahozko aginduak aldi berean gertatu behar dute, eta denbora-tarte jakin batean. Bestela, garabiak ez du erreakzionatuko. Modu horretan, lan-arriskuak murrizten direla esan liteke. Izan ere, sistemak ez du inolako mugimendurik egiten markatzaileak daramatzan erabiltzaileak agindu ezean.

Sistemak industria-instalazioetan lan egingo du batez ere, eta instalazio horietako gune batean baino gehiagotan dauden langileen informazioa jasoko du. Hori dela eta, zenbait baldintza bete beharko ditu: batetik, sistemak langileen keinu-komandoak arretaz jaso beharko ditu, hala nola posizioa, eskuen mugimendua eta ahotsa; bestetik, sistemak gai izan beharko du hamaika argiztapen-kondiziotan lan egiteko; eta, azkenik, erabiltzaileak ematen dituen eta sistemak interpretatzen dituen komandoen arteko gaizkiulertuak saihestu beharko dira.

Oraingoz, probak egiten dihardute lantegi birtual batean.
Robotiker-Tecnalia

Orain artean, merkantzien itsas portu bateko instalazio bat eta garabi birtual bat garatu dituzte Robotiker-Tecnaliako ikertzaileek. Sistemak garabia mugitzen den eremu guztiak ezagutzen ditu, baita bertako elementu guztien kokapena eta horien mugimendu posibleak ere. Garabiak objektu baten kontra talka egin behar duela ikusten bada, aplikazio horrek erabiltzaileari ematen dio horren berri, eta erabiltzaileak automatikoki eteten du jarduera.

Oraingoz aplikazio horiek garabi birtual batean txertatu badituzte ere --eta mugimenduak nahiz aginduak ingurune informatiko batean besterik ez--, etorkizunean garabi errealetan aplikatu ahal izatea espero dute.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
247
2008
11
033
Teknologia
Artikulua
44

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia