Klimaren eta biodibertsitatearen krisia bereizezinak dira eta biei batera egin behar zaie aurre
2023/04/24 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Klima-aldaketak eta planeta osoko biodibertsitatearen galerak okerrera egiten jarraitzen dute; eta bi krisiak elkarren artean loturarik ez duten bi hondamendi desberdin balira bezala aztertzen dira askotan. Akatsa da hori, Nazioarteko ikertzaile talde batek Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu duenez; ikuspegi hori aldatzeko eskatu dute artikulu horretan, biak guztiz lotuta daudelako eta biei batera aurre egin behar zaielako. Eta erakundeen arteko lankidetza eskatu dute, krisi bikoitz horren atzean dauden egungo sistema ekonomiko eta politikoak lehenbailehen eraldatzeko.
“Homo sapiensak berak eragin duen krisi klimatikoa da, ziurrenik, gizakiak bere 300.000 urteko historian gainditu beharko duen erronkarik handiena”, adierazi du Hans-Otto Pörtner irakasleak. Pörtner beroketa globalaren inpaktuei buruzko ezagutzaren egungo egoera ebaluatzeaz arduratzen den Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Paneleko (IPCC) II. Lantaldeko presidentekidea da 2015az geroztik, eta haren esanean, “aldi berean, beste krisi bat sortzen ari da, ia oharkabekoa, baina bestea bezain arriskutsua: planeta osoko landare eta animalien espezieen galera dramatikoa. Bi hondamendi hauek —krisi klimatikoa eta biodibertsitatearena— elkarren mendekoak dira, elkarren osagarri, eta horregatik ez genituzke behin ere bereizitako aztergaitzat jo behar».
Lan honetan bi krisien arteko loturak argitu dituzte, baita bi hondamendiei aurre egiteko eta dagoeneko gizartean dituzten inpaktu izugarriak arintzeko soluzioak proposatu ere: adibidez, isurpenak murriztea, ekosistemak babestea, lurzoruaren erabilera adimentsuki kudeatzea.
Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko Unai Pascual ikertzailea artikuluaren egileetako bat da. Hark azaldu duenez “giza-jarduerek gure planetako lurrazalaren % 75 eta itsasoko uren % 66 inguru aldarazi dute, ugaztunen biomasaren % 80 eta landare-biomasaren % 50 inguru galdu da, eta giza-historiako beste edozein garaitan baino espezie gehiago daude galtzeko arriskuan”. Eta Pascualek gaineratu duenez, “beroketa globalak eta habitat naturalen suntsipenak, biodibertsitatea galera ez ezik, organismoek, lurzoruek eta sedimentuek karbonoa biltegiratzeko duten gaitasuna ere murrizten dute, eta krisi klimatikoa larriagotu”.
“Ingurumen-krisi bikoitz honek begi-bistako eragina du dagoeneko gizartean, maila askotan, eta mundu osoan zaurgarriak diren giza-taldeen ekitatea eta egokitzeko gaitasuna okertu dute bereziki”, dio Pascualek. “Klima-aldaketaren aurkako babesa eta biodibertsitatearen kontserbazioa batera jorratu behar dira, eta historikoki planeta hozten eta egungo biodibertsitate globala hein handi batean babesten lagundu duten tokiko komunitateei eta herri indigenei abantaila sozialak eskainiko dizkieten esku-hartze politikoak behar dira”.
Hans-Otto Pörtnerrek ahalegin global bateratuak instituzionalizatzeko eskatu du: “Ez ditugu lortuko 2030erako eta 2050erako biodibertsitateari, klimari zein jasangarritasunari dagozkien helburu global berriak, erakundeen arteko lankidetza sendoago ez baldin bada. Testuinguru honetan, ikuspegi globala behar dugu lehenbailehen, helburuak lortzeko itxaropena baldin badugu oraindik”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia