Klima-aldaketaren aurrean ez gara nahikoa egiten ari, baina oraindik egin daiteke
2023/03/21 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
IPCC-k argitaratu duen azken txostenak, orain arteko ebaluaketa guztiak biltzen dituenak, bi mezu garbi utzi ditu: batetik, klima-larrialdiari aurre egiteko egiten ari garena ez da nahikoa, inola ere, eta urte oso baliotsuak galdu ditugu; eta, bestetik, oraindik posible da guztiontzako bizigarria eta jasangarria izango den etorkizun bat bermatzea, baina, ezinbestekoa da lehenbailehen hartzea horretarako neurriak.
Klima-aldaketa ebaluatzeko munduko erakunde ofiziala da IPCC. Azken urteetan hainbat gairi buruz ehunka adituk egin dituzten ebaluazio sakonen sintesi-txostena argitaratu dute orain. Txostenak argi eta garbi adierazten du berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak handitzen jarraitzen dugula. Eta, ondorioz, gaur egun, munduko tenperatura industriaurrekoa baino 1,1 ºC handiagoa da.
Funtsean erregai fosilak erretzeak eragin du egoera hau. Eta berotzeak gero eta larriagoak izan litezkeen arriskuak dakartza: bero-boladak, eurite gogorrak eta beste fenomeno meteorologiko muturreko batzuk; elikagaien eta uraren segurtasun-falta; pandemia-arriskua handitzea… Hain zuzen ere, dagoeneko gertatu diren eta etorkizunean izango diren galerak eta kalteak azpimarratzen dira txostenean. Eta nabarmentzen dute aldaketa horiek bereziki kalte egiten dietela pertsona eta ekosistema zaurgarrienei; klima-aldaketaren erru gutxien dutenei.
Hala ere, dena ez dago galduta, IPCCren ustez, eta klima-larrialdiaren ondorioak arintzeko aukera badago oraindik. Txostenaren arabera, munduan badago nahikoa baliabide eta kapital, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak berehala murrizteko. Horretarako elikagaien sektorean, energiarenean, garraioan, industrian, eraikinetan eta lurraren erabileran egin behar dira aldaketak. Eta ezinbestekoak dira konpromiso politikoa, politika koordinatuak, eta nazioarteko lankidetza.
Gainera, aldaketa horiek osasuna eta ongizatea hobetzea ere sustatuko lukete. Eta ekonomikoki ere errentagarria litzateke, IPCCren kalkuluen arabera. Esaterako, soilik airearen kalitatea hobetzeak osasunean izango lukeen eraginetik eratorritako onura ekonomikoa, emisioak murrizteko beharko litzatekeen inbertsioa adinakoa edo handiagoa litzateke.
2030era arte ez du beste txostenik egingo IPCC-k. Orduan jakingo dugu zenbateraino hartu den aintzat orain arte egindako lana.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia