}

Kobre Aroan Iberian gizarte-estatus handiena zuena emakumezkoa zen

2023/07/06 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kobre-aroan-iberian-estatus-handiena-zuen-pertsona
Arg. Miriam Lucianez Trivino.

Kobre Aroan Iberian ezagutzen den gizarte-estatus handiena zuen pertsona emakumezkoa zen, orain arte uste zenaren kontrara. Metodo berritzaile bat erabiliz, hortzetako esmalteko peptido bat aztertuta, frogatu ahal izan dute pertsona hura emakumezkoa zela. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.

Pertsona haren hondarrak Valentziako hilobi batean aurkitu zituzten, 2008an. Duela 3.200 eta 2.200 urte artekoa da, eta bakarrik hilobiratua egotez gain, objektu bitxiz eta baliotsuz inguratua zegoen: elefante-letaginak, ostruken arrautza-oskolak, kalitate handiko suharriak, kuartzozko daga bat… Horrek erakusten du estatus handia zuela pertsona horrek. Ohiko azterketa antropologikoen bidez, 17 eta 25 urte bitarteko gizonezkotzat hartu zuten. 

Orain, ordea, hortzetako esmalteko amelogenina peptidoa aztertu dute. Peptido horren geneak X eta Y kromosoma sexualetan daude, eta peptidoa bera aztertuta jakin daiteke batetik edo bestetik datorren. Gainera, esmaltearen parte izanik, amelogenina ongi kontserbatzen da arrasto arkeologikoetan, bai helduen hortzetan, baita esnekoetan ere. Eta bereziki erabilgarria da haurren kasuan, morfologikoki ezin izaten baita bereizi arrak edo emeak diren. Kasu honetan, AMELX genea identifikatu dute (X kromosomakoa), eta ez dute AMELY generik aurkitu (Y kromosomakoa). Horrela frogatu dute pertsona hori emakumezkoa zela. 

Ikertzaileek azaldu dute oraindik ez dela horrelako estatus-mailarik duen gizonezkorik aurkitu, ezta hurrekorik ere. Aitzitik, antzeko estatusa izan zezakeen beste kasu bat ere, ehorzketa-eremu berean aurkitua, emakumea zen.

Hala, aurkikuntza honek erakusten du emakumeek estatus handia izan zezaketela antzinako gizarte haietan. Gainera, haurren hilobiratzeetan ez denez objektu baliotsurik aurkitu, badirudi gizarte haietan estatusa ez zetorrela jaiotze-eskubideengatik. Hala, ikertzaileek iradoki dute emakume hark merezimendu eta lorpenen bidez hartu zuela estatus hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia