Kobako hartzak bidea ireki du
2005/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kobetan aurkitutako aztarnak sekuentziatzeko zailtasun handiak izaten dira, batez ere beste bizidun batzuen DNArekin kutsatuta egoten direlako. Bada, orain, lortu dute duela 40 mila urteko kobako bi hartzen hezurdurako DNA-zati batzuk sekuentziatzea. Horretarako, normalean lehenengo egiten den pausoa baztertu dute —polimerasarekin DNAren kopiak egitea, alegia—, eta zuzenean sekuentziatzeari ekin diote.
Sekuentziatutako zatiak txakurraren genomakoekin konparatu dituzte hartzarenak gainerakoetatik bereizteko. Hala, sekuentzien % 6 kobako hartzarenak zirela azaldu dute ikerketa egin duten Californiako ikertzaileek.
Bide horri jarraituz, kobetan aurkitu diren beste aztarna batzuk ere sekuentziatuko direla etorkizunean espero dute, hala nola, neardenthalarenak, nahiz eta horretarako beste oztopo batzuk ere badiren.