Kinasa-inhibitzaile bat identifikatu dute, gizonentzako antisorgailu bat garatzeko aproposa
2024/05/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gizonentzat emakumeentzat baino antisorgailu gutxiago daude. Arrazoien artean, erabiltzaileen onarpen eskasa dago; adibidez, probatu diren antisorgailu hormonalak ez dira aurrera atera, boluntarioek ez zituztelako albo-ondorioak onartzen. Orain, Science aldizkarian, antzutasuna eragiten duen molekula bat aurkeztu dute, segurua eta itzulgarria, eta bestelako ondoriorik ez duena.
STK33 kinasaren inhibitzailea da. STK33 proteina bat da, ezinbestekoa ugalkortasunerako, saguetan zein gizakietan. Haren mutazioak antzutasuna eragiten du, espermatozoideen mugikortasuna eta morfologia eraldatzen baititu; era berean, ordea, ez du bestelako ondoriorik sortzen.
Horrenbestez, ikertzaileek pentsatu zuten, hura inhibitzen duen molekula aurkituz gero, antisorgailu bat garatzeko bidea ireki zezaketela. Hala, datu-base genetikoak arakatuta, STK33a berariaz inhibitzen duten zenbait molekula identifikatu dituzte. Egitura molekularra argituta, laborategian sintetizatu dituzte, eta, saguetan, egokiena aurkitu dute: CDD-2807.
Esperimentuen arabera, inhibitzaile hori ez da toxikoa, ondo zeharkatzen du barrabilen eta odolaren arteko hesia, ez da garunean metatzen, eta STK33aren mutazioaren pareko ondorioak ditu, barrabilen neurriari eragin gabe. Gainera, haren ondorioak itzulgarriak dira: tratamendua bertan behera utzi eta denbora gutxira, saguak berriro ugalkorrak ziren.
Oraindik ikerketa gehiago egin behar dituzte saguetan, gizakietan probatu aurretik; adibidez, epe luzera zer eragin duen ikusteko. Hala ere, ikertzaileek bide berri bat ireki izana espero dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia