}

Kimikako Nobel saria, “kimika organikoko metatesi-metodoa garatzeagatik”

2005/10/05 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hiru kimikarik jasoko dute aurtengo Kimikako Nobel saria: Yves Chauvin (Frantzia, 1930), Robert H. Grubbs (AEB, 1942) eta Richard R. Schrock (AEB,1945). Metatesi-metodoa garatzeko egin duten lanagatik sarituko dituzte hiru kimikari horiek . Metatesi-metodoa kimika organikoan konposatu berriak sortzeko erabiltzen den metodo bat da.

Metatesia, hizkuntzari dagokionean, hitz baten barneko fonemak lekuz aldatzean datza (adibidez, hodei hedoi egiten da). Bada, sintesi organikoari dagokionean, atomo-taldeak leku batetik bestera aldatzean datza, molekula organiko baten barnean edo molekula batetik bestera.

Sintesi-bide horretan, karbono-atomoen arteko lotura sinple eta bikoitzekin jokatzen da; eta, horretarako, nahitaezkoak dira katalizatzaileak.

1950eko hamarkadan hasi ziren metatesia erabiltzen sintesi-metodo gisa, baina 1971 arte ez zuten jakin erreakzioa nola gertatzen zen. Hain zuzen ere, Chauvinek azaldu zuen metatesiaren erreakzio-bidea. Eta hark azaldu zuen zer metalek jokatzen duten katalizatzaile gisa eta nola.

Katalizatzaile egoki bat berebizikoa da sintesi-bide horretan. Hori dela eta, Chauvinen lanaren ondoren kimikari askok katalizatzaile eraginkorren bila jardun zuten. Bada, lehenengo katalizatzaile eraginkorra —metal-konposatu bat— Schrockek lortu zuen 1990ean. Eta, handik bi urtera, Grubbsek katalizatzaile are eta eraginkorrago bat lortu zuen, aurrekoa ez bezala, airean egonkorra zena.

Nobel Fundazioak nabarmendu duenez, metatesiari esker, industria kimikoak asko aurreratu du, sendagaien eta plastikoen garapenak, batez ere. Eta hiru kimikari horien lanari esker, konposatu askoren sintesia eraginkorragoa, errazagoa eta garbiagoa da orain.