}

Kobazuloetako irudiak eta soinua

1993/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Barruan prehistoriako irudiak marraztuta dituzten kobazulo batzuetan, halako erlazioren bat badago irudien kokalekuaren eta bertako soinu-ozentasunaren artean. Leku batean soinu-ozentasuna zenbat eta handiagoa izan, bertan marrazki eta ikurrak aurkitzeko probabilitatea hainbat eta handiagoa da.

Parisen Nanterreko unibertsitatean diharduen Iegor Reznikoff irakasleak hori frogatu nahian sistema bat prestatu du. Kobazuloan ahotsaz eta entzumenaz baliatzen da, eta batzuetan diapasoiaz eta sonometroaz ere bai, barneko zokoetan ozentasun handiena non dagoen detektatu nahian. Gero, soinu-mapa irudien kokalekuekin konparatzen da.

Probak eginak dituzte Ariege eta Euskal Herriko kobazuloetan, eta soinuaren eta irudiaren artean harremana dagoela frogatua dute. Azkenaldian Yonne ibai inguruan Arcy-sur-Cure-ko kobazulo prehistorikoetan ibiliak dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia