Kimikako Nobel Saria, proteina berrien sorrerari eta egituraren iragarpenari
2024/10/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kimikako Nobel Batzordeak hiru ikertzaile saritzea erabaki du aurten: batetik, David Baker, proteina berriak diseinatzeko tresna garatzeagatik, eta, bestetik, Demis Hassabis eta John Jumper, elkarrekin, proteinen egitura aurreikusteko adimen artifizialeko eredu bat sortzeagatik. Bi aurkikuntza horiek, organismo bizidunen funtsa hobeto ulertzen laguntzeaz gain, izugarrizko aukerak eskaintzen dituzte hainbat arlotan, hala nola farmazia eta industria kimikoa.
Batzordeak gogorarazi du proteinak bizitzaren funtsezko osagaia direla. Hain zuzen, erreakzio kimiko guztiak kontrolatzen eta bultzatzen dituzte. Hormonak, antigorputzak, entzimak, neurotransmisoreak, ehunen eraikuntza-blokeak… denak dira proteinak. Horregatik dira hain garrantzitsuak aurten saritu dituzten ikertzaileen lanak.
Haien aurretik, beste zientzialari batzuk ere aurkikuntza esanguratsuak egin dituzte arlo horretan. adibidez, 1972an, Chirstian Anfinsenek Kimikako Nobel saria irabazi zuen, frogatzeagatik aminoazido-sekuentziak baldintzatzen duela proteinen tolestura edo hiru dimentsioko egitura.
Proteina guztiz berriak eta adimen artifiziala
David Bakerrek hasieratik bideratu zuen bere ikerketa proteinen tolestura aztertzera. 1990eko hamarkadaren amaieran, proteinen egitura aurreikusteko programa informatiko bat garatzen hasi zen: Rosetta. Horretan oinarrituta, proteina berriak diseinatzeko xedearekin ikertzen jarraitu zuen, Top7 izeneko proteina lortu arte: proteina guztiz berri bat, dagoeneko existitzen diren egiturak imitatzen dituena, baina naturan ez dagoena. De novo diseinatutako beste edozein proteina baino handiagoa zen, gainera: 93 aminoazido zituen.
Bakerrek 2003an argitaratu zuen lan hori. Hortik aurrera, arlo horrek izugarrizko garapena izan du. Halaber, Rosettaren kodea denen eskura jarri zuen; horri esker, mundu osoko ikertzaileek baliatzeko aukera izan dute.
Garai hartan, Demis Hassabisek eta John Jumperrek ez zuten elkarrekin ikertzen. Demis Hassabis, txikitan, xake-jokalaria zen, eta programatzaile eta joko-garatzaile izan zen ondoren. Adimen artifizialaren munduan sartu zen, eta 2010ean DeepMind konpainiaren sortzaileetako bat bihurtu zen. Gero, Googlek erosi zuen konpainia, eta arrakasta handia lortu zuen Go jokoaren txapeldunari irabazteko gai izan zen programa bati esker.
Handik, proteinen egitura aurreikusteko AAko ereduak sortzera bideratu zen, eta AlphaFold garatu zuen. Aurretik zeudenak baino askoz ere hobea zen arren, oraindik ez zen behar bezain ona. John Jumperrekin elkartu zenean iritsi zen arrakasta. Bien artean AlphaFold2 garatu, eta 2020an CASP lehiaketa ospetsura aurkeztu zuten. Aurkeztu, eta irabazi: kasu gehienetan, AlphaFold2 ereduak X izpien bidezko kristalografiak bezain ondo aurreikusi zituen proteinen egiturak. Lehiaketaren antolatzaileak txundituta geratu ziren.
Beraz, aurrerapauso txundigarri horri esker jasoko dute Demis Hassabisek eta John Jumperrek 2024ko Kimikako Nobel saria.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia