Koipua, Europa konkistatu duen indianoa
1988/04/01 Aizpuru, Maria Luisa - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kastorearen antzeko larrua duen koipuaren inportazioa, haren larrua komertzializatzeko egin zen bereziki. XX. mendearen hasieran animalia honen larrua oso modan jarri zen eta ondorioz Hego Ameriketatik inportatutako animalien hazkuntzari ekin zion zenbaitek. Baina 30. urteko hamarkadako krisia eta Bigarren Mundu-Gerraren ondorioz hazkuntza askok errentagarritasuna galdu egin zuten eta animaliak aske utzi zituzten naturan.
Koipua oso ongi egokitu zen klima hezera eta etsairik ez zuenez, neurriz gain ugaldu zen. Frantzian esaterako, Camargue lurraldean, espezie kaltegarrien artean katalogatua zegoen 60.eko hamarkadan, landaretan egiten zituen kalteengatik bereziki.
Baina aurrera jarraitu baino lehen animalia honen ohiturak eta ezaugarriak azalduko ditugu:
Miocastor coypus espezieko karraskari eta belarjale lodi hau ez da ez arratoia eta ez kastorea, baina bien ezaugarriak heredatu ditu (myos grekoz = arratoia).
Itxuraz myocastor -ak arratoiarekiko duen berdintasun bakarra, bere buztan biribildu eta gorputza bezain luzean datza. Gorputz lodikotea du eta heldua denean 5-10 kg pisa ditzake. Hortz luze marroi-horixkak ditu. Bizitza erdi akuatikora egokitzeko bi ezaugarri nagusi ditu: atzeko hankak kastorearenak edo igarabarenak bezala palmeatuak izatea eta emeak titiak saietsaren goikaldean ia bizkarrean izatea.
Haragiak, gihar eta proteina ugarikoa denez, ez dauka behi edo untxiarenaren inbidiarik. Jadanik zenbait jatetxe izenik bitxienekin proposatzera ausartu da, hala nola "paduretako kastorea", "uretako untxia", "uretako erbia" ...
Ugalketa azkarra
Koipua azkar ugaltzen den espeziea da; urteko 4-7 umaldi izan ditzakete. Heldutasun sexuala 6. hilabete inguruan lortzen dute. Sakonera gutxiko ibai lasai eta landaredi aberatseko ibaiertzetan bizi ohi dira, 2-5 animalia helduk osatutako familiatan. Ur zikinetan ongi moldatzen direnez, paduretako joera erakusten dute. Jatuna da eta erraz jan ditzake bere pisuaren laurdena adinako landareak egunero. Ur-belarrek, ibai-mugetako soroetako landareek (artoa bereziki, garia, garagarra) lekariek eta barazkiek osatzen dute bere dieta.
Maila batetik gorako populazioa osatzen dutenean, kalte nabariak egiten dituzte landaretzan udazken-neguan landaredia ahulago den garaian batipat.
Axeriek eta txakurrek nekez eraso diezaiekete igerilari trebe hauei. Koipuaren etsairik nagusiena hotza da. Neguan animalia asko aurkitu ohi da buztanik edo behatzik gabe, izotzaren ondorioz galdu dituelako.
Nekazaria maiz ehiztaria izan ohi bada ere, ez du ehiza arbuiagarri honetarako zaletasun handirik erakutsi. Mesprezu ulergarria bestalde; zaila bait da harrapatzea eta gauez bait du aktibitaterik handiena.
Frantzian basapiztitzat hartua
Frantzian animalia hauen kontrako erasoa Dekretu bidez arautua dago. Izan ere, ezinbestekoa gertatu da haiei erasotzea egin dituzten kalteak handitu ez daitezen.
Departamentu bakoitzak aukeratzen du erasorako biderik egokiena: tranpak ipini edo kimikaz baliatu. Ehizaldiak ere antolatzen dira noizbehinka.
Hala ere eta ekologisten zorigaitzerako, erasoa gehienbat kimikoa izan ohi da. Ekologisten zorigaitzerako esan dugu; izan ere, eraso-mota hau ez zaie ez ekologikoa eta ez egokia iruditzen. Gainera tranpen bidezko eraso naturala bultzatuko balitz, langabezian dauden zenbaitentzat irtenbide polita izango litzateke koipu-ehiza. Zer esanik ez, horrela harrapatutako animalien larrua eta haragia (txakur-janarirako) saldu ahal izango lituzketela kontutan hartzen bada.
Haragiari etekin hobea atera ahal izateko, hau da, pertsonen kontsumorako baliagarria gerta dadin, higiene-kontrol zehatzen arabera akabatu beharko lirateke animaliak.
Koipuak hazten saiatzen direnek hiltegi legeztatuak erabiltzen dituzte eta beraz koipu-haragia pertsonen kontsumorako komertzializatzen dute beste edozein hegaztiren kasuan behar diren baldintza berdinetan. Hala ere hazleek bide luzea egin behar izan dute koipu-haragia pertsonen kontsumorako onartua izatea lortu arte, zeren koipuaren kontrako kimika bidezko erasoekin jarraitzen denez gero, oso kaltegarria gerta bait daiteke animalia basatien eta hazkuntzakoen arteko nahasketa, animalia basati gehienak pozoi bidez akabatzen direlako.
Koipua pertsonen kontsumorako onartua izanak, hazkuntzara dedikatzen direnei posibilitate berria eskaini die, eta beraz, haragi-salmenta larru-salmentari gehitu behar zaion faktore onuragarria gertatu da.
Larrua salgai
Lehen esan dugunez, koipuaren hazkuntza, larrua komertzializatzeko egiten da bereziki.
Bisoiaren antzeko larrua da. Larrua musarratua (bizarrak kenduta) erosten da, baina hileak bere luzeraren erdira utziz. Hile hauek lumatxa babesten dute. Lumatxa trinko eta fin honek ematen dio koipu-larruari ileguritsu itxura hain zuzen.
Koipuaren larruak estimazio handia irabazi du, hazkuntz jatorrietan ezartzen diren baldintzekin lor daitezkeen kolore-aldaketen ondorioz: zuri-champagnea, urdin-zilarra, hori-eztitsua, beltz-ebanoa etab.
Kolore-sorta hau landu zuen lehen artisaua M.Sarhan baratzaina izan zen. Hasieran amateur gisa hasi bazen ere, laster 1948an profesional eran koipuaren hazkuntzari ekin zion Avre ibaiaren ertzean. Sarhan-ek erabili zuen hazkuntzarako teknika, eredu bilakatu da.
Koipuaren hazkuntza garbia da eta ez du usain txarrik zabaltzen. Ez da gainera zaratatsua, ezta poluitzailea ere, eta artisau eran jarraitzen du. Kaioletatik ur-korrontea pasa erazi behar da eta honek itxura alaia eman ohi dio inguruari.
Ibai bat gertu izatea beharrezkoa da eta emari erregularra edukitzea ere bai; animalia eta eguneko 500 litrotik m 3 -rako ur-kantitatea aldatu behar bait da. Uraren tenperatura epel mantendu behar da neguan kaxetako ura izoztu ez dadin. Dekantazio-putzua beharrezkoa gertatzen da, kaxetako ur zikinak ibaia kutsa ez dezan.
Argentina, Louisiana eta Poloniatik inportatzen diren koipu-larruek konpetentzia latza egiten diete hazleei. Hala ere hazkuntz bidez lortzen den kolore-barietatea faktore garrantzitsua da eta etorkizun ezin hobea izan dezakete hazleek kolore-multzo zabalagoa eskaintzea lortzen badute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia