Klima-aldaketa eta gizarte-desberdintasunak, Espainiako epidemiologia-biltzarraren solasaldi irekiaren ardatzak
2022/08/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaurtik irailaren 2ra arte, Espainiako epidemiologia-elkartearen urteko batzarra egingo da Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta. 'XXI. mendeko erronkak: ingurumena, klima-aldaketa, eta gizarte-desberdintasunak' da aurtengo batzarraren leloa, eta izenburu hori bera izan du sarrera gisa egin duten solasaldi irekiak. Aitana Lertxundi Manterola biltzarraren idazkariak gidatu du solasaldia, eta Elisa Sainz de Murieta Zugadi, Dorleta Orue-Echevarria, Cristina Linares Gil eta Jesús Ibarluzea Maurolagoitia izan dira hizlariak.
Lertxundik azaldu duenez, solasaldiaren helburua da gizarteari helaraztea leloak biltzen dituen gaien garrantzia. Elisa Sainz de Murieta Zugadi izan da lehen hizlaria. Klima-larrialdiaren inpaktua ikertzen du EHUn eta BC3n, eta, hasteko, klima-aldaketaren ebidentziak jarri ditu mahai-gainean: tenperaturen igoera azken hamarkadetan, karbono dioxidoaren maila atmosferan duela 800.000 urtetik hona…
Epidemiologia-kongresuaren gaietako bat klima-aldaketak osasunean izango duen eragina izango denez, horri heldu dio jarraian. Uda honetako bero-boladez gain, suteak, lehorteak, uholdeak eta itsas mailaren igoera ere aipatu ditu.
Horrekin batera, gogorarazi du leku pribilegiatuan bizi garela; esaterako, Pakistanen orain bertan milioika pertsonari eragiten dieten uholdeak dituzte. Eta justu klima-aldaketak ondorio gogorrenak dituen herrialde horiek berak dira aldaketan ekarpen txikiena egin dutenak.
Ekosistemei eragiten dien kalteaz gain, ondorio ekonomikoak ere aipatu ditu. Alde horretatik, berriro ere gutxien dutenek pairatuko dituzte ondorio latzenak.
Mezu honekin amaitu du: “Ez dugu beste planetarik, eta oraindik garaiz gaude klima-aldaketaren ondorioak apaltzeko, batez ere, energia sortzeko, mugitzeko eta elikatzeko ditugun sistemak aldatuta”.
Klimaren krisia, osasun-krisia
Cristina Linares Gilek (Carlos III Osasun Institutuko Klima Aldaketa, Osasuna eta Hiri Ingurumeneko Erreferentzia Unitatea) hartu du hitza jarraian, eta klima-aldaketak osasunean dituen ondorioez hitz egin du. Hasteko, klima-larrialdiak gaixotasun berriak sortu baino gehiago, gaitzak hedatzen laguntzen duela nabarmendu du. Horren adibide garbia dira eltxoek eta akainek transmititzen dituzten gaitzak, hala nola zika edo Niloko sukarra.
Horrez gain, muturreko fenomeno meteorologikoak elkarri lotuta daude, eta batzuek besteak indartzen dituzte. Hortaz, ondorioak are gogorragoak dira. Halaber, ohartarazi du, osasun fisikoan sortzen dituzten kalteaz gain, kontuan hartu behar da buruko osasunean duten eragina: depresioa, antsietatea, trauma-osteko estresa… Adibidez, suteek eta lehorteek nekazarien bizimodua suntsitzen dute, eta arazo ekonomikoek eta bizibidearen galerak buruko asaldurak sortzea laguntzen dute.
2022ko beroaldiak ere aipatu ditu. Azken urteekin alderatuta, beroari lotutako heriotza gehien izan dira uda honetan, baina heriotzak ez ezik, gaixotasun kronikoen okertzea ere badakarte, gaixotasun kardiobaskularretatik hasi eta arazo psikiatrikoetara. Halaber, atmosferaren poluzioaren kalteak gogorarazi ditu: alergiak, minbiziak, gaixotasun kronikoen okertzea, garapen kognitiboaren apaltzea…
Bukatzeko, Sainz de Murietak bezala, Linaresek ere kontuan hartu ditu desberdintasun sozialak, batez ere emakumeak eta neskek dituzten arriskuak, baita migranteek ere.
Hiriak eta etorkizuneko agertokiak
Haren ondoren, Jesús Ibarluzea Maurolagoitiak (Biodonostia, CIBERESP) hiriek osasunean sortzen dituzten ondorioak azaldu ditu bere hitzartean. Eta hiritarrek ingurumen-arriskuekiko duten pertzepzioaren garrantzia azpimarratu du, pertzepzioek portaeran indar handia baitute. Horrenbestez, hiritarren pertzepzioa Osasun Publikoko gai bat da.
Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen barruan hiriak aintzat hartzen direla esan ondoren, itxurakerian geratzeko arriskua gogorarazi du. Edonola ere, badira elementu onuragarriak hirietan; bereziki, eremu berdeak eta urdinak. Adibidez, hirien berdetasuna % 10 igotzeak gaixotasun psikiatrikoei lotutako morbilitatea eta heriotza-tasa nabarmen jaistea ekartzen du.
Emakume haurdunei eta, erditu ondoren, haien haurrei egiten dieten jarraipena azalduz amaitu du.
Naturklima Fundazioko Dorleta Orue-Echevarriak eman du azken hitzaldia. Etorkizuneko agertokiak azalduz hasi da, eta azpimarratu du, fenomenoa globala bada ere, inpaktuak tokikoak direla. Beraz, ondorioak apaltzeko eta egokitzeko neurriak ere tokikoak izan behar dutela baieztatu du Orue-Echevarriak.
Ildo horretatik, 2050erako klima-aldaketaren Euskadiko estrategia ekarri du gogora, eta Naturkliman egiten duten lana esplikatu du: adierazleen eta neurrien monitorizazioa, analisia eta aholkularitza. Helburua da berotegi-gasen isuriak % 80 gutxitzea 2050rako, 2005eko mailarekiko. Bestalde, borondatezko karbono-funtsa aurkeztu du.
Klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta egokitzeko neurrien analisiez aritu da gero. Biodibertsitate-galerari aurre egiteko, adibidez, azpiegitura berdeen sare bat diseinatu dute. Kostako eremuak, nekazaritza-eremuak eta basogintzakoak, eta populazio-nukleoak ere aztertu dituzte.
Amaitzeko, arlo guztien artean dauden elkarrekintzak analizatu dituzte. Adibidez, uholde batek errepide bat mozteak ospitalera iristea galaraz dezake.
Galderen txandarekin amaitu da solasaldia. Hurrengo egunetan, eta irailaren 2ra arte, espezialistek biltzarra egingo dute, eta sakon landuko dituzte gai horiek guztiak. Hain zuzen, 1100 komunikazio onartu dituzte aurten, eta 840 parte-hartzaile espero dituzte. Lertxundiren hitzetan, erronka nagusiena da elkarrengandik ikastea, hobetzen jarraitzea, eta ikasitakoa zabaltzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia