}

Klimari buruzko gailurra

1999/12/01 Albisu, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Klima-gailurretan, ez dira bertan aurkeztutako ikerketa guztiak behar bezala jorratu eta eztabaidatzen, botere indartsuenek duten estrategian interes geopolitiko eta ekonomikoekin bat datozenak baizik. Horiek dira normalean aitzina ateratzen diren lan-ildoak.

Gaur egun, munduan orduko kontsumitzen den energiatik % 76 inguru erregai fosilen erabileratik datorkigu: % 33 petroliotik, % 23 ikatzetik eta % 20 gas naturaletik. Datorren mendean ezinbestean handitu egingo dira atmosferara egiten diren CO2 emisioak; izan ere, hori ez gertatzeko, sortutako CO2 jaso egin beharko litzateke edo, bestela, erregai fosilen erretzea murriztu.

Oso zaila da sortutako CO2 atzeman eta biltzea, emisio-kopuruak sekulakoak baitira, beste poluitzaile batzuekin, SO2-rekin esate baterako, gertatzen ez den bezala. Sortuko litzatekeen masa horrek ere izugarrizko bolumena hartuko luke eta biltegi ikaragarriak egokitu beharko lirateke CO2 sortzen den leku guztietan. Zentral termikoetan ezezik, automobiletan ere jarri beharko lirateke biltegiak, eta horrek ideia zentzugabea dirudi.
Zentral termikoetan sortutako CO2 hori neurri batean bederen deusezteko modu batzuk aztertu dira. Hauxe litzateke modu horietako bat: soberan dagoen CO2-a agortutako metano gasen hobi zaharretan injektatzea, Holandan eta Ipar Itsasoan daudenen antzekoetan, esate baterako. Beste bide bat itsasoan, gutxienez 1.500 metroko sakoneran, injektatzea da, han disolbatu eta azalera ateratzen ehunka urte pasako direlakoan. Proiektu hori oraindik ez da bideragarria, oso garestia izango bailitzateke CO2 garraiatu eta sakonera handiko uretan injektatzea.

Ia ezinezkoa da datozen hamarraldietan, oro har, energiaren kontsumoa eta, horrenbestez, CO2 emisioak moteltzea. Egia da herrialde garatuetan industriatik datozen CO2 emisioak txikitzen ari direla, baina herrialde horien ekonomia-garapenak ekoiztutako balio-unitate bakoitzeko gero eta energia gutxiago erabiltzeko aukera ematen duelako gertatzen da hori, eta garapen bidean dauden herrialde gehienetan ez da horrelakorik gertatzen, oraindik ez baitute gainditu energia-kostu handien lehen industria-fasea.

Herrialde gehienetan energiaren kontsumoa handitzen ari da garraio-sektorean: automobilak, itsasontziak eta hegazkinak. Herritarrei erregaiak erabiltzeko asmoa burutik kentzeko xedean erregai horien tasak igotzearen aldeko politika onartzea oso zaila izango da hurrengo hamarraldietan. Horrenbestez, ibilgailuak propultsatzeko metodo berriak asmatu eta merkatura ateratzen ez diren bitartean –hidrogenozko pilen metodoa beharbada–, CO2 emisioak gero eta handiagoak izango dira garraioan, eta hau ukatzea, gezurretan aritzea litzateke.

Orain dela gutxi arte, gas naturalaren baliabideak urriak zirela uste zen, baina azken urte hauetan metano izoztuaren biltegi izugarriak aurkitu dira kontinenteko eta kostaldeko lurralde zabal batzuen zorupean. Nolanahi ere, geografia aldetik askoz ere hobeto banatua dagoen baliabidea da ikatza oraindik ere eta, oraingoz, seguru asko haren erabilera ez da jaitsiko garapen bidean dauden Txina edo India bezalako herrialdeetan. Petrolioari dagokionean, gero eta erreserba gehiago aurkitzen ari dira miaketa-teknikak hobetu direlako. Halatan, epe luzera petrolioaren prezioa jaitsi egingo da, aurretik sumatu ezin diren izaera geopolitikoko beste faktore batzuk tartean sartzen ez badira behintzat.

Datozen urteetan Kioto eta Bonn-eko gailurretan hitzartutako % 5eko murrizketa hori baino ez badute bideratzen, eredu klimatikoen arabera, inolako neurririk hartu ez balitz aurreikusitako igoera baino gradu-hamarrena txikiagoa izatea baino ez litzateke saihestuko.

CO2 emisioak gehitzeak ekarriko dituen ondorioak direla-eta, dagoen ezkortasuna ez da objektiboki erabat justifikatua hainbat ikerketa aztertzen baditugu. Alde batetik, itsasoaren, landaretzaren eta atmosferaren artean transferentzia-fluxuek nola erreakzionatuko duten ikusteko dago. Litekeena da kontzentrazio atmosferikoaren igoera eta emisioen gehitzea bat ez etortzea eta espero dena baino askoz ere txikiagoa izatea. Bestalde, Lurrak dagoeneko ezagutu ditu atmosferan orain baino CO2 kontzentrazio handiagoa zegoen garaiak, eta biziaren garapenerako ez dira kaltegarriak izan. Berotegi-gasak gehitzearen ondorioz klimak berotzen (edo hozten) badira, gizakiak jarraituko du existitzen. Batzuei ondo etorriko zaie eta beste batzuei okerrago.

Gaia oso konplexua dugu, hori bistan da, baina arazoak errotik konpontzeko benetako ausardia behar-beharrezkoa izanik, botere politiko eta ekonomikoen tinkotasuna exijitu beharrean gaude. Gainera, horretarako estrategia geopolitikoa zuzentzen duten interes ekonomikoak aztergai izan beharko genituzke, ez gaitezen engainatu, hor dago eta benetako gakoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia