}

Klima larrialdiari aurre egiteko politika eraginkorrenak identifikatu dituzte

2024/08/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

klima-larrialdiari-aurre-egiteko-politika-eraginko
Kalkulatu dutenez, karbono-isuriak % 19 murriztea lortu da politika eraginkorrei esker. - Arg.

Azken 25 urtetan (1998-2022) 41 herrialdetan ezarri diren 1.500 politika klimatiko aztertuta, zientzialariek ondorioztatu dute 63k baino ez dutela karbono dioxidoaren isuriak murriztea lortu. Ondorio horretara iristeko, adimen artifizialeko tresnak erabili dituzte, eta ikusi dute, arrakasta izan duten politikak, askotan, neurri bat baino gehiagoren konbinazioak izan direla. Inpaktu klimatikoari buruzko Postdam Institutuak gidatu du ikerketa (PIK), eta Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, irekian. 

Ikertzaileek sei kontinentetako 41 herrialdetan jarri dute arreta (tartean daude Espainia eta Frantzia), eta lau sektore bereizi dituzte: eraikuntza, elektrizitatea, industria eta garraioa. Azpimarratu dutenez, gakoa neurrien konbinazioa da, horrela lortu baitira murrizketa handienak karbono-isurietan (% 19ko murrizketa, hain zuzen). Adibidez, erregaien gaineko prezio-politika oso lagungarria izan da, beste neurri batzuen eragina areagotzeko.

Nolanahi ere, arrakasta eraile askoren menpekoa da, eta sektore batzuetatik besteetara aldatu egiten dira, baita herrialdeen garapen industrialaren arabera ere. Esaterako, prezio-politika bereziki eraginkorra da etekinak maximizatzera jotzen duten sektoreetan, hala nola industrian. Aldiz, kontsumitzaileen jokabideak eragin handiagoa dutenetan, adibidez, garraioan, prezio-politika osagarria izango litzateke, ikertzaileen esanean. Garatze-bidean dauden herrialdeetan ere prezio-politika ez da hain eraginkorra.

Arrakasta-kasuen artean dago Txinaren salerosketa-sistema esperimentala, eta, horren osagarri, erregai fosilentzako diru-laguntzen murrizketa eta energia-eraginkortasunerako finantza-pizgarriak. Elektrizitatearen sektorean, Erresuma Batuak emisioen murrizketa garrantzitsuak lortu zituen, karbonoaren gutxieneko prezioa, energia berriztagarrirako diru-laguntzak eta ikatza baztertzeko planaren bidez. Garraio-sektorean, AEBak emisioen murrizketa esanguratsua lortu du, zerga-pizgarriak, isurpen txikiko ibilgailuentzako diru-laguntzak eta karbono-eraginkortasunari buruzko neurriak konbinatuta. Eta Frantzian, industria-sektorean, arrakasta izan dute karbono-zergak eta energia-efizientziaren gaineko araudiak. Adibide guztiak PIKren webgune interaktiboan ikus daitezke, herrialdez herrialde eta sektoreka.

Etorkizunerako aurreikuspenak ere egin dituzte, ikusteko zenbat aurreratu den eta falta den, isurien murrizketen gainean Nazio Batuek 2030erako jarritako helburuetara iristeko. Eta ikusi dute, aztertu dituzte herrialde guztiek iraganeko arrakasta errepikatzeko aukera izango balute ere, orain arte ikusitako ahalegina bider lau egin beharko luketela, isurien arrakala ixteko. Horrek agerian uzten du, beraz, ezinbestekoa dela politika klimatikoak ikertzen jarraitzea, neurri eraginkorrenak identifikatzeko eta karbono-isuri txikiko teknologien hedapena eta garapena sustatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia