“Euskaldunok ez goaz trenaren buruko bagoian, baina ez dugu galdu tren hori”
2018/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Interneten informazioa bilatzeko erraztasunak. Interneteko nabigatzaileek gaur egun ematen diguten laguntza amets utopikoa zen orain dela 30 urte.
Informazio asko dago Interneten, eta Google-ri galdetuta gehienetan lortzen dugu nahi genuen datua, argazkia edo testua. Horri esker, zientzia eta teknologiaren garapena askoz bizkorragoa da gaur egun. Lehen artikulu interesgarri bat lortzeko aste batzuk behar zenituen, gaur egun minutu edo segundo kontua izaten da.
Gainera, bilatzaile horiek hizkuntzaren prozesamenduko teknologia erabiltzen dute. Aspaldian, gutxik ematen zioten garrantzia guk Ixa Taldean garatzen dugun teknologiari. Gaur egunean Google da teknologia horren erabiltzaile nagusia, eta, horri esker, askoz emaitza hobeak lortzen ditu. Eskerrak euskara ere landu izan dugun teknologia horretan; euskaldunok ez goaz trenaren buruko bagoian, baina ez dugu galdu tren hori.
Amesten dut Cuscoko kalean kartel guztiak ketxueraz bakarrik egotea eta nik nire mugikorrean hor jartzen duena euskaraz ikusi edo entzun ahal izatea. Noski, era berean, Bilboko kalean kartel guztiak euskaraz bakarrik egotea ere bai, eta Peruko gure lagunek mugikorrean kartel horiek ketxueraz ikusi edo entzun ahal izatea, katalanek katalanez, eta ingelesek ingelesez.
Hau da, itzulpen automatiko hobe bati esker, giza itzultzaileek hirian idatzita dagoen guztia ondo itzulita eskaini ahal izango digutela amesten dut.
Konputagailuek eta robotek hobeto itzuliko dute, gure mundu erreala hobeto ezagutuko dutelako, Wikipedia/Wikidata erraldoiak online kontsultatu ahal izango dituztelako, eta esaldien esanahiak bektore moduan errepresentatuta errazago asmatuko dutelako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia