Klimaren gora-beherak
1995/04/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aurreko otsailean Iruñeako gasolindegi batean nengoela bertako langileak zera esan zidan: “daukagun tenperatura epel hau ez da normala; inguruko mendi-muturretan ez dago elurrik; dudarik gabe klima aldatu egin da.”
Era honetako berriak etenik gabe jasotzen ari gara telebista, irrati zein egunkarietatik. Gainera, askoren esanetan, Holandako uholdeek eta Espainiako hegoekialdeko lehorteak eta basamortutzeak egiaztatu besterik ez dute egiten arestian esandakoa.
“Elhuyar. Zientzia eta Teknika” aldizkariaren 69. alean berotegi-efektuaren inguruko xehetasunak aztertu ziren. Ordurarte zeuden datuak analizatuz gerta zitezkeen ondorio batzuk aipatu genituen, hala nola, itsasoko ur-mailaren igoera, munduko zenbait lekutan klima aldatzea eta fotosintesia areagotzeagatiko landareen hazkunde erraldoia.
Dena den, artikulu hartan aipatutako ondorioak XXI. mendean kokatzen genituen. Beraz, aurreratu egin ote zaigu klima-aldaketa? Klima-aldaketarako oinarriak gero eta sendoagoak direla baiezta daiteke, batez ere, karbono (IV) oxidoaren emisioak balaztatzeko asmoak ikusten ez direlako.
Dena den, klima-aldaketak ez dira berehalakoak izaten eta faktore eragileen artean erregai fosilen errekuntzagatiko atmosferan zenbait gasek izandako hazkundearena baldin bada aipagarriena, klimarekin zerikusia duten hainbat arazok beste argibide batzuk ere eduki ditzake.
Holandan lur asko dago itsasoari irabazita, horretarako dikeak eta murruak erabili direlarik. Beraz, Holandako lurren zati batek itsas mailarekiko duen altuera zero da eta hortaz, euri-urek itsasoratzeko behar duten denbora beste leku batzuetan baino handiagoa da. Urte askotan ez da arazorik gertatu, baina holandarrek ongi dakite itsasoari hainbeste lur kentzeagatiko zerga noizean behin ordaindu egin behar dutela.
Hegoameriketan eta Asiako hegoekialdean klima-aldaketa bortitzak jasaten dituzte. Leku horietako herrialde tropikaletan euri-jasa basatiekin batera lehorte handiko bolarak izaten dira.
Azken ikerketen arabera aldaketa klimatiko horiek Peruko mendebaldeko itsas uretan gertatzen den gertakizun batekin loturik daude. Gertakizun horri “El Niño” deitzen zaio. Zazpi urtetik behin leku hartako urak berotu egiten dira eta ondorioz jangaietan aberatsa den ura pobretu egiten da. Plankton-produkzioa asko murrizten da eta honekin batera arrantza ere bai. Gehienetan urtebete irauten du, baina batzuetan uste baino gehiago luzatzen da. Mende honetan hiru alditan hiru urteraino luzatu da.
Azkena gaudeneko hamarkadan gertatu da eta ondorioak Peru-ko arrantzan baino areagokoak izan direla estimatzen da. Peru-ko eta Ekuador-eko kostaldeko ekaitzak eta lubiziak, Brasil-go iparrekialdeko eta Indonesia-ko lehorteak, Sydney-ko suteak eta Europako mendebaldean joan den urtean gertatutako eurite eta uholdeak “El Niño”rekin lotura dutela pentsatzen da.
Mediterranioko leku batzuetan gertatzen ari diren basamortutzeak, zenbait kasutan uzta batzuk lantzeko moduarekin lotuta daude. EEEk zitrikoen produkzioa asko sustatzen duenez, nekazariek uzta intentsiboetara gero eta gehiago jotzen dute. Negu aldean, laranjaondoak ez izozteko enborrak maiz ureztatzen dituzte. Eginkizun horretarako behar den ura lur azpitik ateratzen da, baina lur azpitik ateratzen den ura lurrak berak berreskuratzen duena baino handiagoa denez itsas ura gero eta gehiago ari da sartzen geruza freatikoan. Honen ondorioz, lurrak gazitzen ari dira eta uztarako baliogabe geratzen. Basamortutako lurren eraginez leku horietako klima alda daiteke.
Ikusten denez, klima-aldaketan poluzio-faktoreekin batera, lurrak lantzeko gizakiak dituen ohiturak eta ongi ezagutzen ez diren faktore naturalak daude. Faktore naturalak, maiztasuna duten neurrian, oinarri informatikoak erabiliz azter daitezke eta ateratako ondorioetatik zein produktu erein eta zenbati buruzko aholkuak eman daitezke, horrela lehorte-garaia aurrikusten bada uzta-mota bat aholka daiteke nekazariei eta eurite-garaia aurrikusten bada beste uzta-mota bat.
Argudio hauekin ez dugu poluzioaren erantzukizuna gutxietsi nahi, arazoaren ikuspegia zabaldu baizik. Gainera, klima orokorrean hartzea baino mikroklimari buruz hitz egitea egokiago da, aldaketak lekuz leku gertatzen baitira.
Analisia ahalik eta zuzenena izateko lekuz lekuko klima kontutan hartzearekin batera, denbora-tarte nahikoa zabala kontutan hartu behar da.
Hortaz, Iruñeako gasolindegiko lagunak martxoan ikusi zituen mendi-tontorrak elurtuta zeuden eta ohiko neguaren aurrean zegoela ohartuko zen. Holandan gertatutako uholdeak ia ahazturik daude eta ziurren hamarkada-pare batean ez da besterik gertatuko. Espainiako hegoekialdean basoak erretzen segituko dute eta gero eta laranja gehiago landatzen ere bai,...
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia