Klaudio Harluxet, informatikaria
1994/04/01 Sarasola, Kepa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain dela gutxi hil zaigu Klaudio Harluxet euskaltzale eta informatikaria. Egunkarietan bere nortasunaz irakurri duguna politika- edo enpresa-mailako azalpenetan geratu da. Baionako udalean abertzale guztien botuak bilduz hautetsi bilakatzea lortu zuela gogoratu da eta Iparraldeko SEI enpresa-taldeko sortzaileetako bat genuela ere bai. Baina Klaudio informatikaria ezagutu dugunontzat, bere ezaugarri hori funtsezkoa izan da.
1975. urtean Elhuyar aldizkarian ageritako “Informatikaren hiztegi laburra” izeneko artikuluan 74 hitzeko bilduma proposatzen zuen informatikaren oinarrizko azalpenarekin batera. Aldizkari berean bi urte geroago, beste artikulu bat argitaratu zuen René Harluxetekin. Bertan informatikaren oinarri den Shannon-en “informazioaren teoriari” ekiten zioten, informatikarekiko euskararen balizko zailtasuna gezurtatuz.
Iruñean UEUn 1989an “Hizkuntz Industriak eta Informatika” aurkeztu zuen, adibidez eta 1990ean Donostian VI SEPLN kongresuko mahai inguruan ere bai. Orduan Hizkia enpresa sortu zen Baionako SEI taldearen babesean. Egun Euskal Herrian 12 ikerlari talde desberdinek dihardute hizkuntzaren prozesamendu automatikoan. Erakargarria da gizakiak bere hizkuntza ulertzeko erabiltzen dituen ahalmen ezkutuak aurkitzea, eta ordenadore bidez simulatzea edo emulatzea ere bai.
Baina benetako erronka sistema erabilgarriak sortzean kokatzen zuen Klaudio injineruak. Nahiz eta esaldien ulertze osoa lortu ez, gaur egun oso tresna lagungarriak eskain ditzake informatikak hizkuntz tratamendurako. Izan gaitezen bizkorrak! Bila ditzagun aplikazio-eremu konkretua, erabiltzaile-mota, eta erabiltzeko baldintzak! Zergatik ez terminologian? Hiztegigintzan? Testu-edizioan? Testu-biltegiratzean? Informazio-bilaketan? Horixe zen Klaudioren leloa.
Erronka horri aurre egiteko ikus dezagun adibide praktiko bat: 1980an UZEIren beharrak ezagutu ondoren, bost aditu bat etorri ziren zegoen problemaren zailtasunaz. Batetik fitxa-kopurua handia dela eta bestetik datuen fitxa desberdinetan oso tamaina desberdina izan dezaketela eta, 1980ko ordenadoreetan ezin daiteke inolako aplikaziorik lor arrazoizko baldintza ekonomikoetan.
Problemaren datuak ez dira informatika klasikoak tratatzen dituen datu erregularrak. Handik bi hilabetera Klaudio soluzioarekin itzuli zen. Bere asmakizunaren giltza sinplea zen oso: zuhaitzak. Bai, bai, informatikan ere badira zuhaitzak! Zuhaitz bakoitzak erro bat eta nahi beste ume (adar) dauka, umeak ere zuhaitz bezala definitzen direlarik. Normalean zuhaitzak informazio-elementu desberdinen artean hierarkizatutako egiturak adierazten ditu.
Profesional gisa, Klaudio, oso gutxitan aurkitzen den bertute baten jabe izan zen: erabiltzailearen beharrak eta nahiak ezagutzeko, bere mailan jartzen zen. Pazientzia handia hartuz erabiltzaile horrekin solasean hasten zen eta emeki-emeki problemaren analisia burutzen zuen. Horrela, UZEIk eta beste batzuek erabiltzen duten RTerm aplikazioaren analisia Baionatik Parisera trenean egindako solasaldi baten fruitu izan zen.
Bukatzeko, entzun dezagun oihartzunak berriro dakarren lehenengo artikulu haren bukaerako gonbitea: “Xehekiago ikertzeko eta esplikatzeko zer den ordenadore bat, askoz gehiago hitz behar dira. Gure lana huntan bukatu edo bururatu baitzen, hitz hauek bakarrik ditugu eskaintzen irakurleari, bera deitzen dugularik gurekin lan hau osatzera.”
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia