}

Kide berri bat familian

2001/03/22 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Gizakiaren eboluzioaren historia konplexua da eta argilunez betea dago. Gaur, pieza berri bat gehitu zaio puzzleari, Kenyan 3,5 milioi urteko espezie berri bat aurkitu baita.

Gure arbasoak izan daitezkeenen aztarnek beti sortzen dute zalaparta handia komunikabideetan eta gizartean. Nondik gatozen eta nora goazen jakin nahi dugu eta abiada bizian zabaltzen da aurkikuntza berrien oihartzuna. Gaur Nature aldizkariak eman du azkena: Meave eta Louise Leakey paleontologo ospetsuen taldeak orain arte ezagutzen ez zen hominido-espezie eta
-genero berri bat aurkitu duela adierazi du eta, izena ere eman dio, Kenyanthropus platyops edo aurpegi zapaleko Kenyako gizakia. Garezur ikusgarri bat dute eskuartean eta paleontologoak ziur dira espezie eta genero berri bat aurkitu dutela.

George Washington Unibertsitateko Daniel Lieberman antropologoak, hala ere, aurkikuntzaren inguruko hainbat kezka agertu ditu Nature aldizkarian egiten duen iruzkinean. Izan ere, garezur baten eta hortzen zatiak izan daitezkeen 30 puska aurkitu dituzte baina bi bakarrik esleitu zaizkio oraingoz K. Platyops hominidoari. Lieberman-en arabera oso posible da aurkitutako fosila espezie berri batena izatea, baina generoa ere berria den zalantzak ditu.

Hiru talde nagusi

Orain urte gutxi arte, gizakiaren historia ebolutiboa nahiko argia zela uste zen. Hiru hominido-genero ezagutzen ziren: Australopithecus , Paranthropus eta Homo (gizaki modernoaren generoa). Paranthropus eta Homo generoek orain 2-3 milioi urte eboluzionatu zutela uste da eta eboluzioa Australopithecus afarensis espezietik abiatuta gertatu zela, hau da, Lucy-tik abiatuta.

Baina azken urteetan guztia nahasi egin da. Lehenik Kenia, Etipoia eta Chad-en hiru Australopithecus espezie berri aurkitu ziren, A. Anamensis, A.garhi eta A. Bahrelghazali , hurrenez hurren, eta generoaren baitan uste baino desberdintasun gehiago zegoela argi geratu zen. Ondoren, orain 4,4 milioi urte bizi izan zen Ardipithecus generoa aurkitu zen eta, gutxi ezagutzen bada ere, hasierako hominido bat izan daitekeela uste da. Urte-hasieran, ikertzaile-talde frantses batek hominido zaharrena izateko hautagai berri bat aurkeztu zuen, Orrorin tugenensis , nahiz eta oraindik polemikaz inguratuta dagoen aurkikuntza. Eta hura argitu gabe, Kenyanthropus platyops agertu da.

Kenyanthropus platyops -en garezurraren ezaugarriak ez dira berriak, ezaugarrien konbinazioa da berria eta ez da beste espezie bakar batean ere aurkitzen. Ezaugarri batzuk txinpantzeenak bezalakoak ditu eta beste batzuk A. Anamensis eta
A. Afarensis
-enak bezalakoak, baina hala ere ezin da espezie horietako ale bat bezala sailkatu. Bestalde, garezurrak orain
1,8 milioi urte bizi izan zen
Homo
rudolfensis -en antz handia ere badu. Honek Paranthropus generoarekin ditu antzekotasunak eta Paranthropus eta Australopithecus generoak ustez desberdinak dira. Ala ez? Hominido berriak hainbat genero eta espezien ezaugarriak ditu, baina ez dator guztiz bat ez batzuekin ezta besteekin ere. Aurkitu dutenek genero berria dela ziurtatzen dute, baina gauzak ez daude oso argi. Zein ote da bere lekua hominidoen eboluzioaren zuhaitzean?

Genero berri bat ote da? Ala, Australopithecus generoko espezie berri bat da? Ala Homo rudolfensis -en arbasoa? Lieberman-ek irudiko zuhaitza egitea proposatzen du behin-behineko konponbide gisa, baina ikusten den bezala, galdera-markaz beteta dago hau ere. Erantzuna aurkikuntza berrien eskutik etorriko da, baita teknologia berriek eskura ipini dituzten tresnen eskutik ere. Paleontologo eta biologo molekularrek elkarrekin egin beharko dute lan harila askatu eta mutur guztiak aurkitu nahi badituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia