}

Kezka eragin du Fukushimako urak ozeanora isurtzeko operazioak

2023/08/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kezka-eragin-du-fukushimako-urak-ozeanora-isurtzek
Daichii zentral nuklearra, airetik. Arg. TEPCO/IAEAren irudi-bankua/CC BY-SA 2.0

Japoniako gobernuak iragarri duenez, bihartik aurrera hasiko dira isurtzen ozeanora Fukushimako ur erradioaktiboak. Izan ere, Daichii zentralaren hondamendian bertan, eta ondorengoko egonkortze- eta hozte-lanetan, ur asko kutsatu zen, eta, orain arte, tangetan gordeta izan dute. Orain, ordea, ozeanora isurtzea erabaki dute, isotopo erradioaktiboak kentzeko tratatu ondoren, eta modu kontrolatuan. 

Hala ere, aditu guztiak ez datoz bat erabakiarekin. Maxi Castrillejo Iridoy ozeanografoak, adibidez, urteak eman ditu Fukushima inguruko itsas uren erradioaktibitatea aztertzen, eta orain beste leku batzuetako urak ikertzen badabil ere, ondo ezagutzen du hango egoera. Eta, haren esanean, “aurrekari arriskutsua da”.

Onartu du Fukushiman duten egoera oso “konplikatua” dela, eta ez duela irtenbide errazik, ezta merkerik ere. Hori horrela izanda ere, uste du TEPCOk (Daichii zentrala kudeatzen zuen enpresak) eta Japoniako gobernuak, IAEAren onespenarekin (Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundea), transmititu nahi dutela itsasora isurtzea dela aukera posible bakarra. Castrillejoren iritziz, ordea, hori oso arriskutsua da, izan ere, “industria nuklearrak ikusi du, nola gauzak oso korapilatsuak direnean, posible den itsasoa zakarrontzi modura erabili nazioarteko onespenarekin”.

Bestalde, ez du konfiantza handirik TEPCOrengan, orain arte egin dituen analisiak ez baitira nahikoak izan, ez kalitatez, ez kantitatez. “Hortik jendarteko konfiantza eza, baita nirea ere”. Eta hau gehitu du: “Datuak erabili behar dira zientzialariak eta jendartea konbentzitzeko”.

Castrillejok aipatu duen bezala, IAEAk oniritzia eman dio operazioari, eta baieztatu du isuriko den erradioaktibiate ia guztia tritiotik datorrela (hidrogenoaren isotopo bat), eta haren semidesintegrazio-epea laburra dela (12,32 urte), eta elektroiak baino ez dituela igortzen. Zehaztu du elektroiak ez direla gai giza larruazala zeharkatzeko; hori bai, ahotik edo inhalatuz barnera ditzakegu. Baina azpimarratu du isuriko den titrio-kantitatea hutsala dela itsasoak berez duenarekiko.

Itsasora isuri aurretik, gainerako isotopo erradioaktiboak ALPS sistemaren bidez erauziko dituztela agindu dute. ALPS edo Likidoen Prozesamendurako Sistema Aurreratua ponpatze- eta iragazki-zirkuitu bat da, eta 62 radionukleido erauzteko gai da. IAEAk azaldu du titrioa dela erauzi ezin duen bakarra, sistemak ezin baitu urak berez duenetik bereizi, kontzentrazio oso txikian baitago. Horrenbestez, operazioa segurua dela berretsi du IAEAk, eta gogorarazi du bera arduratuko dela jarraipena egiteaz, Japoniako gobernuarekin batera.

Alabaina, Castrillejok zalantzan jarri du ur tratatuetan ez egotea beste elementu erradioaktibo batzuk, hala nola zesioa, kobaltoa eta estrontzioa. Eta errepikatu du, analisien sendotasun eta sinesgarritasun falta duen enpresa bati, datu gehiago eskatu behar zaizkiola, naturara isuriak baimendu baino lehen.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia